Prentsa oharra

Eskuraketak: Irazu, Jauregi, Lazkano eta Serra

Duela gutxi eskuratutako obrak

Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bilduma zabaldu egin da Pello Irazu, Koldobika Jauregi, Jesús Mari Lazkano eta Richard Serraren obrekin, Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L. Edukitzaileak lau artista horien piezak eskuratzea onetsi ondoren.

Guztira hamaika obra dira Bizitza formak 304, 2003 Pello Irazurena; Setioa I, 2003 Koldobika Jauregirena; Patuaren bihurgunea, 2004 eta Infinitua baino askoz gehiago, 2001 Jesús Mari Lazkanorenak; eta Bihurdura eliptiko sinplea, Bihurdura eliptiko bikoitza, OLCR espirala, Eskuma- ezkerra espirala, Punto itsu eskuma, Espiral handia eta Zortzi xaflako pieza, azkenak Richard Serrarenak; Serrak obra hauek 2005ean amaituko ditu.

Pello Irazu (Andoain, 1963), Txomin Badiolarekin batera, 80ko hamarkadaz geroztik Euskal Herriko eta Espainiako eskultura berritu duten funtsezko pertsonaien artean dago.

Bere obra, hasiera batean Jorge Oteiza artistaren ikusmolde intelektual eta eskultorikoari eta minimalismoaren irakurketa formalari estu lotuta bazegoen ere, espazioa hautematen zuen moduan nahiz materialak erabiltzen zituen moduan, eduki sozial handiagoko poetika berezirantz garatu da. Bere ibilbide artistikoan behin eta berriro landu izan duen eta funtsezkoa den gaietako bat etxea habitat gisa da, egunerokotasuna alegia, eta irudi eta eraikuntza abstraktuetan gauzatzen da. Ikuslea artelanean barneratzen du, obraren funtzionamendurako atal garrantzitsu gisa, multzoaren elementu material-espirituala gisa, espazio bizigarria sortzen du eta bertan kanpokoa eta barnekoa nahastu egiten dira eta aldi berean ideala eta kezkagarria den eta funtzionaltasuna galdua duen den leku bilakatzen dira.

Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bildumarako bereziki sortutako 2003ko Bizitza formak 304 instalazioan Pello Irazuk kontzeptu horien guztien aniztasuna laburbiltzen du. Artistaren beraren esanetan, instalazio hori “arkitektura ulertzetik sortua da, Frank O. Gehryren arkitekturaren esparru bereziaren barruan”, espazioa “gauzak kokatzeko edukiontzi soila” baina zerbati gehiago balitz bezala hartuta, “aretoaren eta ikuslearen arteko bitartekari” den elementua balitz bezala. Gela bizitzeko espaziotzat hartuta, pareta guztia lerro batez zeharkatzen duen horma-irudi batek definitzen du, korridore eten baten modura, eta bere gainetik dagokion espazioagatik dialektikoki borrokan ari diren marrazki-objektuak daude zintzilikatuta. Erdian eskultura bat dago, bertan osatzen duten elementu formalen batasuna eta finkotasuna, desintegrazioa eta fragmentazioa elkartzen ditu, gizabanakoen espazio bizigarriaren errebindikazioaren aurrean berriro tinkatzeko.

Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959), zalantzarik gabe, Euskal Herriko eskultore garrantzitsuenetakoa da. Harrian edo zuran lantzen dituen obrak beren forma sinpleengatik — naturari lotutako eta espazioa edo denboraren iragaitea bezalako kontzeptuen inguruko etengabeko hausnarketaren eta analisiaren emaitza— bereizten dira, naturari lotutakoak izanik, eta zenbait kontzepturen, adibidez espazioaren edo denboraren iragaitearen inguruan egindako analisi eta hausnarketaren emaitza dira. Eduardo Chillida eta Antoni Tàpies pertsonai apartekin batera Espainiako artea mendearen amaieran erakusketarako aukeratu zituzten hamar artisten artean zegoen, 1999an Alemaniako Würth de Künzelsau Museoan egin zen erakusketarako.

