Prentsa oharra

Jessye Norman

JESSYE NORMAN-EN EMANALDIA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN URTEKO GALAN

Jessye Norman soprano estatubatuarra artista gonbidatua izango da Guggenheim Bilbao Museoak datorren ekainaren 24an Museoaren Kide Korporatiboei, Ohorezko Kideei eta Nazioarteko Kideei eskerrak emateko ospatuko duen Urteko Galan. Emanaldi hau Artxandako Golf Clubaren babes eskuzabalari esker antolatu da.

Guggenheim Bilbao Museoaren ikusgarritasunak txunditurik utzi zuen Jessye Norman Bizkaiko hiriburura egin zuen aurreko bisita batean. Une horretan artista ospetsuak argi ikusi zuen bere emanaldi baterako agertoki paregabea izango litzatekeela. Abeslariak bere nahia bete ahal izango du Guggenheim Bilbao Museoaren Urteko galan.

Jessye Normanek Gospel koru batean hasi zuen bere karrera bere Georgiako jaioterriko eliza batean eta ordutik hona munduko orkestra nahiz zuzendari onenekin eman ditu emanaldiak
—Herbert von Karajan edo James Levinekin, besteak beste— eta operaren irudi gailenetakoa izatera iritsi da. Bere interpretazioen garbitasunagatik nabarmendu da eta, hain zuzen ere, New York Times egunkariak honela deskribatu izan ditu bere emanaldiak “kantuaren birtuosismoaren ezaugarri guztiak biltzen dituzte”.

Horrez gainera, Jessye Norman ezaguna da jendetzak biltzen dituzten ekitaldi berezietan parte hartu izanagatik. Esate baterako, Atlantako Olinpiar Jokoen inaugurazioan egon zen, Frantziako Iraultzaren 200. mendeurrena ospatzeko ekitaldian La Marsellaise abestu zuen eta Clinton Presidentearen jabetza hartzeko ekitaldian ere esku hartu zuen. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, bere kalitate artistikoarengatik ez ezik, gizaldeko ekintzetan erakutsi duen eskuzabaltasunagatik, besteak beste, Frantziako Légion d’honneur edo Nazio Batuen Ohorezko Enbaxadore izendapena jaso ditu.

Guggenheim Bilbao Museoaren urteko gala aparteko aukera da enpresei nahiz banakoei Museoaren alde egiten dituzten ahalegin guztiak eskertzeko. Izan ere haien laguntzari esker Museoak urtero urtero kalitate handiko jarduerak eta erakusketak antolatzen ditu. Galak, aurreko urteetan bezala Martin Berasateguiren babesa eta Herederos del Marques del Riscal ardogileen eta Imprenta Berekintzaren lankidetza izango du.

Bilbo, 2004ko ekainaren 3a

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.