Prentsa oharra

Gabriel Erkorekaren Hamar musika lana

Gabriel Erkorekak Hamar izenburua duen musika lana egin du Guggenheim Bilbao Museoaren Hamargarren Urteurrenerako

Zazpi musikarik 30 minutuko musika pieza hau areto ezberdinetan joko dute azaroaren 10, 11, 17 eta 18an, hiru saio ezberdinetan

Guggenheim Bilbao Museoak bere Hamargarren Urteurrena ospatzen duela-eta Gabriel Erkoreka euskal musikagileak Hamar izenburua duen musika pieza egin du Museoaren barruko toki jakinetan jotzeko sortua musika-instalazioa bailitzan, eta urteurrena Museoko bisitariekin batera ospatzeko asmoarekin.

Hamar-ek 30 minutuko iraupena du eta zuzenean zazpi musikarik (piccoloa, klarinetea, tronpeta, tronboia, biolina, biolontxeloa eta perkusioa) osatutako talde batek azaroaren 10, 11, 17 eta 18an jotzeko sortua izan da. Egunean hiru emanaldi eskainiko dira, Museoa irekita dagoen orduetan, bisitariek musika pieza ezezagun honekin goza dezaten.

Kontraste jokoa
Hamar ongi ezberdintzen diren hamar minutuko hiru saiotan banatzen da, etenik gabe jotzen direnak. Lan honek Museoaren txoko desberdinak arakatzen ditu eta bertako Bildumaren artelanekin hizketan hasten da. Artelan horiei soinu dimentsio bat emanez eta hor daudela azpimarratuz, musikak espazioari buruz ohartarazten gaitu.

Espazioaren parametroak musikak, hau da, kontraste joko landu batek (mugimendu, altuera eta iraupen desberdinetan aplikatuak eta muturrera eramanda, Museoaren bolumenei dramatismo handiagoa ematen dienak) indartzen ditu eta bertan islatzen dira.

Hamar-en espazio- nahiz denbora-anbiguotasunak ezartzen dira, entzumen perspektiba anitzak sortuz, entzulearen edota musika-jolearen leku aldaketek hartzen dituzten espazioei dimentsio berri bat ematen dizkietenak. Horregatik, zazpi soinu iturritatik sortutako beste hainbeste entzumen plano desberdintzen ditu, entzumenekoa eta ikusmenekoa denaren artean paralelotasun bat ezarriz. Izan ere, zazpi dira baita ere giza begiak aldi berean antzeman ditzakeen koloreak.

Lanaren hasieran jotzaile bakoitza Museoaren Atrioko puntu ezberdinetan kokatzen da: musika tresna zorrotzak leku altuetan ipintzen dira eta baxuak beheko solairuan, altuera eta distantzia areagotuz. Lehenengo saio honetan ez dago partitura orokorrik, independenteak diren eta denbora-seinaleak dituzten zatiak baizik. Perkusioak, hemen eta lan osoan zehar, saio ezberdinakantolatzeko seinaleak emateko funtzio gehigarria ere du, eta horiek musika-jotzaile guztiek entzuten dituzte edonon daudela.

Bigarren saioan, musika tresnak korridoreetatik eta aretoetatik mugitzen dira jotzen dituzten bitartean, bisitariekin nahastuz, eta arkitektura espazioen bat-bateko aldaketei musikarekin erantzuten diete. Batzutan bikoteak, hirukoteak eta laukoteak sortzeko elkartzen dira eta musikak ordena itxura handiagoa hartzen du, nahiz eta poliedrikoa izan, collage akustiko bat sortuz.

Hirugarren saioa Richard Serraren Denboraren materia aurkitzen den aretoan jotzen da. Musika tresnak eskulturen barruan edo inguruan kokatzen dira, bertako erreberberazio ezaugarriak arakatuz. Honela, denbora tarte batez sakabanatu egiten dira perkusioak Museoaren Atrioan elkartzera deitzen dituen arte, bertan lana sinkronizaturik amaituz.

Gabriel Erkorekaren hitzetan: “Hamar-en mugimendua eta aldaketa dago. Musika taupakada dabil, arnasa hartzen dago, bizirik dago... Honela soinu iturriak era zikliko eta etenean aurkako muturren inguruan garatzen dira: urruntasunetik hurbiltasunera, hutsetik betetasunera, isiltasunetik soinura. Eta espazioan nahiz denboran egiten dute.”

