- Olafur Eliasson artistak sortutako irabazi asmorik gabeko Little Sun fundazioak eguzki‑sistema eramangarriak garatu ditu Senegaleko landa-eremuetan osasun arloan laguntzeko.
- Guggenheim Bilbao Museoak laguntzen duen proiektu hau Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailaren Bizkaia Koopera programaren barruan gauzatuko da.
- Olafur Eliasson: Bizitza errealean erakusketa 300.000 lagunek bisitatu dute Guggenheim Bilbao Museoan, eta ateak behin betiko itxiko ditu datorren apirilaren 11n.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Guggenheim Museoak eta Olafur Eliasson-en irabazi asmorik gabeko Little Sun fundazioak bat egin dute berriz ere ‘Argiak Senegalerako’ garapenerako lankidetza-proiekturako. Olafur Eliasson artistak, bere Little Sun fundazioaren bidez, Senegaleko landa-eremuko osasun-zentroei laguntza emateko programa abiarazi du. Afrikako landa-eremuetan osasun-instalazioek gehienetan ez dute elektra-indarrik, edo noizbehinka bakarrik, eta osasun-profesionalek ere askotan ez dute elektra-indarrik eskura lanean dihardutenean. Esate baterako, ordu luzez bidaiatu behar dute pazienteekin harremanetan egoteko ezinbestekoak diren mugikorrak kargatu ahal izateko. Elektrizitate indarraren hornikuntza maiz eten egiten denez, osasun-langileek ezin dituzte diagnostikoak egiteko oinarrizko-frogarik egin, ez dute sendagaiak hotzetan kontserbatzerik eta ez dute argirik ebakuntzak egiteko. Proiektuaren edizio berri honetan osasun-zentroetan erabiltzeko 65 eguzki-sistema finantzatuko dira. Sistema horiek osasun-langileen lana erraztuko dute, bai COVID-19aren prebentzio-kanpainetan, bai amen zaintza medikoan, bai gaixotasun tropikalen aurkako lehen sorospenean. Doako argiztapena emateaz gain, eguzki-indarrean oinarritutako sistemak honek telefono mugikorrak kargatzeko aukera ere eskaintzen du. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko saileko diputatu Teresa Laespadak eta Museoko Zuzendari Nagusi Juan Ignacio Vidartek gaur aurkeztu dute Little Sun eguzki-lanparen sistema hau Guggenheim Bilbao Museoan.
Proiektua, eta ‘Bizkaia Koopera’ programa bera, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Estrategiaren barruan kokaturik daude.
“Elkarlan honek argi erakusten du nola artearen munduak ekintza klimatikoan lagun dezakeen eta Garapen Jasangarriko Helburuei ekin diezaiekeen”. 2012az geroztik, Little Sunek 1,2 milioitik gora eguzki-gailu pertsonal banatu ditu mundu osoan ikasle, errefuxiatu, maisu eta osasun-langile komunitarioen artean, elektrizitaterik gabeko eremuetan. Erakundeak 58 milioi ikastordu gehigarri sortu ditu haurrentzat, 800.000 tona metrikotan jaitsi ditu CO2 isurketak eta etxeetan 150 milioi dolar aurrezten lagundu du, energia garbia erabiliz. Little Sunek kultur erakundeekin eta artistekin lan egiten du, eguzki-energia mundu-mailan pertsonen eguneroko bizitzaraino eramateko, eta munduari www.littlesun.org-ren eguzki-energiaz funtzionarazteko ekintzak bultzatzeko.
Olafur Eliasson: Bizitza errealean erakusketa, Iberdrola babesle duena, 300.000 lagunek bisitatu dute Guggenheim Bilbao Museoan, eta ateak behin betiko itxiko ditu datorren apirilaren 11n.