Prentsa oharra

Puppyren mantentze-lanen babesa iragarri dute Guggenheim Bilbao Museoak eta Seguros Bilbao-k

Guggenheim Bilbao Museoak eta Seguros Bilbaok, Grupo Catalana Occidente taldeko konpainiak, Puppy eskultura loredunaren mantentze-lanaren babesa iragarri dute, Seguros Bilbaoren aldetik, urtean bitan Puppyri egiten zaizkion lore-aldaketena, zehazki.

Txakurkume erraldoia estaltzen duten 38.000 landareak ordezteko lanak maiatzean eta urrian egin ohi dira, eta bederatzi egun irauten dute. Loreen banaketak, kolore-eremuak eratuta, Puppyren sortzaile Jeff Koons artistaren diseinu originalei jarraitzen die, eta espezieak desberdinak izaten dira urtaroaren arabera. Udaberri-udako oraingo mantua begonia, impatient, petunia eta ageratum loreez osatua dago; udazken-neguan, berriz, pentsamenduak dira gehienak —oso erresistenteak tenperatura baxuetan— eta biolak, lobulariak eta primulak gehitzen zaizkio batez ere.

Lore-aldaketa prozesu konplexua da eta lan handia eskatzen du, obra honetarako propio aukeratutako milaka lore landatu behar baitira aldez aurretik, eta lorezaintzako hogei espezialistak osatutako talde batek egin behar izaten du lan hori erloju kontra, Museoko Kontserbazio Saileko adituen ikuskaritzapean.

Puppyren kontserbazioaren babesak, Seguros Bilbaoren aldetik, are gehiago sakontzen du 24 urtez geroztik Guggenheim Bilbao Museoak eta Seguros Bilbaok —inauguratu zenetik Museoaren babesle— elkarren artean duten harreman estuan.

Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusi Juan Ignacio Vidarte oso pozik agertu zen akordio honekin. “Puppyren babesle izanda Seguros Bilbaok erakusten duen konpromisoa Museoarekiko oso ondo azaltzen du enpresa batek zenbateraino izan dezakeen eragin positibo eta nabari bat gizartean eta bere ingurune hurbilenean. Babes honek, arteari eta kulturari lagundu ez ezik, guri ere laguntzen digu Museoaren eta Bizkaiaren ikonoetako bat egoera onenean mantentzen, guztion obra dela kontuan hartuta”.

Bestetik, José Manuel Ereñok, Seguros Bilbaoren Zuzendari Nagusi Laguntzaile Komertzialak, nabarmendu zuenez, “Seguros Bilbaorentzat oso pozgarria da Guggenheim Bilbao Museoaren obra bereizgarrienetako baten kontserbazioan lagundu ahal izatea: Puppy, Jeff Koonsena. Babes honen bidez, gure konpromisoa irmotzen dugu kulturarekiko, artearekiko eta Bilboko hiriarekiko”.

Seguros Bilbao-ri buruz

Seguros Bilbaok produktuen askotariko eskaintza du, bereziki partikularren, profesionalen, saltokien, eta enpresa txiki eta ertainen merkaturako diseinatuak. Konpainia Grupo Catalana Occidente taldekoa da; liderretako bat da Espainian aseguruen sektorean, eta kreditu-aseguruaren sektorean ere mundu mailan. Hazkunde etengabearekin eta ezarpen zabalarekin, Taldeak 7.400 enplegatu baino gehiago ditu, 50 herrialdetan baino gehiagotan dago ezarria, eta 4.000.000 aseguraturi baino gehiagori ematen die zerbitzua. Bere sarea 1.600 bulegok baino gehiagok eta 17.000 inguru bitartekarik osatzen dute. 2020aren bukaeran laugarren posizioan zegoen Espainiako merkatuan, eta bigarrenean, mundu mailan, kreditu-aseguruan.

Puppyren kontserbazioari eta crowdfunding-i buruz

Puppy eskulturak 12,4 metroko altuera du, 60 tona baino gehiago pisatzen ditu eta 38.000 bat lorez osatua dago (100 metro koadroko); bere loreak urtean bitan aldatzen dira, eta hemendik aurrera Seguros Bilbaoren ezinbesteko babesa jasoko du.

Lore-aldaketa prozesuaz aparte, joan den ekainetik abian da #BiziberrituPuppy crowdfunding kanpaina, Museoak martxan jarria Puppyren barnealdea zaharberritzeko beharrezko funtsak biltzeko helburuz. Udazken honetan, lore-aldaketaren aurretik justu, prebentziozko aurreneko kontserbazio-lan handia egingo zaio eskultura loredunari, besteak beste: bere egituraren birjarpena eta saneamendua, eta bere substratuari —loreak elikatzen dituenari— eusten dioten barne-geruza desberdinena. Gainera, autoureztatze-sistema berri bat ezarriko da, hezetasun-sentsoreek erregulatuko dutena obraren alde desberdinetan, iristen zailenak diren horietan ere; horrek ur-kontsumoa nabarmen aurreztea ahalbidetuko du, baita kontserbazio optimo bat ere.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.