Prentsa oharra

Museoen eta Estrategia Digitalen Nazioarteko III. Kongresua (CIDEM) Guggenheim Bilbao Museoan

Guggenheim Bilbao Museoak CIMED Museoen eta Estrategia Digitalen Nazioarteko III. Kongresua hartuko du 2023ko abenduaren 15ean, eta online ere jarraitu ahal izango da. REMED Museoen eta Estrategia Digitalen Sareak antolatua, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, nazioarteko museoen eta museo ertain eta txikien estrategia digitalei helduko die. Bertan arituko diren hizlariak eta moderatzaileak Euskal Herrikoak, nazionalak eta nazioartekoak izango dira.

Programatutako hitzaldiak nazioarteko izen handiko profesionalek emango dituzte, besteak beste hauek: Tom Windrows, Victoria and Albert Museumeko edukien arloko burua; Nanet Beumer, Rijkmuseumeko digitalaren, marketinaren eta kanpainen arloko burua; eta Robert Stein, Washingtongo National Gallery of Arteko informazioaren arloko zuzendaria.

Ekitaldiak museoetako adituak, enpresa teknologikoetako profesionalak eta kulturazaleak bilduko ditu, erakunde kultural eta museoetako estrategia digitalak ezagutzeko eta horiei buruz eztabaidatzeko, baita eraldaketa betean dagoen sektore honetarako esperientzia eta proiektu inspiratzaile eta berritzaileak partekatzeko ere.

Sektorean handituz doan digitalizazioaren aurrean ─Covid19aren pandemiak bizkortua─ beharrezkotzat jotzen da CIMED23 kongresua bezalako elkarguneak sortzea, non egungo erronkak eta aukerak aztertu eta eztabaidatu.

Kongresuaren inaugurazio ofizialean izango dira Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko kulturako zuzendari nagusia; Ana Martí Testón eta Conxa Rodà, CIMED kongresuko zuzendarikideak.

Bestetik, hizlari hauek parte hartuko dute kongresuan: Javier Pantoja Ferrari, Pradoko Museo Nazionaleko garapen digitalaren arloko burua; David Diaz, Guggenheim Bilbao Museoko garapen digitalaren arloko arduraduna; Ángeles Penas, Coruñako Belas Artes Museoko zuzendaria; Fátima Sánchez, Botín Zentroko zuzendari exekutiboa; Alejandra Martín Casado, Casa Lis Museoko komunikazio eta marketineko zuzendaria; Elena Roseras Carcedo, Artium Museoko liburutegi eta dokumentazio zentroko arduraduna; Mireia Massagué, Chillida Lekuko zuzendaria; Jesús Fernández, La Ponte Ecomuséuko zuzendaria, eta Alejandro García, Kantabriako Historiaurreko eta Arkeologiako Museoaren (MUPAC) ikerketan laguntzeko teknikaria.

Gainera, museoetako digitalizazio-proiektuetan parte hartzen duten enpresetako ordezkariak izango dira parte hartzen, besteak beste Iñaki García (LIN3Sko CEO eta fundatzailea), Ricardo Alonso Maturana (GNOSSeko zuzendaria eta fundatzailea), Diego Cenzano (Jakala-Biko-ko CEO) eta Koldo García (Madpixel eta Bakarts-en fundatzailekidea eta Second Canvas-eko zuzendaria) baita La Tempesta enpresa ere, aholkularitza estrategikoa eskaini eta transformazio digitala bultzatzen diharduena.

Jarduera osagarri batzuk ere egingo dira. Ostegunean, abenduak 14, bi bisita gidatu egingo dira, bata Digipen-era (Institute of Technology Europe) eta bestea Itsasmuseumera (Bilboko Itsas Museoa). Larunbatean, abenduak 16, Gernikako Bakearen Museoa eta Euskal Herriko Museoa bisitatuko dira.

Kongresua REMEDek, Museoen eta Estrategia Digitalen Sareak, antolatzen du. Universitat Politécnica de Valènciak koordinatzen du sarea eta 1.200 bazkide baino gehiago ditu; profesional gaztelaniadunak.

REMEDi buruz

REMED Museoen eta Estrategia Digitalen Sarea da, sektoreko profesional gaztelaniadunak batzeko sortua. Museoek teknologia digitalarekin izaten dituzten prozesuak partekatzen, ikertzen eta dokumentatzen ditu, eta sektoreko proiektu digitaletako ezagutzak, kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak trukatzen dituzte.

2020an sortu zen, pandemia betean, Universitat Politécnica de Valèncian (UPV); bertan egiten du lan sareko zuzendari Ana Martí Testónek. Sareak urte osoan zehar #EncuentrosRemed antolatzen ditu: gaurkotasuneko gaiak, tartean Adimen Artifiziala, Errealitate Areagotua eta NFTak, eztabaidatzeko foroak.

Urtean behin CIMED kongresua antolatzen du, nazioartean ospea zabaldua duten hizlariak eta Espainiako eta Latinoamerikako museoetako proiektuak eta esperientziak uztartzen dituena. Lehenengo edizioa 2021ean izan zen (online) eta bigarrena 2022an (presentziala eta online), Valentzian, UPVn. Aurten Bilbora dator, CIMED VIAJERO proiektu berriarekin, baina formatu hibridoa mantenduta.

Programa osoa eta izen-ematea:

https://remed.webs.upv.es/cimedviajero/

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.