Guggenheim Bilbao Museoak eta IE University-k lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, eta haren helburua arteak, kulturak eta hezkuntzak gizartearen garapenerako ezinbesteko elementu gisa duten balio estrategikoa nabarmentzeko jarduerak garatzea da. Itunak aukera emango die bi erakundeei ezagutza, arteak eta humanitateak zabaltzera bideratutako ekimenak eta jarduerak elkarrekin lantzeko.
Hitzarmenari esker, IE Universityko ikasleek eta ikasle ohiek aukera izango dute prestakuntza-ikastaroetan, praktikaldietan eta bisitaldi birtualetan parte hartzeko munduko museorik entzutetsuenetako batean. Gainera, 140 herrialde desberdinetatik datozen ikasleek aholkularitza-proiektuak garatuko dituzte Guggenheim Bilbao Museoko adituen laguntzarekin beren “capstone project” ikerketa-lanetan txertatzeko. Halaber, akordioak jasotzen duenaren arabera, Museoko zenbait zuzendaritza-kidek IE Universityk antolatutako saio, jardunaldi, webinar eta curriculumetik kanpoko jarduera ezberdinetan parte hartuko dute hizlari moduan, eta erakunde biek argitalpenak plazaratuko dituzte elkarlanean.
Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusiaren hitzetan, “Hitzarmen honek belaunaldi berrien prestakuntzan laguntzea ahalbidetzen digu, eta horrek zeharo pozten gaitu, uste baitugu ezin aberasgarriagoa izango dela haiekin ideiak eta esperientziak trukatzea. Museoaren 23 urteetan zehar sortutako ezagutzak baliagarriak izango direla pentsatzen dugu ikasleen ibilbidea aberasteko eta haien asmoa eta nazioarteko karrera bultzatzeko, eta sinetsita gaude hartu-eman hori onuragarria izango dela bi aldeentzat”.
“Gaur egun bizi dugun testuinguru erabat aldakorrean lider izateko ezinbestekoak dira artea eta humanitateak, bai arlo pertsonalean, baita profesionalean ere” adierazi du Susana Malcorra IE University Arts & Humanities Division alorreko buruak, eta honakoa esanaz bukatu du: “IE Universityk bere posizionamendua indartuko du Guggenheim Bilbao Museoarekin elkartuta, eta ikasle, irakasle eta ikasle ohien komunitate anitzari humanitateen balioa hurbiltzen jarraitzeko modua emango dio horrek”.
IE University-ri buruz
IE Universityk 3.000 ikasle baino gehiago hartzen ditu urtero gradu, graduondoko, doktoretza eta executive education ikasketak burutzeko. IE nazioarteko hezkuntza-erakunde humanista bat da, apurtzailea eta jasangarria, erakundeetan berrikuntza eta aldaketa sustatuko duten liderrak prestatzen dituena. 500 irakasletik gora dauzka klaustroan eta egun 140 herrialde ezberdinetako ikasleak hartzen dituzte haien eskolek. Munduko hezkuntza-erakunde nagusien artean dago eta Madrilen eta Segovian nahiz 5 kontinenteetako beste 28 herrialdetan ditu egoitzak. IE Universityren ikasketa-metodologiak aurrez aurreko eskolak nahiz online egindakoak barne hartzen ditu eta, horrela, erakundea bere komunitate-sare guztira iris daiteke, zeinak graduatutako 60.000 profesional baino gehiago hartzen baititu bere baitan, 165 herrialdetan erantzukizun handiko lanpostuak betetzen dituztenak.