Prentsa oharra

New Yorken egonaldia egiteko beken deialdiak EAEko graduatuentzat 5 urte beteko ditu

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek abian jarri dute EAEko lau gazte graduatuentzako New Yorken egonaldia egiteko beken bostgarren deialdia. Egonaldiak 2019an egingo dira, eta izena emateko epea abenduaren 10ean itxiko da.

Hiru hilabeteko praktikaldian datza programa. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoko hainbat arlotan lan egiteko aukera ematen du, bai arlo artistikoan bai museogintzan, eta honako hauei zuzentzen zaie: graduatu berri diren ikasleei (2016/2017tik ikasturtetik aurrera graduatutakoei); eta/edo 2014/2015 ikasturtetik aurrera graduatu direnei, baldin eta graduondoko bat ikasten ari badira. Halaber, eskatzaileak EAEn jaioak edo/eta 2017ko urtarrilaren 1etik bertan bizitakoak izan behar dute. Bestetik, ingelesezko maila altua izatea ezin bestekoa da, ahoz nahiz idatziz. Deialdiak bi praktikaldi barne hartzen ditu: bat udan garatzekoa eta bestea udazkenean. Horrek errazten du Museoko askotariko arloetan lan egiteko aukera eskaintzea; horien artean daude: arte-ardura arloa, garapen saila, artapen arloa, hezkuntza, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritza, besteak beste. Praktikaldian ikasleek hainbat proiektuetan parte hartuko dute, beste arlo batzuekin harremanetan egongo dira eta, esperientzia osatzeko, bisitaldiak egingo dituzte galerietara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta hiriko beste museotara. Udako praktikaldia 2019ko ekaina eta abuztua artean izango da, eta udazkenekoa 2019ko iraila eta abendua artean. Diru-laguntza 3.500 dolarretakoa izango da.

Interesdunek oinarriak ikus ditzakete eta izena eman dezakete hemen https://www.guggenheim-bilbao.es/empleo-y-practicas/basque-internships/ abenduaren 10 arte. Ekimen hau EAEko artista hasiberrientzako 2019ko egonaldi-programak osatuko du; egonaldi horiek ere New Yorken egingo dira.

Ikasleentzako zein artista hasiberrientzako bekak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzean barne hartzen dira; berritzeak bi erakundeen arteko harremanean sakonduko du hainbat proiekturen bidez.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.