Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak LED teknologia ezarri du artelanak argiztatzeko

Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa-aretoek dagoeneko LED teknologia dute artelanak argiztatzeko. Teknologia horrek nabarmen hobetzen du aretoetako argiztapenaren kalitatea, artelanak zaintzen laguntzen du, erakusketen mantentze-lanak eta instalazio-prozesua errazten ditu eta % 90ean murrizten du elektrizitatearen kontsumoa.

“Zorionekoa naiz, Museoko argiztapen berria erabili duen lehenengo artista izan bainaiz. Nire argazkiak halako kalitatez eta zehaztasunez ikusten ditudan lehen aldia da”. Thomas Struth hitz horiekin aritu zen LED ekipamendu berriei buruz joan den irailean bere atzera begirako erakusketa ireki zenean. Kalitate bikaineko argia proiektatzea eta garaiera handiko hormetan argi-geruza uniformea lortzea dira, hain zuzen, teknologia horren bereizgarri nagusietako batzuk.

Guggenheim Bilbao Museoan LED argiztapena jartzeko proiektua 2017an abiarazi zen, Museoaren XX. urteurrenarekin bat. Helburua pixkanaka-pixkanaka argi halogenoen ordez LED argiak jartzen joatea zen, eta horrenbestez, 2018an ekipamenduok ekoizteko lana esleitu zitzaion Zumtobel austriar fabrikatzaileari. Enpresa hori bere sektoreko liderra da, eta hainbat eraikin entzutetsutako argiztapenaz arduratu da: Erromako MAXXI, Frankfurteko Stadel Museum, Vienako Kunsthistorisches Museum eta Mexiko Hiriko Museo Jumex. Udazken honetan amaitu da Museoko bigarren eta hirugarren solairuetako LED argiztapenaren instalazioa, eta datozen bi urteetan lehenengo solairuan eta hiru solairuetako zirkulazio-espazioetan jarriko dira argiak.

Guggenheim Bilbao Museoak bisitarien esperientzia estetikoa hobetzeko eta iraunkortasuna sustatzeko apustua egin du, eta artelanak argiztatzeko LED teknologia ezartzea bide horretan emandako beste urrats bat da. Izan ere, pentsatzekoa da teknologia hori guztiz instalatzen denean nabarmen murriztuko dela Museoaren karbono aztarna, atmosferara urtean 335 tona inguru CO2 igortzea ekidingo baita.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.