Prentsa oharra

Webgune berria

www.guggenheim-bilbao.eus da artearen nazioarteko on line erreferentzia berria

Guggenheim Bilbao Museoaren webgune berrian oraintsuko edukiak, euskarri anitzeko plataformak, zerbitzu eta aplikazioak guztion eskura izango ditugu

Arista Interactiva agentziak egindako webgune berria aurkeztuko du Guggenheim Bilbao Museoak. Hala, erakundearen helburu estrategikoak Internetera egokitzeko helburua beteko da eta www.guggenheim-bilbao.eus webgunea artearen sustapenerako eta hezkuntzarako hedabide bikainean bilakatzeaz gain nazioarteko museoen ingurunean prestigiozko on line erreferentzia izango da.

Hamargarren Urteurrena dela medio Museoak abian jarri duen webgune berriak bere publiko anitza (turistak, artistak, arte-munduko espezialistak eta zaleak, haurrak, gazteak, irakasleak, Museoaren Lagunak, Kide Korporatiboak, bidaia-agentziak, komunikabideak, etab.) batu nahi du kalitatezko edukiak erabiliz eta talde bakoitzaren interesetara egokitutako alor ezberdinak eskainiz. Gainera, aplikazio berriak abian jarri ditu eta multimedia artxibo (entzuteko gidak, bideoak eta erakusketetako komisarioei egindako elkarrizketak, etab.) mordoa ere eskaintzen du.

Euskarri anitzeko proiektu berri honek diseinu moderno eta minimalista du, Museoaren identitate korporatiboarekin bat etorriz. Honen bidez erabiltzaileek telefono mugikorretarako zerbitzu eta eduki esklusiboak eskuratu ahal izango dituzte wap, bluetooth edo sms bitartez.

Gainera, nazioartera begirako izaera duenez eta ahalik eta jende gehienera iritsi nahi denez, Guggenheim Bilbao Museoaren webgune berria erabiltzeko erraza eta oso intuitiboa da, mundu- mailako erabilerraztasun-arauak betetzen ditu eta lau hizkuntzetan ikus daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Orrialde guztietan daude munduko Guggenheim Museoen Sarea osatzen duten Museoekiko estekak.

Artea sustatzeko nazioarteko on line kanala

Arte modernoa eta garaikidea sustatzeko asmoz, eta nazioarteko artean on line erreferentzian bilakatzeko asmoz, Guggenheim Bilbao Museoaren webgune berriak bisitariari Programazio Artistikoan sakontzeko aukera ematen dio kalitate egokia duten edukiekin, bisitaria espezialista (elkarrizketak, Arte Ardurako testuak, artisten biografiak, fitxa teknikoak, etab.) nahiz zalea (erakusketetako bideoak, lanei buruzko entzuteko gidak, erakusketa jakin baten funtsezko
gakoak, etab.) izan. Gainera, nahi duenak hamar urteotan burututako Bilduma Iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei buruzko aurkezpenak ikusi ahal izango ditu.

Oraingo eta lehengo erakusketa guztien informazio osoa eskainiko dute bi atal berrik, horrela, lanen testuingurua ulertzea errazagoa egingo baitzaigu. Alde batetik, “Sakonetik” atalean erakusketaren arte arduraren ikuspuntua dugu: komisarioen elkarrizketak, entseguak edo analisiak. Bestalde, “Didaktika” atalean, erakusten diren artelanak ulertu eta gozatzeko beharrezkoak diren tresna eta interpretazio-gakoak eskaintzen dira.

www.guggenheim-bilbao.eus webgunean Museoaren Bilduman sakondu nahi duten guztien esku artisten araberako lanen bilatzaile bat jarri da, eta bertan, Museoak oraintsu eskuratutako lanak edo Guggenheim Museoen sarea osatzen duten beste Museoetako funtsak kontsultatu ahalko dira.

Museoko eta Euskadiko bisitaldia prestatu

Museoaren helburuetako bat Euskadi mundu-mailan sustatzea denez, eta helburu hori on line gauzatzeko asmoz, webgune berriak bisitaldia optimizatzeko beharrezkoa den informazio guztia eskaintzen die Euskadi eta Museoa bisitatzeko asmoa duten guztiei.

