- Datak: martxoaren 31tik irailaren 10era, 2023
- Komisarioa: Lekha Hileman Waitoller
- Zoriona, adiskidetasuna edo bakardadea islatzen duten eguneroko uneetan irudikatutako pertsonaia atenporalen margolanengatik ezaguna, Lynette Yiadom-Boakyeren olio-pintura oparoek fikziozko pertsonaiak erretratatzen dituzte, pintzelkada solteak eta hondo teatralak erabilita.
- Artista eta idazle gisa garatzen duen fazeta bikoitza titulu irudimentsuetan antzeman daiteke; esplikatu baino gehiago margolanei laguntzen dieten tituluak dira, hausnarketarako bidea ematen dutenak.
- Margolanetan irudikatutako figurak ez dira modelo errealak; xehetasunak ere, besteak beste arropa edo jantziak, oinetakoak —edo oinetakoen falta— ez datoz bat modelo errealekin eta ez dute irudiak leku edo denbora jakin batean kokatzeko aukerarik ematen.
Guggenheim Bilbao Museoak Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik aurkezten du: Lynette Yiadom-Boakye artista eta idazleak 2020 eta 2023 bitartean egindako 70 pintura eta marrazki baino gehiagoren hautaketa bat lehen aldiz ikusgai jartzen duen erakusketa. Hala, erakusketa hau aukera paregabea da artistaren jardunaren haria ezagutzeko: giza esperientziarekin zerikusia duten pintura iradokitzaileak sortzea. Duela gutxi Yiadom-Boakyek ikatz-ziriz egindako marrazkiei ekin die berriro; berehalakotasun sentsazioa sortzen duten lanak dira, beren eskala intimoagatik eta darien inprobisazio kutsuagatik. Marrazki horiek pinturekin batera ikustean, agerian geratzen da artistak sakonetik ezagutzen dituela eta trebezia handiz erabiltzen dituela teknika desberdinak.