Prentsa oharra

2020KO AURREKONTUAK ETA ARTE-PROGRAMAZIOA ONARTU DITU GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUAK

Gaur elkartu da Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua; bertan izan dira: Iñigo Urkullu jauna, Patronatuaren Presidentea eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria; Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Juan M.ª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua; eta Lorea Bilbao andrea, Euskara eta Kulturako Foru Diputatua, Batzorde Betearazleko kidea den aldetik; Pilar Aresti andrea, Ohorezko Kideen Batzorde Aholkulariaren Presidentea; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoetako zuzendariak, Richard Armstrong jauna eta Juan Ignacio Vidarte jauna, baita Fundazioaren gobernu-organo gorenaren parte diren enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere.

Bilera horretan, Museoaren jardueren inguruko daturik nabarmenenak errepasatu dira, bereziki, gaur arte erakundeak izan duen 1.079.840 bisitariko kopurua, aurreikusitakoa baino % 21 gehiago urtea amaitzeko bost aste falta direnean; milioi bat bisitariko muga urtea amaitu baino bi hilabete lehenago gainditu du, eta guztirako bisitarien hiru laurdenak atzerritarrak izan dira.

Era berean, batzar horretan 2020ko aurrekontua onartu da: % 3,4 egingo du gora 2019koarekin alderatuta, batez ere bisitariei esker lortutako diru-sarrera propioen hobekuntza dela eta; Euskal instituzioek Museoaren operatiboari egingo dioten ekarpena azkeneko ekitaldietan egindakoen mailan mantenduko da.

Era berean, batzar horretan 2020ko Arte-programazioa ere onartu da, tartean, gure garaiko artean erabakigarriak diren El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Lee Krasner eta Lynette Yiadom-Boakye artistei eskainitako erakusketak eta William Kentridge, Isaac Julien eta Alex Reynolds bezalako egileen bideo-instalazioak, Film & Video aretoan erakutsiko direnak. Programazioaren baitan bestelako erakusketak ere badaude, besteak beste, 1920ko hamarkadako “urte eroetako” sorkuntzari buruzko erakusketa bat, Berlinen eta Parisen zentratua, eta Vasily Kandinskyren lanetan oinarritutako beste bat. Azken hori Guggenheim Fundazioarekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren Berrespenari esker antolatzen diren bi urtez behingo erakustaldietako bat izango da, eta ezinbesteko artista horren hainbat pieza, Bilbon sekula ikusi gabeak, batzen dituen bilduma aparta jarriko du ikusgai. Erakusketen irudiak lortzeko, sakatu hemen.

Halaber, Museoa 2021erako lantzen ari den zenbait erakusketa-proiektu ere aurreratu dituzte, besteak beste, euskal artistei buruzko erakusketa bat (zehatzago esanda, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Bilbon egindako pinturari buruzkoa); Yoshitomo Nara eta Ibon Aranberri artistei eskainitako esposizio monografikoak; eta Vito Acconci eta Racher Rose bezalako sortzaileen eskutik Film & Video aretoan egingo diren erakustaldiak.

2018–2020 Plan Estrategikoaren burutzapen-egoerari dagokionez, Museoa bizitzen ari den eraldaketa-digitalerako plan handiaren azken garapenen berri eman zaie bertaratuei, hala nola webgunearen berrikuntza, online Denda berria, sarrerak erosteko plataforma eta irakasleei zuzendutako hezkuntza programetan eta jardueretan txertatu diren ikus-entzunezko formatu berriak eta bisitaldi birtualak. Kudeaketa-eredu aurreratuei buruzko berrikuntzei dagokienez, Gizarte Erantzukizun Korporatiboari buruzko txostena GRI (Global Reporting Initiative) estandarren arabera egin duen lehen museoa izan da Guggenheim Bilbao Museoa. 2018ko ekitaldian ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-arloetan izandako iraunkortasunari buruzko informazio garden eta fidagarria eskaintzeko xedez egindako memoria hori AENOR-ek egiaztatu du. Halaber, 2009an Museoak efr ziurtagiria  jaso zuen lehenengo aldiz; harrezkero, bere pertsonak kudeatzeko politika errealitate berrietara egokitzen joan da eta sistematika hori berretsi egin du bi urtean behin, aurten “A bikaintasun” maila erdietsi duen arte.

Bestalde, 2020rako salneurri-eskema berria onartu da prezioak publiko berrien nahietara egokitzeko, bisitarien esperientzia hobetzeko, gizartearekiko lotura indartzeko eta baliabide teknologikoen erabilerak eskaintzen dituen onurak aprobetxatzeko, beti ere Museoaren iraunkortasun ekonomikoa bermatuta. Honakoak dira neurri berriak, besteak beste: sarrera doan 18 urtera arte; ikasleentzako eta pentsiodunentzako onurak hobetuko dira; erakusketa bakoitzaren azken egunean sarreren salneurriak % 50eko deskontua izango du 16:00 eta 20:00 bitartean bisitariek erakusketa ikusteko azken aukera izan dezaten (gainontzeko erakusketak ere ikusi ahal izango dituzte); eta sarrerak online erosteagatiko hobariak (leihatilan baino euro 1 edo 2 merkeagoak izango dira).

Patronatuaren saioaren aurretik, Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L. sozietate ukandunaren Kontseiluak izan du bilkura, eta Jenny Holzer-ek egindako dohaintza bat onartu du; jasotako obrak errealitate areagotua erabiltzen du bisitariei hiru esperientzia ezberdin eskaintzeko. Halaber, 2020–2023 Jarduera Plana ere onartu da; datozen lau urteetan artelanak erosteko jarraitu beharreko metodologia eta gidalerroak jasotzen ditu, besteak beste. Plan horrek Bildumaren balorazio-txostena ere jasotzen du, Christie’s etxeak egindakoa; haren arabera, Bildumaren balioa 823 milioi eurokoa da, eta horrek esan nahi du artelanak erosteko orain arte egindako 105 milioi euroko inbertsioak ia zortzikoiztu egin duela hasierako balioa.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.