Prentsa oharra

Finantza-irregulartasunei buruzko adituen txostena

Guggenheim Bilbao Museoak epaileari bidali dio finantza-irregulartasunei buruzko adituen txostena

Guggenheim Bilbao Museoak Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao S.L.-ren Sozietate Edukitzailearen eta Higiezinen Sozietatearen dirua osteagatik aurretiazko eginbideen instrukzioa egiten ari den epaileari kanpoko kontu ikuskaritza enpresa bati Museoak agindutako adituen txostena bidali dio. Txosten hori finantza- eta kontabilitate-irregulartasunak hauteman ondoren eskatu zen. Izan ere irregulartasun horiek ordura arte Museoaren Administrazio eta Finantzen Zuzendaria zen Roberto Cearsolo jaunaren aurka salaketa bat paratzea eta bere kaleratzea ekarri zuten.

Bi sozietateen banku-kontuak 1998. urtetik 2006. urtera arte sakonki aztertu dituen aipatu txosten horren ondorioek Roberto Cearsolo berak aitortutako diru-osteak baieztatzen dituzte, kopurua zehazteko orduan ezberdintasunak agertzen badira ere. Cearsolo jaunak zehaztutako kopurua 486.979 euro ziren eta benetako kopurua 494.244 eurokoa (7.265 euro gehiago) da. Alde hori aritmetika akatsengatik eta aitortutako kontu-sail bat gaizki zehazteagatik gertatu da.

Horrez gain, adituen iritziaren arabera, bederatzi eragiketa daude orokorrean Roberto Cearsolok egindako diru-osteak izateko zantzu argiak dituztenak eta guztira 62.237 euroko kopurua ematen dutenak. Sozietate Edukitzailearen nahiz Higiezinen Sozietatearen kontuetan egindako eragiketa horiek 1998. eta 1999. urteetan egin ziren. Hauek guztiz egiaztatu ahal izateko epaileari dagokien banketxeei Ofizioak bidaltzea eskatu zaio.

Gogoratuko denez, Roberto Cearsolok egindako diru-osteen ondorioz Sozietate Edukitzailearen eta Higiezinen Sozietatearen kontuetan finantza- eta kontabilitate-irregulartasunak hauteman ondoren, Museoak kanpoko kontu ikuskaritza enpresa bati adituen txosten bat eskatu zion. Ikuskarien egitekoak, laburbilduz, hauek izan dira:

1. Sozietateekin 1998. urtetik 2006. urte bitartean lan egin zuten banketxeak eta epe horretan
sozietate bakoitzak zabalik izandako banku-kontuak identifikatzea.

2. Banketxeei euskarri gisa erabiltzeko beharrezkoak ziren dokumentuak eskatzea (kontuen mugimenduen laburpenak eta kontu-sail jakin batzuen aukeraketak) nahiz ondoko xehetasunei buruzko informazioa eskatzea: kontu-korronteak, pasiboa, baimendutako sinadurak, finantza-inbertsioak, eta abar.

3. 1998ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31 arte bi sozietateetan egindako banku- mugimendu guztiak aztertzea eta mugimendu horien analisi kritikoa egitea bi sozietateen ohiko jarduerara egokitzen direla egiaztatzeko, batik bat altxortegiko irteera-eragiketak aztertuz.

4. Aipatu ekitaldi horietan Zor Publikoetan, Birjarpenetan eta abarretan egin ziren inbertsio- eta itzultze-mugimendu guztien ikuskatze zehatza.

5. Urteko kontuetan, kontabilitate-liburuetan, kontabilitate erregistro lagungarrietan nahiz horien euskarri den kontabilitate-aplikazioan burututako aldaketa guztiak ikertzea eta kontabilitate informazioaren bat etortzea egiaztatzea.

6. Egiaztatze horiek guztiak egin ondoren, bi sozietateen ondarean gertatutako osteak hautematea eta diru-kopuru horiei buruzko informazio guztia identifikatzea.

Bestetik, gaur arte Roberto Cearsolok hainbat diru-kopuru itzuli ditu, guztira 437.900 euro, hark berak hasieran aitortutako 486.979 euro horietatik. Hain zuzen ere, uztailaren 24an, osteguna, 50.000 euro itzuli zituen. Beraz, oraindik 49.079 euro gelditzen dira itzultzeko, gehi, kasuan kasu, adituen txostenean zehaztutako kopuruak.

Bilbon, 2008ko uztailaren 29an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.