Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatua; Gonzalo Olabarria jauna, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia, Alkatearen ordez; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk modu telematikoan); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong jauna (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte jauna.
Bileraren hasieran, mundu mailan bizitzen ari garen egoera zaila izan du hizpide Museoaren Zuzendariak: lehenengo alarma-egoera, haren ondorioz astetan luzatu zen etxealdia eta Museoa ixteko agindua; ekainaren 1ean ateak berriz ireki eta uda-garaian izandako susperralditxoa; eta pandemiaren bigarren oldarraldia, eta beste alarma-egoera bat, berarekin ekarri dituena mugikortasun-muga berriak, edukiera-murrizketak eta herritarren osasuna babesteko bestelako neurriak. Kontu horiek guztiek oso eragin nabarmena izan dute turismo- eta kultura-arloetan, eta ondorioz, sektore horien itxaropenak zeharo murriztu dira azken hilabeteotan.
Osasun-egoeraren bilakaerak zeresan handia izan du jardueraren balantzean. Azaroaren 30era bitartean 279.476 bisitari jaso ditu Museoak, 2019ko epealdi berean baino % 26 gutxiago. Haatik, esan daiteke kopuru positiboa dela uztailean eta abuztuan bertaratutako bisitari-kopuruari esker, eta aintzat hartuta oraingoz orain bisitariak Bilboko udal-mugartean bizi diren pertsonak izan daitezkeela soilik.
Bestalde, Community sarea etenik gabe hazi da eta 66.148 kide izatera iritsi da, hau da, ia % 15eko hazkundea izan du 2020ko urtarrilaren 1etik. Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak eta, besteak beste, ERDU programaren onuradunak biltzen dituen artearen eta kulturaren inguruko komunitatea da Community.
Batzarrean 2021erako aurrekontua onartu dute. Hura osatzeko orduan kontuan izan da pandemiaren ondoriozko egoera, eta gogoan hartu da, baita ere, urteak aurrera egin ahala krisi horrek munduko ekonomian (bereziki kulturaren eta turismoaren arloetan) izango duen eraginak hobera egingo duela. Gauzak horrela, Museoaren erabiltzeko aurrekontua 23.936.932 eurokoa izango da, hau da, 2020koa baino % 20,2 txikiagoa. Aipatutako egoeraren ondorioz, bisitariek sortutako diru-sarreren epigrafeetako kopuruak murriztu egin dira, baina gastu-partidak ere nabarmen murriztu dira funtsezko funtzionamendu-parametroak zehatz-mehatz aztertu ondoren Museoak abian jarri dituen neurriei esker.
Halaber, 2021erako programazio artistikoa ere onartu dute batzarrean. Horrenbestez, datorren urtean ikusgai izango dira, besteak beste, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal artisten margolanen erakusketa bat, 1920ko hamarkadako “urte eroetako” planteamendu artistikoen inguruko erakustaldi bat, emakume artistek abstrakzioari egindako ekarpena jasotzen duen beste bat, eta Alice Neel margolariaren erretratu adierazkorren multzo bat. Horiez gain, Museoaren Bildumako funtsetako zenbait pieza azalduko dira jendaurrean, guztiak ere ezohiko materialak eta teknikak baliatuta eginak, eta, Film & Video aretoan, Alex Reynolds, Cecilia Bengolea eta Sharon Lockhart artisten bideo-instalazioak erakutsiko dira.
Azkenik, 2021-2023 epealdirako Plan Estrategikoa onartu dute. Urte-tarte horretan, baikortasun errealistaz egingo dio buru Museoak aurrean aurkituko duen egoera konplexuari, eta baita ere arte modernoaren eta garaikidearen zein horien baloreen bidez bihotzak altxatzea helburu duen bokazio proaktiboz. Horrek norabidea zuzen mantentzen lagunduko dio, jakinda, beti ere, entzute aktiboa, interes-taldeekin harreman estua eta gertaeren bilakaerara egokitu ahal izateko malgutasun eskerga eskatuko dutela hurrengo urteek berekin ekarriko dituzten ziurgabetasunek.