Prentsa oharra

Uniforme aldaketa

Guggenheim Bilbao Museoak uniformeak aldatuko ditu Hamargarren Urteurrenerako

Bisitariari arreta egiten dioten langileek “irudi berritzaileago bat erakutsiko dute, Museoaren forma uhinduekin bat egiten duena” urriaren 5etik aurrera

Hamargarren Urteurrena ospatzeko ekintzen artean Guggenheim Bilbao Museoak bisitariei arreta ematen dieten pertsonen irudia eraberritzea erabaki du eta honela, gaurtik aurrera, uniforme berriak eramango dituzte. Guggenheim Museoaren langileen jantzien diseinuaren arduraduna Esther Viguria García-Vaquero diseinatzailea izan da (Donostia-San Sebastián, 1967), eta denboraldi honetako modan nagusi izan den joeretako bat jarraitzen du: bolumenaren eztanda.

Euskal diseinatzaileak Museoa estaltzen duten titaniozko xaflak hartu ditu inspirazio iturri gisa eta horien azalera uhindua oinarritzat hartuz “bolumen efektua” duten gaur-gaurko patroiak sortu ditu: neskentzat puxika-soinekoak beste jantziei gainjarrita eta pintzadun galtzak mutilentzako. Ondorioz neska-mutilek abangoardiako look bat izango dute, egun modan dauden joeretara egokitua.

Uniformeen kreazioak apaintzeko Esther Viguriak Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman dauden euskal artisten artelanak hartu ditu inspirazio iturritzat —esate baterako Eduardo Chillida edo Jorge Oteiza—. Honela, beige koloreko motibo geometrikoak inprimatzen dira jantzien atzealde beltzaren gainean. Gainjarritako motibo hauen kolorea “Museoko fatxadaren kareharriaren kolorearekin bat dator”.

Uniformeen deskribapena

Neskek puxika formako soineko retroak eramango dituzte tirante zabalekin, bular azpian estutzen direnak. Soinekoaren azpian kotoizko elastikoa nahiz lepo luzeko puntuzko jertsea eraman daiteke.

Janzkia leggins beltzekin, artilezko bolero jaka beltzarekin eta “bailarina” delako zapata beltzekin osatzen da.

Mutilek berriz pintzadun galtza beltzak eta kotoizko elastiko beltza eramango dituzte, azken hau beige koloreko motibo geometrikoekin apainduta. Mutilen uniformeak jaka beltza ere badu, elastana duen poliesterrezko ehunez egina. Ebakiera zuzena eta itxura modernoa du jakak, kremailera alde batean duela. Neska nahiz mutilen uniformeak Hamargarren Urteurrenaren logoarekin pertsonalizatuta daude.

Esther Viguriak bere ogibidean duen ibilbide luzean aipatzekoak dira besteak beste Bodegas Herederos de Marqués de Riscal upelategietarako edo Arguiñano sukaldariak Zarautzen duen jatetxerako diseinatutako uniformeak.Bilbo, 2007ko urriak 4

Eman izena Guggenheim Bilbao Museoko prentsa arloan Hamargarren Urteurrenari buruzko informazio guztia jaso nahi baduzu.
www.gubilbao.com/prensa/eu/prensa.asp

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.