Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoa Gallery Climate Coalition - GCC erakundearen Kide Aktibo gisa berretsi dute

2023an, museoen sektorean ingurumen-inpaktua murrizteko lanean diharduten artearen arloko erakundeen nazioarteko komunitate horretako Kide Aktibo izendapena lortu zuen lehenengo museoa izan zen espainiar estatuan

Guggenheim Bilbao Museoa “Kide Aktibo” izendatu du berriro ere Gallery Climate Coalition erakundeak, Museoak 2023an ingurumen-inpaktua murrizteko egindako lana aitortuta. GCCk positibotzat baloratu ditu, besteak beste, Museoaren ekintza hauek:

  • 2024an zehar ezarriko den argiztapen dinamikoko proiektu baterako prototipo bat garatu izana.
  • 2022ko karbono-aztarnaren neurketa inkrementala egin izana, aldi baterako erakusketetarako irismen handiagoa txertatuta, eta Museoaren urteko afariaren karbono-aztarnaren neurketa ere egin izana.
  • Eguzki-panelak instalatu izana Museoaren kanpoko biltegian, eta Museoan beste instalazio bat jartzeko proiektua edukitzea.
  • Erakusketa-aretoetan ingurumen-parametroak malgutu izana; horren ondorioz, % 30eko energia-aurrezpena egin da gas naturaletan eta % 10ekoa klimatizaziorako elektrizitatetan.
  • Eraikin osoan LED argiak jarri izana.
  • Museoko urmaeletan ur-galerak murriztu izana.
  • Ibilgailu elektrikoentzako karga-estazioak instalatu izana Museotik gertu.

Gallery Climate Coalition- GCC museoen sektorean ingurumen-inpaktua murrizteko lanean diharduten erakunde artistikoen nazioarteko komunitatea da. GCCren helburu nagusia 2030erako CO2 isuriak % 50 murriztea eta zero zaborra sustatzea da. Kide izaera lortuta, Guggenheim Bilbao Museoa espainiar estatuko lehenengo museoa da nazioartean ingurumen-arloan aurreratuen dauden museoak —esaterako MoMA eta TATE— biltzen dituen komunitate horretan parte hartzen duena.

Gallery Climate Coalition erakundeko “Kide Aktibo” izendapena berretsi izanak indartu egiten ditu Museoak ingurumen-jasangarritasunarekin hartua duen konpromisoa eta 2030ean klima-neutraltasuna lortzearen alde egina duen apustua.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.