“Prestatu zure bisita” atalean Museoari buruzko informazio erabilgarri guztia eskuratu ahal izango du bisitariak: tarifak eta ordutegiak, sarrerak erosteko modua, gidaridun bisitaldiak egiteko prozedura, kokalekua eta sarrerak, zerbitzuak, bisitaldirako gomendioak, aretoen planoak, etab.

Bisitari izan nahi duen orok, gainera, Guggenheim Bilbao Museoa ezagutzeko bisitaldi birtuala egin ahal izango du, Juan Ignacio Vidarte Zuzendari Nagusiak eta Arte Ardurako, Bisitariarekiko Arretako, Museoko Edukien Antolakuntzako, eta Komunikazio eta Marketineko Zuzendariordeen gidaritzapean. Teknologia berritzaileari esker eraikin osoan eta erakundearen Bildumako zenbait lanen zeharreko ibilaldi birtuala egiten dute lau hizkuntzetan.

Gainera, “Agenda lasterra” atalean zure bidaia aldez aurretik antolatzeko modua izango duzu, Museoa bisitatu nahi duzun eguneko data adieraztean bidaia antolatzeko beharrezkoa izango zaizun informazio guztia biltzen duen dokumentu inprimagarria sortuko baitu: une horretan izango diren erakusketa eta aurkezpen, aldi horretan gauzatuko diren jarduera paralelo, eta interesekoak izan daitezkeen bestelako datuekin (tarifak edo instalazioen mapak, esaterako).

Webgune berriak, gainera, bi aplikazio multimedia berri izango ditu lagun-taldeen artean Museoa sustatu ahal izateko. “Guggenheim Bilbaora joango al gara?” atalean erabiltzaileak bideoa, audioa eta testua dituen dokumentu pertsonalizatua sortu ahal izango du Museoak berak eskaintzen dituen ikusteko eta entzuteko proposamenekin.

“Zure bisita konta iezaiezu” aplikazioak (Museoa ataletik iristen da bertara) antzeko ezaugarriak ditu baina Museoa lehendik bisitatu dutenen gomendioak biltzea du helburu. Norberak egindako irudiak, soinua eta iruzkinak biltzeko aukera ematen du tresna honek.

Azkenik, Museoari buruzko informazio erabilgarri guztia telefono mugikorrera deskargatzeko (SMS, Bluetooth eta webgunea bera erabilita) aukera izango du edonork www.guggenheim- bilbao.es webgunetik, horretarako prestatu den aplikazio espezifikoari esker.

Museoaren zeregin didaktikoa sustatzea

Museoaren beste helburu estrategikoetako bat betetzeko, artea ikasbide, Guggenheim Bilbao Museoaren webgune berriak Hezkuntza Arloa jartzen du erabiltzaileen esku, arte moderno eta garaikidearen interpretaziorako profil guztiak biltzen dituena. Gainera, eraikinaren arkitekturari buruzkoak ere biltzen dira bertan. Horretarako bereziki sortu diren on line programa eta materialak eskuratu ahal izango dira.Hala, bi jarduera-eremu nagusitan banatzen dira: haurrak eta gazteak alde batetik (hezkuntza- tresna bereziak prestatu dira: on line jolasak, ebakigarriak, “Bazenekien…?” atala, haurren hizkerara moldatutako Museoari buruzko hiztegia) eta helduak bestetik (Museoak garatzen duen boluntarioen programa eta euren interesekoak diren jarduera guztiak azaltzen zaizkie bertan). Hezkuntzaren atalak irakasleei zuzendutako eremu esklusiboa ere badu: aldi baterako erakusketei buruzko unitate didaktikoak eta interesekoak izan daitezkeen bestelako baliabideak deskargatu ahal izango dira bertan. Gainera, taldeen bisitaldietarako jardueren bilatzailera zuzeneko esteka ere badu.

