- Zinemagileak gaur, azaroak 28, jasoko du saria Guggenheim Bilbao Museoan egingo den ekitaldian
- Sariaren bigarren edizioan SundanceTV telebista-kanalak ospatu egiten du entzute handiko artista plastiko eta zinema-zuzendariak ─besteak beste ‘Antes que anochezca’, ‘La escafandra y la mariposa’, ‘La escafandra y la mariposa’ eta ‘Van Gogh, a las puertas de la eternidad’ filmak zuzendu ditu─ egindako ibilbidea
- Galaren ondorengo egunetan SundanceTV telebista-kanalean ‘Antes que anochezca’ filma eta ‘Julian Schnabel: Un retrato privado’ dokumentala emango dira
Bilbo, 2023ko azaroaren 28a
SundanceTV telebista-kanalak Julian Schnabeli emango dio SundanceTV Inspiration Award saria bere bigarren edizioan, azaroaren 28an Guggenheim Bilbao Museoan egingo den ekitaldi batean, zinemagilea bertan dela. Sari honekin, kanalak Schnabelen ibilbide joria aitortzen du. Artista plastiko gisa ez ezik, film enblematikoen zuzendari gisa ─‘Antes que anochezca’, ‘La escafandra y la mariposa’ edo ‘Basquiat’─ ere duen talentuagatik nabarmentzen da Schnabel, eta sortzaile handien bizitzari eta obrari leihoa irekitzen dien filmografia da berea.
Julian Schnabelek berak jasoko du saria museoan egingo den ekitaldi batean, eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia, eta Manuel Balsera, AMC Networks Internationaleko Zuzendari Nagusia izango dira bertan parte hartzen. Galaren aurkezlea María Guerra zinema-kazetaria izango da, eta berak moderatuko du Julian Schnabelekin izango den solasaldi bat bere ibilbidearen eta bere ikuspegi sortzailearen inguruan.
Saria Bilbon banatu ondoren, ostiralean, abenduak 1, AMC SELEKTen SundanceTV kanalak zinemagileari eskainitako programazio berezi bat emango du; telebista linealean estreinatuko ditu ‘Julian Schnabel: Un retrato privado’ (2017) dokumentala eta zinemagilearen film ospetsuenetako bat, ‘Antes que anochezca’ (2000); film honekin Javier Bardem lehen aldiz izan zen izendatua Oscar sarietara.
SundanceTVk, lehenengo edizioan Carlos Saurari saria eman zionak, zinemaren arloko sorkuntzarekin hartua duen konpromisoan, omendu egiten ditu ikus-entzunezko lengoaiaren bidez publikoarekin konektatu eta zazpigarren artearen mugak zabaltzen dituzten istorioen kontalariak. Sari honek, bestetik, SundanceTVk eta Guggenheim Bilbao Museoak gure herriko zinemagile gailenei egiten dieten omenaldiarekin jarraitzen du. Izan ere, hainbat eskola magistral antolatu dituzte museoan, eta zuzendari handiek ─tartean Alejandro Amenábar, Fernando León de Aranoa, Álex de la Iglesia eta Isabel Coixet─ parte hartu dute haietan.
Julian Schnabelen (Brooklynen jaioa, 1951n) obrak pinturak, eskulturak eta paper gaineko lanak biltzen ditu, eta erakusketa monografiko ugari izan ditu mundu osoan. Bere sorkuntzak erakunde hauen bilduma iraunkorretan daude: MoMA, MET - Metropolitan Museum of Art, New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoak, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Tate Gallery eta Pompidou Zentroa, besteak beste.
Julian Schnabelek sei film luze idatzi eta zuzendu ditu. Horien artean, ‘Basquiat’ (1996); ‘Antes que anochezca’ (film honekin Javier Bardemek Veneziako Coppa Volpi saria ere irabazi zuen, eta zintak Epaimahaiaren Sari Nagusia ere eskuratu zuen); ‘La escafandra y la mariposa’ (2007), Cannesen zuzendari onenaren saria, eta ingelesez besteko film onenaren eta zuzendari onenaren Urrezko Globoen saria jaso zituena; Oscar sarietarako lau izendapen, tartean zuzendari onenarena, eta Cesar saria Mathieu Amalricentzat; ‘Lou Reed Berlín’ (2007); ‘Miral’ (2010); eta ‘Van Gogh, a las puertas de la eternidad’ (2018), Willem Dafoe protagonista duen filma; honek Veneziako Coppa Volpi saria ere irabazi zuen, eta Oscar sarietan eta Urrezko Globoetan aktore onenaren sarirako izendatua izan zen. Egun, Julian Schnabel bere zazpigarren film luzean ari da lanean, ‘En la mano de Dante’ izenekoan; Nick Toschesen nobela homonimoaren moldaketa bat da.
SundanceTV AMC SELEKTen eskuragarri dagoen telebista-kanal bat da, kritikak eta publikoak goretsitako duten zinema independentea eta mundu osoko nazioarteko telesail arrakastatsuak eskaintzen dituena. Ordainpeko telebista-plataforma nagusietan banatzen da, hauek barne: Movistar Plus+, Vodafone TV, Orange TV, Euskaltel, R, Telecable, Agile TV, Jazztel TV, CLICtv eta tokiko kablea.
Twitter @SundanceES
Facebook SundanceTV España
YouTube @AMCSELEKT
Web www.sundancetv.es/
AMC Networks International Southern Europe
comunicacion@amcnetworks.com