Prentsa oharra

Pertsona itsuentzat Jeff Koonsen Idi-bihotzak obraren maketa bat aurkezten du Guggenheim Bilbao Museoak

Maketa berri hau aurrerapauso berria da Museoak bere artelanak, arkitektura eta zerbitzuak pertsona guztientzat irisgarriak izateko egiten duen apustuan.

Jeff Koonsen Idi-bihotzak obraren maketa Guggenheim Bilbao Museoak itsuen kolektiboaren esperientzia aberasteko asmoz egiten duen bosgarrena da. Sortu ziren lehenengo maketak, ONCEren aholkularitzarekin garatuak,  Jeff Koonsen Puppy eta Louise Bourgeoisen Ama izan ziren, Museoaren Bildumako obra ezagunenetako bi. Ondoren, eraikinaren maketa amaitu zen; proiektu nekeza, ikusmen-urritasuna duten bisitariei aukera ematen ziena museoa “ikusteko” eta ukimenaz baliatuz eraikinaren formak eta materialak hautemateko. Azkenik, 2019an, Anish Kapoorren Zuhaitz garaia eta begia obraren maketa amaitu zen.

Idi-bihotzak maketaren fabrikazioa, oraingoan, tresna digitalak erabiliz lortu da. Jeff Koonsen Ospakizuna saileko lan honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat bere akabera metaliko leundua da. Horregatik, maketa jatorrizko eskulturaren material berean sortzea erabaki zen, hau da, leundutako altzairu herdoilgaitzean, eta, lehenik, “biki” digital bat landu zen, fotogrametria-teknikekin osatutako 3D eskaner baten bidez. Behin eredu digitala lortuta, 3D inprimagailuak zuzenean erreproduzitu zuen altzairu herdoilgaitzean, lehengai gisa hauts metalikoa erabilita. Azken urratsa obraren zatiak leuntzea eta elektrokimikoki koloratzea izan zen, eta jatorrizko idulkiaren material berean fabrikatutako idulki baten gainean muntatzea.

Bost maketak Museoko hezkuntza-gunean daude eta braillezko kartelak eta testuak dituzte ondoan, pertsona itsuei egokitutako deskribapenekin. Testu horiek Museoak bisitariei eskaintzen dien entzuteko gidan sartuko dira ondoren.

Hasieratik, Guggenheim Bilbao Museoak, ONCErekin lankidetzan, lanean jardun du bere eduki, zerbitzu eta jardueretarako irisgarritasuna pertsona itsuentzat errazten. Beste ekimen batzuen artean, ukimen-bisita egokituak diseinatu dira; Bildumari buruzko braillezko materialak landu dira; Bisitarien Arretarako langileak prestatu dira kolektibo horri ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko; eta maketak egin dira Bildumako obra ezagunak eta eraikina oinarri hartuta. Helburua maketa berrien sorkuntzan aurrera egiten jarraitzea da eta, horrela, pertsona guztiei artearen hezkuntza eta Museoaren gozamena erraztea.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.