Museoaren Lagunak, prentsa eta Kide Korporatiboak

Plataforma berriari esker Museoaren Lagunak programan alta on line egin daiteke, eta programa horri lotuta dauden abantaila guztiak adierazten dira bertan. Gainera, Estatuan jendetsuena eta Europako museoen artean hirugarrena den talde honetarako aplikazio esklusiboak ere topatuko dituzu: berriak eta jarduerak biltzen dituen gune pribatua, entzuteko gida esklusiboak deskargatzeko aukera, sms bitartezko albiste-alertak zerbitzuan alta emateko aukera…

Komunikabideetako profesionalek ere eremu esklusibo bat dute eurentzat, Museoko informazio berritu guztia (testu- nahiz multimedia-formatuan) jaso ahal izateko. Bide ezberdinetatik jaso ahal izango dute kazetariek informazio hori: Museoaren webguneko prentsa-eremuan, posta elektronikoaren bidez buletin batean harpidetuz, edukien harpidetzarako RSS zerbitzuaren bidez, edo telefono mugikorrean (eskuragarri dauden Museoko berritasun guztiei buruzko informazioa hartzeko SMS bidezko albiste-alerten zerbitzua eskuragarri dago kazetarientzat).

Museoaren webgune berrian Kide Korporatiboen egitarauari buruzko informazioa eta enpresek edota erakundeek Museoarekin lankidetzan jarduteko dituzten aukerei buruzkoak eskaintzen dira. Gaur egun Babesle Estrategikoak, Babesleak, Enpresa Ongileak, Komunikabide Ongileak, Kide Korporatiboak eta Enpresa Elkartuak zeintzuk diren ere ikus daiteke, eta Museoko espazioetan ekitaldi bereziak egiteko aukera ere kontsulta daiteke.

Amaitzeko, Museoak bere sorreratik egin dituen “Arte modernoa eta garaikidea bildu, zaindu eta ikertzeko” lanak ere ikus daitezke “Ikerketa” atalean. Bertan, Arte Ardurako eta Artapeneko Sailetan egindako lanak kontsultatu ahalko dira, edo Museoaren funts bibliografikoaren on line katalogoa bistaratu (“Arte Ardura” ataleko “Tresnak” sailean).

2008. urtean zehar gauzatuko da www.guggenheim-bilbao.eus webgunearen bigarren fasea, publikoarentzat eduki eta zerbitzu berriak abian jarriko dituena.

ARISTA INTERACTIVA

Guggenheim Bilbao Museoaren webgune berria kontzeptualizatzeko, garatzeko eta diseinatzeko ardura Arista Interactiva agentziak izan du, 2007an Bilboko Museoak egindako lehiaketa irabazi ostean.

Erakunde honen Hamargarren Urteurrena ospatzen den honetan, proiektuaren hasierako faseari ekin zaio eta 2008an zehar berrituz joango da, eduki eta zerbitzu berriak eskaintzeko.

Arista Interactiva agentziak 11 urte daramatza publizitate interaktiboko merkatuan lanean, komunikaziorako eta marketinerako planetan Internet ezartzeko esperientzia handiagotzen.

Aristako komunikazio, marketin eta publizitate taldeko kide da, eta sailek euren artean bat etortzeko moduan lan egitean sinesmen osoa dute bezeroei lan bateratua eskaintzerakoan. Horregatik “Multzo osoko espezialistatzat” jotzen dute euren burua.

Eskaintzen dituzten zerbitzuen artean garrantzizkoenak ondorengoak dira: marketineko estrategiak diseinatu eta on line eskaintzea; komunitate, sustapen, joko eta lehiaketa interaktiboak egitea; webguneen sormen- eta garapen-lanak egitea; on line publizitate- kanpainak; webguneetako edukiak sortu eta mantentze lanak egitea; CD interaktiboak; bilatzaileetako estrategiak; erabilerraztasuna; mugikorretarako marketina; erabilgarritasuneko aholkularitza.

Bilbon, 2007ko azaroaren 23an

Eman izena Guggenheim Bilbao Museoko prentsa arloan Hamargarren Urteurrenari buruzko informazio guztia jaso nahi baduzu.
www.gubilbao.com/prensa/eu/prensa.asp

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.