Prentsa oharra

Patronatuak 2007

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuaren 2006. urteko bigarren bilera gaur eguerdian ospatu da. Bilera honetan honakoek parte hartu dute: José Luis Bilbao jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Guggenheim Bilbao Museoko Batzorde Betearazlearen Lehendakaria den aldetik; Miren Azkarate andrea, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburu gisa; Iñaki Azkuna jauna, Bilbaoko Alkatea; Thomas Krens jauna, Solomon R. Guggenheim Fundazioko Zuzendaria; Juan Ignacio Vidarte jauna, Museoaren Zuzendari Nagusia; bai eta Fundazioaren ordezkapen organo gorena den Patronatua osatzen duten 36 enpresa eta erakundeen ordezkariak.

Bilera honetan, besteak beste, 2007. urterako Programazio artistikoa onartu da, Museoaren Hamargarren urteurrenarena. Programazio honetan honakoak barne hartuko dira: Bilduma Iraunkorraren hiru aurkezpen eta aldi baterako bost erakusketa.

Aldi baterako erakusketen programazioa martxoaren erdialdera hasiko da Palazuelo: lan-prozesua atzera begirakoarekin. Erakusketa honek 300 marrazki, gouache, pintura eta eskultura inguru bilduko ditu, XX. mendearen bigarren erdian Espainiako artean izan den funtsezko irudietako batek sortuak.

Martxoaren amaieran, Guggenheim Bilbao Museoak Anselm Kiefer artistari eskainitako erakusketa handia inauguratuko du. Gaika egongo da egituratuta, Alemaniako korronte neoespresionistaren ordezkari gailenetakoak azken sei urteetan sortu duen lanaren inguruan. Erakusketan Bilduma Iraunkorreko artelanak ere egongo dira ikusgai beste erakunde batzuek maileguan utzitako artelanekin batera, baita Museoaren Atriorako propio sortutako eskala monumentaleko pintura bat ere.

Erakusketa horrekin bat etorriz, ekainaren amaieran Alberto Durero: Städel Museumeko lan grafikoa erakusketa aurkeztuko da, Städeleko Arte Grafikoko Bilduman jasota dauden kobrezko grabatuen eta xilografien hautaketa batek osatua, kontserbazio arrazoiak direla eta, azkeneko aldiz 1971n jendaurrean ikusgai egondako artelanak izanik. Beraz, artista horren sorkuntzan lan grafikoak duen esanahia ezagutzeko aparteko aukera izango dugu erakusketa honi esker.

2007ko urrian Museoak Art in the USA inauguratuko du, Estatu Batuetako bilduma pribatu eta publikoetako 200 bat artelanek osatutako erakusketa erakargarria. Sei aldi historikotan egongo da banatuta, XVIII. mendetik gaurdaino, eta herrialde horren aniztasun eta aberastasun kulturala, politikoa, etnikoa, ekonomikoa eta naturala aditzera emango digu.

2007ko udazkenean ere, Guggenheim Bilbao Museoak gaur egungo euskal artisten sortze-lanari eskainitako erakusketa aurkeztuko du eta, besteren artean, erakusketa honetarako propio sortuko dituzten artelan batzuk ikusi ahal izango ditugu.

Bilduma Iraunkorrari dagokionez, Richard Serraren Denboraren materia instalazioa, Museoaren 104 Arcelor aretoan iraunkorki kokatuta dagoena, 2007ko udaberrian Instalazioak eta Bideoa erakusketen osagarri izango da. Erakusketa horiek gaur egungo artean azkenaldi honetan sortutako joerak eta adierazpideak ezagutzeko aukera emango digute oraingo artista entzutetsuen instalazioen eta bideoen bitartez. Azkenik, udazkenean Minimalismoa: monokromia eta sareta aurkezpena inauguratuko da, pintura eta eskultura minimalistaren hizkuntza bisuala goraipatzea helburu duena, hainbat artistak, besteak beste, Carl Andre, Dan Flavin, Donald Judd, Robert Mangold, Agnes Martin, Robert Morris edo Robert Rymanek egin izan dituzten ikerlanen bidez.

* Erakusketa hauen irudiak lortu nahi dituzten hedabideak Guggenheim Bilbao Museoaren Komunikazio Arloarekin jar daitezke harremanetan telefono honetan, 944 35 90 08

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.