Prentsa oharra

Languages Lanean hizkuntza kudeaketari buruzko l. nazioarteko kongresua egingo da Bilbon

Estatuko eta nazioarteko berrogeita hamar hizlarik baino gehiagok parte hartuko dute urtarrilaren 18an Euskalduna Jauregian eta 19an Guggenheim Bilbao Museoan egingo den Languages Lanean Kongresuan

Guggenheim Bilbao Museoak Languages Lanean. Hizkuntza kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan kongresuaen bigarren jardunaldia hartuko du urtarrilaren 19an. Nazioarteko ekitaldia da eta helburuak dira lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan egun garatzen diren praktika onak zabaltzea.

Kongresua ostegunean, urtarrilak 18, hasiko da Euskalduna Jauregian, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkariak egongo dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Bertaratutakoek aukera izango dute Hizkuntzen kudeaketa Europar Batasuneko testuinguruan ezagutzeko. Horrez gain, Google, GKN, KONE eta Mondragon Korporazioa erakundeetako ordezkariek euren esperientziak kontatuko dituzte.

Urtarrilaren 19an, kulturaren esparruan hizkuntzaren kudeaketak duen garrantzia izango da hizpide Guggenheim Bilbao Museoan. Horretarako, Guggenheim Bilbao Museoko, Durangoko Azokako, Euskadiko Orkestrako eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako ordezkariek hartuko dute hitza, eta Hizkuntza kudeaketaren alorrean dituzten ekimenak eta hainbat praktika on kontatuko dituzte.  Horrez gain, Estíbaliz Urresola gidoilari eta zuzendariaren, Itziar Ituño aktorearen eta Pello Reparaz musikari eta ekoizlearen esperientziak eta hausnarketak entzun ahal izango ditugu, arlo indibidualean hartzen diren hautu linguistikoen inguruan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute kongresua. Parte hartzea doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea webgunearen bidez: https://languageslanean.euskadi.eus

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.