Prentsa oharra

UYU-YUI antzerki talde bilbotarren "Crímenes Ejemplares"

Guggenheim Bilbao Museoak UYU-YUI antzerki talde bilbotarraren Crímenes Ejemplares” musikala aurkezten du

Bilboko konpainiak Max Aub antzerkigilearen lan baten bertsioa aurkezten du, entzuteko urritasunak dituzten pertsonentzat moldatua

Hamargarren Urteurrenaren ospakizunekin jarraitzeko, Guggenheim Bilbao Museoak entzuteko urritasunak dituzten pertsonei zuzendutako ekitaldia antolatu du. Urriaren 27an, larunbata, 19’30etan Museoko Entzungelan UYU-YUI Bilboko antzerki taldeak Max Aub idazlearen “Crímenes ejemplares” oinarritzat hartuta egin duen musikalaren bertsioa aurkeztuko du zeinu-hizkuntza gehituz,

Max Aub-en antzezlanean euren errua aitortzen duten hiltzaile batzuen monologoak aurkezten zaizkigu. Monologoetan bakoitzak bere biktima hiltzeko arrazoiak kontatzen ditu. Hiltzaileak pertsona arruntak dira: kupoi-saltzailea, etxekoandreak, erretiratuak, etab. Guztiek ere, arazo txikiak burutik ezin kenduz, muturrera eraman dituzte eta hilketaraino iritsi dira.

Konpainiaren zuzendaritza Tiki Titá musika-antzerki elkartearen eskuetan dago. Elkarte honetako kideak Maitane Zalduegi, Itziar Lazkao eta Gurutze Beitia dira eta horien borondatez zeinu-hizkuntzak koreografia, testu eta abesti guztiak lagunduko ditu Bilbon maiatzean arrakasta handiz aurkeztu zen ikuskizunarekin bat eginez.

Max Aub idazlearen “Crímenes ejemplares” antzezlanaren bertsio honekin arrakasta handiz hasi du bere ibilbidea Bilboko “UYU-YUI” antzerki-taldeak. 18 antzezlek osatzen dute taldea eta antzezlan honen eszenaratzeari esker harri eta zur utzi zuten mundu guztia, ARTEZ antzerkiari buruzko aldizkariaren zuzendaria den Carlos Gil Zamoraren hitzetan “testuaren aberastasunagatik, dramaturgiaren argitasunagatik, eszenaratzearen aisetasunagatik, antzezleen lan onagatik, musikaren erritmo kutsakorragatik eta ikusleengan sortarazten duten enpatiagatik”.

Guggenheim Bilbao Museoa eta urritasunak dituzten pertsonak

Irisgarritasuna bultzatzea xedetzat hartuz Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelak begizta magnetikoa du abian T posiziodun entzungailuak dituzten entzumen urriko pertsonentzat. Bestetik, Entzungelako sarreran zeinu-hizkuntza dakien pertsona bat egongo da antzezlana ikustera etortzen diren pertsonei laguntzeko prest.

Guggenheim Bilbao Museoak ahalegin berezia egin du Museoa pertsona guztientzako irisgarria izan dadin. Hori dela-eta aurretik arrakasta handiarekin antzeztu den ikuskizun hau hamargarren urteurrena ospatzeko jardueren egitarauan sartu dugu, arte eta kulturarekin harremanetan jartzeko zailtasunak dituzten pertsonei berdintasunaren printzipioa aplikatzeko ahaleginean.

Guggenheim Bilbao Museoak eta Coorvisor-ek (Gorren Bizkaiko Koordinakundeak) hainbat ekimen bultzatu dituzte lankidetzan: Museoko langileentzako entzuteko urritasunak dituzten pertsonekin aritzeko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ikastaroak antolatu dira; bideo-gida moldatuak (PDA euskarrian) eskaini dituzten museoen artean lehenengoetarikoa izan da gurea; ukimen-pantaila; eta begizta magnetikoa Entzungelan. Gainera, Museoaren Hezkuntza eta Interpretazio zuzendariordetzak duela urte batzuk urritasunak dituzten pertsonentzako propio garatutako hezkuntza-programak burutzen ditu.

Guggenheim Bilbao Museoaren Hamargarren Urteurrenean musikal hau aurkeztu ahal izateko Coorvisor-en laguntza izan dugu oraingoan ere. Izan ere, antzezlanerako sarrerak erosi dituztenek Coorvisor eta Museoak bidalitako bi zirkularrak aurkeztuz gero, Museora doan sartu ahal izango dira urriaren 27an antzezlana hasi aurretik.

Zeinu-hizkuntza interpretea: Raquel Rodríguez
Antzezleak (parte hartzearen hurrenkeran):

Elena Vivanco “La Finolis”
Miren Izostegi “La acosada”
Natxo Sabrido “El Fondillos”
Begoña Uriarte “La Consorte”
Lidia Menéndez “La Nena”
Charo Barrio “La Mamá”
Encar Roda, “La Chitón”
Alex Vaquer “El Tijeras”
Naiara Santacoloma “La Pantera”
Begoña Marbán “La Palillos”
Ángel Pisano “El Lotero”
Ana Llamas “La Puntual”
Irrintzi Ibarrola “El Gallego”
Karmele Larrinaga “La Olvidada”
Mariu Castañeda “La Psicoterapeuta”
Leire Vadillo “La Briggitte”

Bilbo, 2007ko urriak 26

Eman izena Guggenheim Bilbao Museoko prentsa arloan Hamargarren Urteurrenari buruzko informazio guztia jaso nahi baduzu.
www.gubilbao.com/prensa/eu/prensa.asp

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.