Prentsa oharra

Olafur Eliasson artistaren argi-instalazio bat inauguratu du Bilboko Udalak Iparragirre kalean

Bilboko alkate Juan Maria Aburtok eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek Bilboko Iparragirre kalean kokatu den instalazio artistiko berria aurkeztu dute gaur Olafur Eliasson artistarekin batera. Artelanak altzairuzko eta beirazko erronboide-formako zazpi elementu ditu, San Jose plazaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko zoladuraren azpian zuzenean kokatuak. Instalazioak ezusteko mundu kaleidoskopiko baten ikuspegi iradokitzailea jartzen du bertatik igarotzen direnen oinpean.

Eliasson duela hiru urte Guggenheim Bilbao Museoak eskaini zion Bizitza errealean atzera begirakoari esker da ezaguna Bilboko publikoaren artean. Beneath Bilbao, the curious planet izeneko kokapen zehatzeko lan berri honetan, artista daniar-islandiarrak gelditzera eta perspektiba berrietatik behatzera gonbidatzen ditu herritarrak.

“Ispiluz egindako piezak dira eta zoladuran txertatuta daude, deskubritu beharreko harribitxiak balira bezala. Pieza batetik bestera egiten duzun ibiltartean, abiadura motelduz zoazela sumatzen duzu. Pausoa moteltzeak munduan presente egotea esan nahi du, lurrarekin konexioan”, dio Olafur Eliassonek. “Lurpean sartuta dauden ispiluzko ganberek hausnarketarako tarte bat eskaintzen digute oharkabean pasatu ohi zaizkigun aparteko materialen —hiriaren funtsezko oinarriak osatzen dituzten materialen— ikuspegi kaleidoskopiko batez gozatzeko, eta Lurrean, hemen eta orain, dugun presentziaz jabetzeko”.

Lurrera ematen duen leiho bakoitzetik begiratzean, oinezkoek forma iradokitzaile, geometriko eta organiko bat ikusiko dute, testura mineralduna, baita poliedro baten ertz garbi eta zehatzak ere. Formak, berez, ilusioak dira, puntu batean elkartzen diren trapezio-formako ispiluekin eraikitako kaleidoskopioek sortuak.

Instalazio horretan funtsezkoak dira zazpi mineral eta harri, Bizkaiko industriaren eta meatzaritzaren historian izan duten garrantziagatik hautatuak denak ere. Honako hauek dira: kaltzita, limonita, goethita, siderita, basaltoa, hareharria eta kareharria. Kaleidoskopio bakoitzaren ispiluetan islatzen den mineral edo harri bakoitzak egitura eta kolorez betetako forma geometrikoak sortzen ditu, desberdinak kokaleku bakoitzean.

Gauez, kaleidoskopioek kalea behetik argitzen dute, eta giro oniriko berezia sortzen da horrela.

Udalaren eta Museoaren arteko lankidetza
Bilboko Udalak eta Guggenheim Bilbao Museoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2020ko abuztuan. Haren bitartez, bi erakundeek konpromisoa hartu zuten hiriaren garapenean eta hobekuntzan aliantza sendotzen jarraitzeko, espazio publikoan arteak presentzia izatea eta ikusaraztea bereziki azpimarratuta.

Horren haritik, Udalak eta Museoak konpromisoa hartu zuten elkarrekin batera lan egiteko Iparragirre kaleko hiri-ingurunean argi-interbentzio artistiko bat integratzeko, helburu hartuta oinezkoentzako gunearen zabalkuntza aprobetxatzea, espazio publikoa hobetzea, eta Museoaren eta hiriaren arteko lotura gisa jardutea.

Gainera, bi erakundeak bat zetozen Olafur Eliasson zela —une hartan Guggenheim Bilbao Museoan bere lanak Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketan ikusgai zituena— interbentzioa egiteko hautagai egokia.

Olafur Eliasson
Olafur Eliasson artistak (Islandia/Danimarka, 1967) arteak munduan duen garrantzia ikertzen du. Bere artea pertzepzioarekiko, mugimenduarekiko, esperientzia fisikoarekiko eta sentsazioekiko duen interesetik sortzen da. Bere jardunaren gakoen artean, hiru azpimarratu behar ditugu: naturarekiko kezka —Islandian eman zuen denboran piztua—, geometriari buruzko ikerketa, eta inguratzen gaituen mundua hautemateko, sentitzeko eta taxutzeko dugun moduari buruzko azterketa etengabea. Eliassonen jarduna artelanaz, erakusketaz eta esku-hartze publikoaz harago doa, eta proiektu arkitektonikoak ere hartzen ditu barnean.

1997az geroztik Eliassonek banakako erakusketa handiak izan ditu —instalazioak, pinturak, eskulturak, argazkiak eta filmak bildu izan dituztenak— munduko museo garrantzitsuenetan. 2003an Danimarka ordezkatu zuen Veneziako 50. Bienalean, eta urte horretan bertan bere The weather project instalatu zen Tate Moderneko Turbinen Aretoan, Londresen. 2019an Tate Modernera itzuli zen In real life erakusketarako; azken hogei urteetako bere jardun artistikoaren aurkezpen zabala izan zen hura, gero Guggenheim Bilbao Museora etorri zena. 2020ko urtarriletik martxora bitartean Olafur Eliasson: Symbiotic seeing egin zen Kunsthaus Zürichen, eta urte horretako apirila eta iraila bitartean Sometimes the river is the bridge, Tokioko Arte Garaikideko Museoan. 2022ko udazkenean, Eliassonek bi erakusketa indibidual aurkeztu zituen Italian: Nel tuo tempo, Florentziako Palazzo Strozzin, eta Orizzonti tremanti, Castello di Rivolin, Turinen. Eliassonek espazio publikorako dituen proiektuen artean daude The New York City Waterfalls, 2008; Fjordenhus, Vejle, 2018; Ice Watch, 2014; eta berriki Shadows travelling on the sea of the day, 2022, Qatarren.

2012an Eliassonek Little Sun proiektu soziala sortu zuen, eta, 2014an, Studio Other Spaces izeneko arte- eta arkitektura-estudioa abiarazi zuen Sebastian Behmannekin batera. 1995ean Studio Olafur Eliasson ireki zuen; bertan, artisau, arkitekto, artxibozain, ikertzaile, administratzaile, sukaldari, programatzaile, arte-historialari eta teknikari espezializatu ugari biltzen dira gaur egun.

Duela gutxi, irailaren 13an, Olafur Eliassonek Praemium Imperiale nazioarteko arte-saria jaso du eskulturaren arloan; japoniar familia inperialak ematen du sari hori Japoniako Arte Elkartearen izenean.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.