 2000. urteaz geroztik Koldobikaren lana iluntasunetik sortzen diren forma eta alderdiei buruzko hausnarketan oinarritzen da, itzalpean sortzen diren pertzepziotan eta ideia hori bere eskulturetan islatzen saiatzen da. Era berean, denboraren iragaitearen eta gizakiak naturan uzten dituen arrastoak desagertzea 2003ko Setioa I-ean antzematen da, leku bat, gaueko paisaia bat mugatzeko eskultura eta baxuerliebea elkartzen dituen obran. Artistak berak dioenez: “Gauak aurpegierak ditu. Aurpegiera horiek ikustarazten dizkigun intuizioa du. Denbora geldiro doa, pentsamenduak begiak ixten ditu eta guztia sentsazioa, pertzepzioa da. Gure ibilera zuta zalantzazkoa da eta gure ikusmena, funtsezko euskarria, gauzaeza. Guztiaren sentsazioa galdu egiten da eta entzumenak bakarrik sumatzen du soinu bat, hutsik dagoen itsas kurkuilua gerturatzean itsasoa entzuten duela uste duenean bezalaxe, kasu honetan, isiltasuna entzuten duela uste du. Hori guztia gertatzen denean gauean gaude, oroimenaren ametsa eta dena da aurpegiera. Beti argia ematen dugu ikusi ahal izateko edota espazioa sumatzeko. Ez al genuke ilundu beharko? Eta espazio beltzean egun-argitik lotan dauden beste sentsazio horiek sumatu”.

Koldobika Jauregik taila zuzenaz lantzen du zura, ondoren bere piezen gainazaletan sua edo tintak aplikatuz tailaren arrastoak ezabatzeko eta figurazioaren eta abstrakzioaren artean etengabeko tirabiran dauden marka eta forma berriak azaleratzen uzteko. Gainazalaren kaligrafiaren eta enborraren materiaren forma trinkoaren arteko araztasun handiko sintesia gogora ekartzen diguten zeinuak eta trazuak dira. Bietan elkartzen dira landareen eta arkitekturaren, historiaurrekoaren ekialdekoa eta afrikarraren edota gizakiarena eta eraikitakoa denaren arketipoak.

Jesús Mari Lazkano (Bergara, 1960), bere ibilbidean ospea hedatua duen artista euskalduna da. Bere lanean hiri eta natura paisaiak zeharkatzen ditu, bere euskal sustraiak, bere izaera kosmopolita eta iraganarekiko duen interesa azaltzen diren ikuspegitik. Bere adimen-paisaiak errealistak dira eta hausnarketarako lekuen izaera poetikoa gogora ekartzen digute, esate baterako Viena, Erroma edo New Yorkena, eta kartografoaren begirada jantzia eta artistaren adore berezia bat egiten dituzte. Lazkanoren esanetan: “Pinturak koadrotik kanpo dagoena islatzen du, baina baita bere barrutik sortutako guztia ere, bi bideko ispilua, kanpoaldea, itxurazkoa, anekdota, ezagutzen duguna, ikusten duguna, antzematen duguna, eta era berean bere barrualdea garden bihurtzen du, kontatzen dizkigun gauza berriak, sentitzen duguna, itxuraren atzetik ezkutatzen dena, aldaketaren aldaezintasuna, egunerokotasunaren bikaintasuna, gauza xumean transzendentzia, arreta jarri ez zaion horren garrantzia (...)”.

Lazkanoren lanaren ezaugarrietako bat elementu arkitektonikoen erabilera da. Elementu horiek bere paisaiak berriro ordenatzeko erabiltzen ditu, oroimen historikotik eta esperientzia pertsonaletik igarotako errealitate imajinatuaren irudikapena antolatzeko. Horien bidez artearen historian murgiltzen da, bere “bidaia koadernoak” sortuz, inoiz existitu ez ziren baina lehenaldiko edo orainaldiko uneekin bat datozen zatiak erabiliz.

 2004ko Patuaren bihurgunea Guggenheim Bilbao Museoaren espazioetarako bereziki sortutako dimentsio handiko pinturan (300 x 500 cm) nahiz Infinitua baino askoz gehiago, 2001 (130 x 225 cm) eskuratutako lan horrekin batera dohaintzan utzitako obran, artistak New York hiriarekin topo egitera eramaten gaitu. Lazkanok adierazi duenez: “hiri bat ez da ezer inork ulertzen irakasten ez badigu, geure buruak bertan proiektatzen ez baditugu, eta horretarako ikusten ikasi behar dugu, begi bistakoa den hori eta iluna den hori, egunerokotasuna eta halabeharra eta horrela gure argazkiak edo postal bat erabili ahal izango dugu”. Obra horietarako inspirazio iturriak Lazkanok Changing New York izenburuaz eta Berenice Abbottek egindako eta 1939an argitaratutako New Yorkeko argazkien aurrean sentitzen duen miresmenean behar dugu, baita Edmund V. Grillonen Cast-iron in New York-eko irudietan edota Lazkanok berak hiritik hartutako horietan ere. Museoak eskuratu nahi dituen bi obrek Mies van der Roheren arkitekturak asmatutako testuinguruetan, berreraikitako ikuspegiak erakutsiz dituzte, horietan artistak tonalitate anbiguoa duen argiaz ñabartutako ingurune osoa aparteko xehetasunez irudikatzen duelarik.

