Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak eguzki-panelak instalatu ditu bere teilatu lauetan

Ingurumen-jasangarritasuna funtsezkoa da Museoaren plan estrategikoan: xedea da 2023rako klima neutraltasuna lortzeko bidean aurrera egiteko urratsak ematea

Guggenheim Bilbao Museoak eguzki-panelak instalatu ditu bere teilatu lauetan

Guggenheim Bilbao Museoak bertako teilatu lauetan 300 eguzki-panel instalatzeko proiektua aurkeztu du gaur. Panel horiei esker, % 5 inguru aurreztuko da Museoaren kontsumo elektrikoan, eta erakusketa-areto guztien argiztapen-beharrei erantzungo zaie.

Eguzki-panelak eraikinaren bi estalkirik zabalenetan kokatu dira. Hortaz, ez dira kaletik ikusten, eta eraikinaren arkitekturan integratuta geratu dira. Eraikinaren berezitasun arkitektonikoa kontserbatzea erronka handia izan da proiektuaren garapenean. Hori dela eta, Frank Gehry arkitektoaren eta Bilboko Udalaren oniritzia jaso dugu aurretik plaken diseinua erabakitzeko orduan —beste elementu batzuekin bat etorri behar baitu (hala nola argi-zuloekin).

Guggenheim Bilbao Museoko instalazioetan eguzki-panelak instalatzeko proiektua osatu da horrela. Proiektua aurtengo urtarrilean hasi zen, Museotik kanpo dagoen biltegian 90 plaka fotovoltaiko jarri zirenean. Plaka horiek eraikin horren guztizko elektrizitate-eskariaren % 30eko ekarpena egiten ari dira batez beste, eta, egun eguzkitsuetan, biltegiko behar elektriko guztiak betetzen dituzte.

Museoko teilatu lauetako instalazio fotovoltaikoa 2024–2025 aldiko ingurumen-jasangarritasuneko planean jasotako ekintzetako bat da, zeinak 2030ean karbono-neutraltasuna lortzeko bidean aurrera egiteko konpromisoa jasotzen baitu. Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen Europako NextGenerationEU diru-laguntzekin finantzatutako proiektua da.

2024–2025 aldirako Ekintza Planean jasotako beste ekimen batzuk

Karbono-aztarna neurtzea

Karbono-aztarna —zeharkako emisioak barne— neurtzen duen eta neurketa hori publiko egiten duen lehen museoa da Guggenheim Bilbao Museoa. Hain zuzen ere Museoak 2019az geroztik egiten dituen ekimen nagusietako bat da, eta neurketaren irismena handitzen ari da pixkanaka.2022. urteaz geroztik, erakusketa guztien karbono-aztarna osoa kalkulatzen da, logistika eta museografia barnean hartuta.

2023. urtean, Museoaren aztarna 2561,84 tona CO2 izan zen. Horrek esan nahi du % 12 murriztu dela aztarna, 2019–2022 aldiko urteko neurketen batezbestekoarekin alderatuta, abian jarri diren neurrien ondorioz. Azken helburua da biurtekoaren amaieran Museoaren jarduera osoaren zuzeneko eta zeharkako emisioak kalkulatzea, ekitaldiak, programa publikoak eta jatetxearen eta dendaren jarduera barnean hartuta.

Museoak erosten duen energia elektrikoaren % 100 jatorri berriztagarrikoa da

2024ko ekainaren 1etik aurrera, Museorako erosten den energia elektrikoaren % 100ak jatorri jasangarria du, eta, horri esker, Museoaren karbono-aztarna heren bat baino gehiago murriztuko da.

Tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko parametroak malgutzea

Museoak % 35 murriztu du gas-kontsumoa, eta % 6 elektrizitatearena, 2022an tenperatura eta hezetasun erlatiboa kontrolatzeko kanpoko baldintzetara hobeto egokitutako parametroak aplikatzen hasi zenetik. Urte horretatik aurrera, Museoa da artelanen prebentziozko kontserbazioaren estandarren aldaketa horren liderra nazioartean, eta horrek eragin handia du museo-erakunde handien CO2 gasaren isurketetan.

2024ko azken hiruhilekoan, Museoak are neurri handiagoan malgutuko ditu erakusketa-aretoetako hezetasun erlatiboaren parametroak, honako erakunde hauen gomendioei jarraikiz: ICOM – Museoen Nazioarteko Kontseilua, IIC - International Institute for Conservation of Historic and Artistic Work eta International Group of Organizers of Major Exhibitions (edo Bizot Group).

Museografia eta logistika jasangarriak

Museoak erakusketen eszenografietarako material ekologikoagoak ikertzen eta testatzen jarraitzen du. Aurten, formatu txikiko Artea ikasbide erakusketan, pintura biodegradagarria eta zur-zuntzezko taulak (% 100ean birziklagarriak) erabili dira lehen aldiz, eta emaitza positiboak izan dituzte. Biurtekoan hainbat material probatzen jarraituko dugu, erakusketen eszenografietan erabilitako elementu guztiak berrerabili eta/edo birziklatu ahal izateko.

Era berean, Museoak alokairuko enbalajeen erabilera areagotuko du (kaxa eraiki berriak erabili ordez), baita erakunde batetik bestera eramaten diren obren lekualdaketaren eta instalazioaren ikuskapen birtuala ere. Teknologia hori 2020an ezarri zen, eta langileen joan-etorriak murriztea ahalbidetzen du.

Erakusketak eta hezkuntza

2025. urtearen amaieran, Museoak Lurraren arteak izeneko erakusketa inauguratuko du. Erakusketa horren helburua da ekosistemekiko eta arteak ekosistema horiek birroneratzeko eragile gisa izan dezakeen eginkizunarekiko kontzientzia bultzatzea; arteak lurzoruari, baliabideei eta biotopoei eragiten dien aldetik. Erakusketak azken hamarkadetan ingurumena gaitzat hartuta garatu den nazioarteko artearen berrirakurketa planteatzen du: 1970etik orain arteko lan historikoak biltzen ditu, eta hainbat baliabide aztertzen ditu, hala nola eskultura, instalazioa, argazkia, mugimendudun irudia eta performancea. Kasu gehienetan, artelanek tokiko fabrikazioko elementuak izango dituzte, eta lurreko eta hurbileko garraioak bultzatuko dira. Jasangarritasunaren esparruan aitzindariak diren artistekiko eta diseinu-estudioekiko kolaborazioez gain, lurraldeko birsorkuntza ekologikoarekin konprometitutako tokiko erakundeekiko sinergiak bilatuko ditu erakusketak.

Erakusketaz gain, datozen hilabeteetarako programazio artistikoak, hezkuntza-jarduerek eta programa publikoek ingurumen-jasangarritasunarekin zuzenean lotuta dauden elementuak eskainiko dituzte: tailerrak, hitzaldiak, sormen-saioak, adituekiko solasaldiak eta ikastaro espezifikoak, klimaren gaiaren inguruko hainbat alderdi azalduko dituztenak.

2024–2025 aldirako Ekintza Planak sendotu egin du Guggenheim Bilbao Museoak ingurumenaren zaintzarekin duen konpromiso irmoa. Ildo horretan, Museoa ahalegin handia egiten ari da trantsizio ekologikoan oinarritutako teknologiak eta metodoak ezartzeko. Trantsizio horren bidez, energiaren eta lehengaien kontsumoak murrizten, birziklatze- eta zirkulartasun-proiektuak garatzen eta bisitariak eta haien komunitatea sentsibilizatzeko jarduerak sustatzen lagundu nahi dugu.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.