Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk antolatutako La escuela creativa, la escuela del futuro udako ikastaroa emango dute izen handiko hezkuntza arloko profesionalek, filosofoek eta nazioarteko artistek

“Astindu burua!”. Horixe eskola-hezkuntzaren arloan sormenean eta irudimenean oinarrituta dauden azken joerak ezagutarazteko helburua duten jardunaldion lemetako bat

Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk La escuela creativa, la escuela del futuro izeneko udako ikastaroa eskainiko dute datorren ekainaren 27 eta 28an Bizkaia Aretoan eta Guggenheim Bilbao Museoan. Ikastaroaren zuzendariak Marta Arzak eta Marta Prado dira, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza arloko Zuzendariordea eta Teknikaria, hurrenez hurren.

Ekainaren 27an, Kieran Egan filosofo eta Heziketa Irudimentsua deritzonaren sortzaileak adinean aurrera egin ahala gure irudimena nola aldatzen den eta hezkuntza aldaketa horietara nola egokitu daitekeen azalduko digu, eta ikasketa sakonerako asmatu duen praktika berritzailea deskribatuko digu. David Bueno Bartzelonako Unibertsitateko genetika irakaslea neurozientziak hezkuntza-arloari egindako ekarpenaz mintzatuko da, eta sorkuntza artistikoak burmuinaren malgutasuna areagotzeko duen potentzialaz ere arituko da. Mabi Revuelta artistak alfabetoak eta eskola-liburuak bezalako oinarrizko hezkuntza-formatuen esplorazioan oinarrituta sortutako zenbait artelan deskribatuko ditu. Clara Megías hezkuntza-aholkulari eta Pedagogías Invisibles kolektiboko kideak hezkuntzak bereganatu beharko lituzkeen artearen berezko lau elementu azpimarratuko ditu: pentsamendu dibergentea, plazerra edo esperientzia estetikoa, pedagogia ezagutza-sortzaile moduan laudatzea, eta proiektukako talde-lana. Azkenik, Marta Arzakek eta Marta Pradok Artea ikasbide hezkuntza-programa izango dute hizpide, besteak beste; programa horren helburua ikasleei eskola-kurrikulumeko ikasgaiak jolasaren eta baliabide artistikoen bidez barneratzen laguntzea da.

Ekainaren 28an, Jorge Raedó artista eta irakasleak herrialde ezberdinetan haur eta gazteekin garatu dituen arkitektura- eta antzerki-proiektuetako batzuen berri emango du. Maider Lópezek ere zenbait hezkuntza-proiektu aurkeztuko ditu, ohiturak eta harremanak aldatzen dituzten estrategien bidez espazio urbanoa eta paisaia naturala eraldatzea eta, hala, espazio eta egoera berriak sortzea helburu izan dutenak. Alex Schady artista eta Londreseko Central Saint Martins College-eko programazio-zuzendariak arte-zentroetan zein ikastetxeetan gauzatutako praktika artistiko kolaboratiboetan duen eskarmentua azalduko du. José Ramón Navarro Pareja irakasle eta hezkuntza-aholkulariak Sevillako ikastetxe batean koordinatzen duen proiektua izango du hizpide; metodologia aktiboak, teknologia lan-tresna moduan erabiltzea eta espazioak eraldatzea (moldakorragoak eta ikasleentzako gertukoagoak izan daitezen), horiexek proiektu horren ardatzak.

PROGRAMA

Datak: ekainak 27 eta 28

Tokia: Bizkaia Aretoa eta Guggenheim Bilbao Museoa

Parte-hartzaileak: Marta Arzak, David Bueno i Torrens, Kieran Egan, Maider López, Clara Megías, José Ramón Navarro, Marta Prado, Jorge Raedó, Mabi Revuelta eta Alex Schady.

Hizkuntza: gaztelania

Informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.