Prentsa oharra

Nazioarteko modari buruzko ikus-entzunezkoak eta kaleko dantzariei buruzko dokumental bat Guggenheim Bilbao Museoan

Datozen ostegun eta ostiralean, ekainaren 8 eta 9an hain zuzen, Museoak ikus-entzunezko Fashion and Films. Dressing ideas in films programaren bigarren edizioa hartuko du; Estudio YOXek eta Guggenheim Bilbao Museoak ekoitzi dute emanaldia, elkarlanean. Bi saioek nazioarteko sortzaile eta firmen pieza-bilduma bat aurkeztuko dute; moda, joerak, zinema eta publizitatea bezalako gaiak jorratzen dituzte lan horiek, eta jendea txunditzeko eta hausnarketara bultzatzeko asmoz sortu dira.

Programa hori nazioarteko Fashion and Films erakusketaren parte da. Modaren inguruko ikus-entzunezko ekoizpenekin lan egiten du ekimen horrek, eta gizarte-interesekoak diren gaiak lantzen ditu: garapena, ekologia eta jasangarritasuna, genero-, kultura-, arraza-, sexualitate- eta etnia-identitate eta –berdintasuna, edo estereotipoetatik at dagoen edertasuna, besteak beste.

Bestalde, ekainak 10ean, larunbatarekin, Kaleko dantzariak dokumentala proiektatuko da Museoko Entzungelan, ACT Festibalaren barruan (Nazioarteko Lan Laburren Antzerkialdia). Sra. Polaroiska taldeko kideek, Alaitza Arenzanak eta Maria Ibarretxek, dantza performance bat asmatu eta Bulgarian gauzatu zuten, ijito-komunitatearen partaidetzarekin; bertan, generoa, hezkuntza, aniztasuna, gizarte-inklusioa eta –bazterketarekin lotutako gaiak landu zituzten. Xuban Intxaustik performance horren inguruko dokumentala filmatu eta editatu zuen. Proiekzioaren aurretik, Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek, dokumentalaren zuzendariarekin batera, proiektu esperimentalaren xehetasunak azalduko dizkigute Entzungelan, eskola magistral batean.

YOX estudioa eta ACT Festibala TopARTE programako partaide dira; proiektu horren bitartez, Museoak bere ateak zabaltzen dizkie Euskadiko erakunde artistiko eta kulturalen jarduerei. Programaren helburua Guggenheim Bilbao Museoak bere ingurune hurbilarekin duen harremana estutzea da, erakundearen XX: Urteurrenean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren lankidetzarekin

Fashion and Films II. Dressing ideas in films

Data: ekainak 8 eta 9

Lekua eta ordua: Museoko Entzugela, 17:00etatik 20:00etara

Prezioa: 4€ publiko orokorra eta 2€ Museoaren Lagunak

Proiekzio gehienek ez dute elkarrizketarik; eta halakorik badago, ingelesez edo ingelesezko azpitituluekin ageri dira.

Programa osoa eta sarrerak webgunean www.guggenheim-bilbao.eus

Eskola magistrala eta Kaleko dantzariak proiekzioa

Data: ekainak 10

Lekua eta ordua: Museoko Entzungela, 11:00etatik 13:30etara

Prezioa: 4€ publiko orokorra eta 2€ Museoaren Lagunak

Sarrerak eskuragarri Museoko Txarteldegian eta webgunean

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.