Guggenheim Bilbao Museoa 1997an inauguratu zen eta, asteburu honetan, 23 urte beteko ditu. Ospatzeko, aurten ere, Museoak doan zabalduko ditu ateak urriaren 17an, larunbata, eta 18an, igandea, herritarrei eskerrak emateko urte hauetan guztietan eman dioten babesagatik. Aurten, Museoak bereziki Kide Korporatiboei, Ohorezko Kideei eta Museoaren Lagunei eman nahi dizkie eskerrak, beti lagun izan baititugu, eta hori inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur egungo egoeran.
Egun horietan 11:00etatik 19:00etara Museora etortzen diren guztiek doan ikusi ahal izango dituzte Museoan ikusgai dauden askotariko erakusketak (ahal dela, aurretik erreserbatu behar da sarrera):
- Olafur Eliasson: bizitza errealean. Erakusketa honetan, Olafur Eliasson artista daniar-islandiarrak esperientzia sentsorial eta murgiltzaile bat eskaintzen du, natura nabarmenduz. Ur-jauzi batek, goroldioz estalitako horma batek, kolore anitzeko lainoak, ortzadar batek edo koloreak desagerrarazten dituen gela batek bisitarien zentzumenekin jolastuko dute.
Iberdrolak babestutako erakusketa. - Lee Krasner. Kolore bizia. Lee Krasnerren obra txundigarria eta sortze-ahalmena ezagutzeko erakusketa. Lee Krasner espresionismo abstraktuaren aitzindarietako bat izan zen. Erakusketa honetan, bisitariak koloretako mihise erraldoietan murgilduko dira, eta artistaren teknika piktoriko indartsuak inguratu egingo ditu. Aukera paregabea da hain talentu handiko artista bat ezagutzeko; inoiz ez zion utzi bere senari jarraitzeari eta ibilbide osoan etengabeko berrikuntza eta esplorazioan jardun zuen.
Seguros Bilbao-k babestutako erakusketa. - Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958 Jaio zenetik ehun urte beteko direnez, erakusketa honetan Lygia Clark margolari brasildarraren obra goiztiarra ikusi ahal da; izan ere interes berria piztu du azkenekotan nazioartean artistaren lanak. Bisitariak ikusi ahal izango dituen obretan, Lygia Clarkek figurazioarekin eta abstrakzioarekin esperimentatzen du, eta bere hizkuntza bisual ahaltsua egituratzen.
- William Kentridge: 7 atal. Koreografia eta marrazkiak uztartzen dituen bederatzi pantailaz osatutako bideo-instalazio murgiltzaile bat da. Zuria eta beltza nagusi direnez, instalazioak arte grafikoetako lan-teknikekin lotzen du filmaren testura tradizionala, eta aparteko esperientzia sortzen.
- Eta, horretaz guztiaz gain, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak ere ikusteko aukera dago; besteak beste, Denboraren materia (Richard Serra), Bilborako instalazioa (Jenny Holzer) eta Mark Rothko, Yves Klein, Andy Warhol eta Jean-Michel Basquiaten artelan txundigarriak.
Egin erreserba online sarrera ziurtatzeko
Aurten, komeni da sarrerak aurretik webgunean erreserbatzea Museoan sartu ahal izateko. Izan ere, gaur egungo egoera dela-eta, bisitari-kopurua mugatu egin da ordu-tarte desberdinetan. Urriaren 14tik aurrera (asteazkena) erreserbatu ahal izango dira sarrerak, online.
Sarrerak erreserbatzeko: https://tickets.guggenheim-
Joan Museoaren webgunera eta irakurri ezarritako segurtasun-neurriak, arteaz erabat seguru gozatzeko. Besteak beste, musukoa une oro jantzita eduki beharko da, eta arropzaindegia itxita egongo da. Artelanak babesteko, aretoetan ezin da sartu ez aterkirik ez bizkar-zorrorik.
Neurri guztiak: https://www.guggenheim-bilbao.