Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak web berria aurkezten du bere 25. urteurrenarekin bat etorriz

Guggenheim Bilbao Museoak gaur estreinatzen du bere webgune berria. Helburua hauxe da, esperientzia digital murgiltzaile, bisual eta zirraragarri bat eskaintzea, Museoaren zeregina, artea ezagutarazi eta gozatzen laguntzekoa, irmotzearren. Bere 25. urteurrenaren barruan aurkeztutako web berri hau erakundea inspiratzen duten balioekin lerrokatzen da: artea eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma goratu eta balioan jartzea, esker ona, inklusibitatea, eraldaketa eta etorkizunerako proiekzioa.

Diseinu bisual eta deigarri batekin taxututako web berriak interakzioa sustatzen du Museoaren eta bere publiko desberdinen artean —arte zaleak, hezitzaileak, turistak, artistak, gazteak, Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak, eta Kide Korporatiboak—, kolektibo bakoitzera egokitutako edukiak eskainiz. Horrekin batera, erabateko esperientzia digitalak eskaintzen ditu, bereizmen handiko bideo eta argazki berriak, bisita birtualak eta 360º-koak, eta zuzeneko emanaldiak jasotzen dituztenak. Webgunearen diseinu dinamikoak indartu egiten du material audiobisuala, mugikorraren bidez ere gozatzeko moduko hizkuntza grafiko garaikide batekin.

Artea protagonista

Artelanek, arkitekturak bezala, emozioak transmititzen dituzte. Eta egia bada ere Museora bertaratzen den bisitariaren esperientzia oso bestelakoa dela erabiltzaile digitalarenaren aldean, webgune berria emozioak birtualki pizteko dago diseinatua, artelana erdigunean kokatuta.

Hala, diseinu berritzaile eta dinamiko baten bidez lortzen da emozioak piztea, eta helburu horrekin egiten da jolas koloretako hondoekin, bi tipografia elkartuta (bata brutalistagoa eta bestea dotoreagoa eta arinagoa) eta aldaera kromatiko erakargarriez baliatuta. Kolore nagusiak zuria eta beltza dira, obra izan dadin protagonista. Dena den, zer erakusketa den, horren arabera, hondoaren kolorea aldatu egiten da nabarmendu nahi den obraren kolorera hurbiltzeko.

Bereizmen handiko argazkiak eta bideoak ere lagungarriak dira obrak nabarmentzeko. Bai erakusketetara bai Bildumara erabiltzailearen hasierako hurbilketa oso bisuala izan dadin, obra bat hautatzean pantaila osora zabaltzen da, esperientzia murgiltzaileagoa izatea helburu. Gainera, collage moduko animazio baten bidez, obrak dituen garrantzizko xehetasunez jabe daiteke erabiltzailea, eta horrek izaera ludikoa ematen dio nabigazioari.

Artelanen hasierako esperientzia sentsorial horren ondoren, diseinu berriak aukera ematen du, obrari, bere sortzaileari, edo bere testuinguru historikoari buruzko informazio zabal batean sakontzeko, eta sarbidea ematen du baliabide eta eduki gehigarri ugarietara.

 Webaren demoa eskuragarri HEMEN

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.