Obra horiek Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bildumarako eskuratuz nabarmen osatzen da gaur egungo euskal pintura eta eskulturaren ordezkaritza, egungo hainbat artista bikainetakoen bidez.

Richard Serra (San Francisco, 1939) XX. mendeko eskultore aipagarrienetakoa da eta bere lan iraultzaile eta desafiatzaileagatik ospea lortu du. Lan horiek fabrikazio prozesua eta materialaren ezaugarriak azpimarratzen dituzte eta ikuslea espazioan barneratzen dute.

Artistak zazpi eskultura berriren proiektua landu du, Sugearekin batera, 1994–1997, Museoaren 104 aretoan instalazio iraunkor bat osatzeko, eta ospe handiko eskultorearen sortze-lana ezagutzeko Museoa bisitatzea ezinbestekoa den helmuga bihurtu du.

Serraren asmoa hauxe da: instalazioa urteetan zehar egiten aritu den piezen atzera begirako bat izan ordez, hizkuntza bakarra aurkeztuko du, bere obren abstrakzio, mugimendu eta kurbaturaren ahaltasuna aditzera emateko adina liluragarri eta garrantzitsu izango dena. Horretarako ikusleak piezen eboluzioa antzematea ahalbidetuko duen ibilbidea proposatzen du, sinpleenetatik hasi —tortsio eliptikoaren oinarrizko forma— eta konplexueneraino, espiraleraino alegia, ondoren eskulturaren eremuaren sentimenezko esperientzian pixkanaka barneratzeko eta gero eta landuagoa den hizkuntzaz jabetzeko. Guggenheim Bilbao Museoan 1999an aurkeztutako erakusketan jadanik aztertu zuen tortsio eliptikoaren kontzeptuan oinarrituta, artista hiztegi hori sakontzen aritu da gero eta forma konplexuagoak landuz. Elipse sinpletik abiatuta, tamaina handiagoko bat eraikitzen du, lehenengoa barne hartzen duena: elipse bikoitza; elipse baten barrualdea beste baten kanpoaldearekin lotuz espiralak sortzen ditu, eta hauen barrualdea ezin iragarri daiteke kanpotik. Ibilbidearen azkeneko bi piezak espazioek aldatzeko duten ahalmenari buruzkoak dira, eta espazio horiek oso bestelako hizkuntza, mugimendu eta pertzepzioa ingurune bilakatzen dira: horiek sekzio esferikoak eta toroidalak erabiliz eraikitzen ditu.

Instalazioa, 104 aretoan sartzean, eskulturaren espazioan barrena sartzeko sortuta dago; aretoaren bolumen luze osoa eskulturaren eremuaren osagai bilakatzen da. Obren kokapena zirkulazioa etengabea izan dadin pentsatuta dago, piezatik irtetean espazioak hurrengo espazioan jarrai dezan sentimenezko esperientzi continuum batean. Honez gainera, Richard Serrak barnean hartzen duen arkitekturaren arabera kokatu du obra bakoitza eta horretarako honakoak izan ditu kontuan: bere barrualdea bigarren soilairuko balkoitik aukera eskaintzea, aretoaren erdialdea antolatzen duten arkuak eta galeriaren hondoko espazio bilduagoa. Honen bidez indar eta mugimendu fluxu hori Gehryren arkitekturan integratu nahi du; artistaren esanetan, Guggenheim Bilbao Museoa "ez da munduan horrelako instalazio bat egitea ahalbidetzen duen lekurik ".

 

Informazio gehiagorako:

Guggenheim Bilbao Museoa

Komunikazio Arloa

Abandoibarra Etorbidea, 2

48001 Bilbao

Tel: +34 944359008

Fax: +34 944359059

media@guggenheim-bilbao.eus

 

Descargar PDF

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.