Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Juan Luis Moraza artistaren eta Geaninne Gutiérrez- Guimarães arte-arduradunaren arteko solasaldia aurkezten du

Guggenheim Bilbao Museoak Guggenheim Bilbao Insights segidako bideo berria aurkeztu du gaur. Bideo horietan Museoaren Arte Ardura arloko kideek Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman artelanak dauzkaten artistekin solas egiten dute; oraingo honetan protagonistak Juan Luis Moraza artista eta Geaninne Gutiérrez- Guimarães arte-arduraduna dira.

Elkarrizketan Estasia, Estatusa, Estatua instalazio ikusgarriari buruz aritzen dira. Morazak, 1994. urtean egin zuen instalazioa eta gizon eta emakumeen zapata-takoien hainbat erretxina-moldez osatuta dago. Piezaren izenburuaren bidez artistak monumentuen funtzioaren logika eta artelanak kulturarekiko eta gizartearekiko duen lekua ulertzeko saiakera bat egiten du. “Testuinguru horretan jabetu nintzen ‘estatua’ hitzak berak bilbe eta esanahi asko kondentsatzen zituela, bere etimologiak estasiarekin lotutako aditz greko batekin zerikusia duelako; baina, baita ere, funtzio monumentalak biltzen dituen hitz-familia batekin: estasia, estatusa, garaiera, urtaroa edo estatismoa”.

Solasaldian zehar, Juan Luis Morazak emakumeak testuinguru sozialean duen paperari buruzko hausnarketa egiten du. Horretarako, takoien adibidea jorratzen du, zeinak, hainbat tamaina eta forma bidez, emakumearen gorputza aldarazteko bitarteko gisa erabili baitira.

Bideo guztiak Museoaren webgunean daude eskuragarri, bai eta museoaren YouTube kanalean ere.

Hamabi artista

Ondokoak dira orain arte Guggenheim Bilbao Insights sailean parte hartu duten hamaika artistak: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons, Aitor Ortiz, Elssie Ansareo, Prudencio Irazabal eta Juan Luis Moraza.

Sei ikuspegi

Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osatzen dute, eta haietako bakoitzak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko dizkio proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituzten azken erakusketetako batzuk:

  • Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: Serra/ Seurat. Marrazkiak (2022), Alice Neel (2021), Lee Krasner (2020), Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018), Pello Irazu (2017), Bill Viola (2017) edo Jeff Koons (2015).
  • Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Film & Video aretoko programazioaren arduraduna da. Autos, Art, Architecture erakusketaren komisarioetako bat izan da. Hortaz gain, honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018), Anni Albers (2017) eta Artea eta espazioa (2017).
  • Geaninne Gutiérrez- Guimarães: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza; Basque Artist Program koordinatzen du bertan. Fauvismotik surrealismora. Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak (2022) eta Lygia Clark (2020) erakusketen komisarioa izan da.
  • Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Autos, Art, Architecture erakusketaren komisarioetako bat izan da. Hortaz gain Emakumeak abstrakziogille (2021) eta Asmenaren ildoa (2021) erakusketen komisarioa izan da.
  • Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Urte eroak: 1920ko hamarkada(2021), Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).
  • Marta Blàvia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Jean Dubuffet (2022), Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video programan ere.
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.