Prentsa oharra

Bideo-gidak

Guggenheim Bilbao Museoak gaur aurkeztu ditu bideo-gida berriak. Hauei esker, bisitari gorrek Museoko erakusketen edukiak aditzeko aukera izango dute, beste bisitariek dituzten baldintza berberetan.

Museoetako ekimen berritzaile hau Coordinadora Vizcaína de Sordos-en (COORVISOR) eta Acoustiguide enpresa ingelesak emandako euskarri teknologikoari esker burutu da. Acoustiguide enpresa aurrendaria da ikus-entzuteko tresnen garapenean, Museoetako bisitariei erakusketen edukia eskaintzen dietenak.

Guggenheim Bilbao Museoak pertsona gorren eskura jarri duen bideo-gida kontsola multimedia eta interaktiboa da; ukimenezko pantaila eta intuiziozko erabilera ditu, eta bi eratara eskaintzen dizkio erabiltzeaileari Museoko Bilduma Iraunkorrari eta eraikinari buruzko azalpenak: zeinu-mintzairaren bidez eta azpitituluen bidez.

Honela, Guggenheim Bilbao Museoak sendotu egiten du pertsona guztientzako irisgarritasun orokorra lortzeko duen konpromisoa. Museoak irisgarritasun sistema aurrendaria dauka UNE 170001 arauari jarraikiz; honen helburua, eraikina eta bertako zerbitzuak edozein pertsonentzat irisgarri izatea da. Azken hiruhilabetean hainbat ekintza jarri dira abian talde desberdinen irisgarritasuna hobetzeko asmoz: ezindu fisikoak, ikusmen edo entzumen ezintasuna duten pertsonak, ezindu psikikoak, adinekoak eta haurrak.

Hauexek dira, besteak beste, burutu diren ekintzak:

  • Igogaiuen botoiak altuera egokian eta ahots sintetizadorea solairua zein den esanez
  • Informazio-mahaiak eta arropazaindegia gurpil-aulkietako erabiltzaileei egokituta
  • Ateak automatikoki irekitzea
  • Begizta magnetikoak ezartzea, oso entzumen ahula duten bisitarien komunikazioa hobetzeko helburuarekin.
  • Museoko dendatik eskailera-mailak kentzea
  • Gidaridun bisitaldiak eta tailerretara egindako bisitaldiak, ezintasun fisiko edo psikikoren bat duten helduei zuzenduak.
  • Zeinu-mintzairadun gidaridun bisitaldiak, gorrentzat.

Gorrentzako bideo-gida berria Guggenheim Bilbao Museoko langileen eta COORVISOR-en arteko lankidetza estuaren emaitza da. Hauexek izan dira elkarrekin egindako lan honen jarduera-lerroak:

  • Gorrentzat irisgarritasun diagnostikoa egitea.
  • Museoko langileei komunikazio-estrategiei buruzko prestakuntza ematea, baita bisitari gorrei laguntza emateko jarraibideak ere, sektore desberdinetako langileen partehartzearekin: bisitariekiko harremana, denda, kafetegia, segurtasuna...
  • Zeinu-mintzaira eta azpitituluak dituzten ikus-entzunezko edukiak sortzea, ondoren bideo-gidan sartzeko. Ikus-entzunezko prozesu honi dagokionez, ondoren zehazten ditugun jarraibideak hartu dira kontuan:

- Bisitari bakoitzaren hizkuntza naturalarekiko errespetua. Informazio tresna bezala zeinu-mintzaira eta azpitituludun gaztelania eskaintzen dira, pertsona gor bakoitzak edukiak gustokoen duen sistemaren bidez ikus ditzan.

- Lan hau eredutasunez garatzea, hau da, edukiak pertsona gorrek aurkeztea eta ez zeinu-mintzairadun lengoaiaren interpreteek. Horren helburua, erabiltzaileekin identifikazio-efektua lortzea da.

- Taldeko lana, kide bakoitzaren gaitasunei ahalik etekinik gehien atereaz. Museoko langileez gain, lau pertsona gorrek –horietako bi elebidunak– eta zeinu-mintzairaren interprete batek hartu dute parte. Guztien artean egin dituzte zeinu-mintzairarako itzulpena, testuen egokitzapena, bideo-grabazioa, bideo-edizioa, azpitituluak, sinkronizazioa eta euskarri digitalean egindako grabazioa.

- Zeinu-mintzairarako itzulpen praktikoa. Honela, itzulpenaren ikusmen eta espazio ezaugarriei esker, zenbait kasutan kontzeptu edo ideiaren irudikapen bisuala egin daiteke, ahozko diskurtsoak baino eduki aberatsagoa duena.

- Ahozko diskurtsoarekin errespetutsua den zeinu-mintzairako itzulpena. Honela, itzultzeko zailak diren ñabardura abstraktuak agertzen direnean, zeinuak erabiltzen dituzten pertsona gor gehienen kultur oinarriaren eta lengoaia prozesatzeko moduaren arabera azalduko dira.

- Azpitituluak dituen testua jatorrizko gidoiarekiko leiala izatea; honek ez du derrigorrez esan nahi entzuten den edukia zehatz-mehatz transkribatu behar denik. Azpitituluak izango dituen gidoi oro, Teletestuan bezala, editatu egin behar da irakurtzean abiadura egokia izateko, eta edukiak barneratu ahal izateko.

- Ikus-entzunezko sektorean azpitituluei buruzko arau teknikoak betetzeko ardura; adibidez, letra horiak hondo beltzaren gainean erabiltzea, garbi ikusten baitira.

- Azkenik, informazio iturri desberdinen arteko sinkronizaziorik zehatzena –ahozkoa, idatzia eta zeinu-mintzaira–; betiere, pertsona bakoitzaren erritmo naturalari kalterik egin gabe, edukiak adierazterakoan argitasuna bermatzeko.

Ekimen honekin, Guggenheim Bilbao Museoak pausu bat gehiago eman du bisitariek, euren ezgaitasuna gorabehera (fisikoa, zentzumenezkoa edo psikikoa) Museoko espazio eta zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera izan dezaten. Inauguratu zenetik, instituzio honek sentikortasun berezia adierazi du irisgarritasuna pertsona guztien esku egon dadin; honela, bideo-gida berriari esker, egun daukagun egoera aski onetik eta betiere etengabeko hobekuntzarako irizpideetan lan eginez, irisgarritasuna lortu ahal izango da independentziarik handienarekin eta konponbide unibertsalen bitartez.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.