Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak berrikuntzaz eta erronkaz beteriko hezkuntza-programarekin hasten du 2019–2020 ikasturtea

  • Eraikina eta Bilduma ikusteko bisitaldi birtualak, erakusketei buruzko material digitalak eta egonaldi artistikoak, horiexek berrikuntzetako batzuk.
  • Aurten ere, BBK-k Guggenheim Bilbao Museoa eta haren hezkuntza-programak sustatzen ditu bere misioaren baitan, Bizkaiaren garapen ekonomikoa eta haren gizarte-kohesioa hobetzen laguntzeko.
  • 2018–2019 ikasturtean, 34.060 ikaslek hartu zuten parte Museoaren hezkuntza-programetan.

Guggenheim Bilbao Museoak 2019–2020 ikasturterako hezkuntza-programak aurkeztu dizkio gaur EAEko hezkuntza-komunitateari. BBK-k babestutako programa horien helburua eskola-eremuan gure garaiko artearen eta arkitekturaren ezagutza, ikaskuntza eta gozamena sustatzea da. Honako hauek dira ikastetxeek eskura izango dituzten baliabide eta jardueretako batzuk:

Orientazio-saioak. Erakusketa bat inauguratzen den bakoitzean, Museoko Hezkuntza-taldeak eskainitako orientazio-saio batera joateko aukera izango dute irakasleek, aurrerago ikasleekin Museora egingo duten bisitaldia prestatzen laguntzeko. Saio horiek osatzeko, erakusketen doako bisitaldiak eskainiko zaizkie irakasleei data jakin batzuetan.

Bisitaldi autokudeatuak. Doako bisitaldi horien helburua zera da, irakasleek eskola balitz bezala erabili ahal izatea Museoa eta talde guztiak gozatzea ikasketa-prozesuaz.

Bisitaldi birtualak. Museora bertaratu ezin duten ikastetxeek hura modu birtualean eta denbora errealean bisitatu ahal izateko bisitaldi birtualak egingo dira Skype bidez. Munduko edozein txokotatik, ikastetxeek zuzenean bat egin ahal izango dute hiruhilekoan behin hizkuntza ezberdinetan antolatuko diren ibilbideokin, eta galderak eta iradokizunak planteatzeko aukera ere izango dute.

Baliabide didaktikoak. Museoaren webguneko “Ikasi” atalean, irakasleek eskuragarri dituzte Museoaren Bildumako zenbait obrari buruzko ikastaroak, hala nola Jeff Koons-en Puppy, Louise Bourgeois-en Ama edo Richard Serraren Denboraren materia, denak ere iTunes U plataformaren bidez deskargatzeko moduan. Bestalde, Sway aplikazioaren bidez, aldi baterako erakusketen inguruko ibilbide gomendatuak, bideoak, argazkiak eta jarduera-proposamenak eskainiko dizkie Museoak, eta adin-tarte guztietako ikasleentzako mapak eta ibilbideak ere deskargatu ahal izango dituzte, hasi Haur Hezkuntzatik eta Batxilergoraino.

Egonaldi artistikoak. Artistak ezinbesteko pieza dira ikasgeletan pentsamendu dibergentea eta sorkuntza-prozesua sustatzeko. Horrexegatik aritzen dira ikastetxeekin elkarlanean Artea ikasbide programaren baitan, eta Museoan bertan ere egiten dute lan, hezkuntza-proiektuak pentsatzen eta garatzen.

Programa horien guztien helburua irakasleak Museoko hezkuntza-komunitateko kide izatera eta beren esperientziak partekatzera animatzea da. 2018–2019 ikasturtean, 34.060 izan dira hezkuntza-programetan parte hartu duten ikasleak.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.