Egunak eta orduak:
Azaroak 10, 16:00, 17:00 eta 18:00etan
Azaroak 11, 15:00, 16:00 eta 17: 00etan
Azaroak 17, 16:00, 17:00 eta 18:00etan
Azaroak 18, 16:00, 17:00 eta 18:00etan

Musika jotzaileak:
Andrea Cazzaniga (biolina eta musika zuzendaritza)
José Rafael Climent Pineda (klarinete baxua)
Ainhoa Gutierrez Ortega (perkusioak)
Iker Marañon Guillan (tronboia)
Santiago Marco Armingol (tronpeta)
Elva Trullén Alvarado (biolontxeloa)
Pedro José Vela Sanchez (piccoloa)

Zuzendaria: Gabriel Erkoreka
Musika Zuzendaritza: Andrea Cazzaniga

Bilbo, 2007ko urriaren 15a

Eman izena Guggenheim Bilbao Museoko prentsa arloan Hamargarren Urteurrenari buruzko informazio guztia jaso nahi baduzu.
www.gubilbao.com/prensa/eu/prensa.aspBiografia. Gabriel Erkoreka

Gabriel Erkoreka Bilbon jaio zen 1969an. Juan Cordero eta Carmelo Bernaolarekin ikasi zuen J.C. de Arriaga Goi-mailako Kontserbatorioan eta J. Guridi Goi-mailako Musika Eskolan. Sari ugari lortu zituen konposizio, piano eta kamara-musika arloetan. 1995ean Londresko Royal Academy of Music-en sartu zen eta bertan graduondoko konposizio ikasketak egin zituen Michael Finnissyrekin. RAM bikaintasun Diploma eta Londresko Unibertsitateko masterra bereizgarritasunarekin jaso zituen.

Bere lanak 2004ko Veneziako Biennalean, Vienako Musikvereinen, South Bank Centre, ICA, Spitalfields Festival-en, eta Londresko Wigmore Hall-en; 1998an Manchesterren ospatu zen ISCM World Music Days-en, Amsterdamgo Muziekgebouw aan t’IJ-en; Tokyoko Toru Takemitsu Festival-en, Sydneyko Musika Berrien Jaialdian; 2007ko New Yorkeko Symphony Space eta New Paths in Music Festival-en eta Chicagoko Crown Hall-en; Perpignango ‘Aujourd’hui Musiques’ Jaialdian; Alikanteko Nazioarteko Jaialdian, Madrilgo Auditorio Nacional de Música-n eta Teatro Monumental-en jo izan dira adibidez.

Erkorekak bere lanengatik sari ugari jaso ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira: 1996an SGAEk emandako Lehen Saria; 1999an Eusko Jaurlaritzak emandako Saria; Josiah Parker Prize saria eta Royal Academy of Music-eko beste sari batzuk. 2001ean Erromako Saria lortu zuen, baita INAEMek emandako Konposizio Saria eta Parisko Espainiako Eskolak emandakoa ere. RNEk UNESCOko Musikagileen Nazioarteko Tribunan eta Gaudeamus Music Week-en parte hartzeko hautatu zuen. Duela gutxi Hong Kong-eko ISCM Festival 2007-n parte hartzeko aukeratua izan da.

INAEM-en, SGAE-ren, Amsterdamgo N ieuw Ensemble-ren, Hannoverko Biennale für Neue Musik-en, Royal Academy of Music Symphony Orchestra-ren, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren, Donostiako Musika Hamabostaldiaren, Valentziako ENSEMS Jaialdiaren eta bere 10. urteurrena dela-eta Guggenheim Bilbao Museoaren eskariak jaso ditu. 2001–2002 denboraldian JONDEko musikagile egoiliarra izan zen.

2001ean Royal Academy of Music (ARAM)-eko ohorezko kide elkartua izendatu zuten eta orkestrazio eskolak eman zituen. Era berean, hitzaldiak eman ditu Bilboko XX. mendeko Musika Jaialdian, Madrilen CDMCk antolatutako Musikagile Gazteen Topaketetan, eta Londres Chicago eta Manchesterreko Cervantes Institutuetan. Londresen bizi da gaur egun eta konposizio irakaslea da MUSIKENE-Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.