Bilboko Aste Nagusiak jazz zaleak bilduko ditu berriro abuztuaren 23tik 26ra egingo den Jazz Guggenheim Gauak jaialdian. Pandemia dela eta, bi urteko geldialdiaren ondoren, programa arrakastatsua Museoaren Atriora itzuliko da jazz garaikideko artista nazional eta internazionalen emanaldiak hartzeko. Gainera, publikoak aukera izango du Motion. Autos, Art, Architecture erakusketa gaueko ordutegian bisitatzeko, 23:15etik 2:00etara.
Jazz Guggenheim Gauak abuztuaren 23an hasiko da, asteartearekin, nazioarteko jazzean den pianista eta konpositore originalenetako baten eskutik egin ere: Eri Yamamoto japoniarra. 1995etik New Yorken bizi da, eta soinu eta errepertorio bereziak garatu ditu bere taldekideekin batera: Juan Luis Castaño bateria-jotzailea eta Masa Kamaguchi kontrabaxu-jolea. 2000. urteaz geroztik New Yorkeko Greenwich Villageko jazz klub historiko batean jo ohi du hirukoteak, eta jazzaldi famatuenetan aritzen da Estatu Batuetan, Kanadan, Australian, Europan eta Japonian. Gainera, Eri Yamamotok izen handiko musikariekin kolaboratu du, William Parker, Daniel Carter, Federico Ughi eta Hamid Drakerekin, besteak beste.
Abuztuaren 24an, asteazkenarekin, Pérez, Arnedo y los Fumero laukote espainiar-argentinarraren txanda izango da. Dani Pérez gitarristak, Horacio Fumero kontrabaxu-jole mitikoak, Guillem Arnedo bateria-jotzaileak eta Lucía Fumero pianista eta abeslari gazteak osatzen dute taldea. Errepertorio zabala eta eklektikoa dute, Argentina, Brasil eta Ipar Amerikako tradizioetako abestiak biltzen dituena. Curriculum joria duten lau musikariek euren ahotsak eta maisutasun musikala batuko dituzte Museoko Atrioan eskainiko duten kontzertuan.
Abuztuaren 25ean, ostegunarekin, Iñaki Salvador triok “Lilurarik Ez – Mikel Laboaren musika” aurkeztuko du, euskal kantautorea oroitzeko eta omentzeko kontzertu bat. Izan ere, Iñaki Salvadorrek 25 urtez kolaboratu zuen Laboarekin, 1983tik 2008an zendu zen arte. Salvadorrek hainbat kontzertu eta grabaziotan parte hartu du bertoko eta nazioarteko jazz musikari handienekin, nola diren, besteak beste, Perico Sambeat, Pedro Iturralde, Javier Colina, Allan Skidmore, Jean Toussaint eta Jesse Davis. Omenaldi-kontzertu horretan, Mikel Laboaren abesti ezagunetan oinarrituta egin dituen moldaketak interpretatuko ditu Iñaki Salvadorrek, Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu-jolea eta Hasier Oleaga bateria-jotzailea lagun dituela.
Azkenik, abuztuaren 26an, ostiralarekin, Peter Protschka tronpetista alemaniar ospetsuak Kindred Spirits disko berria aurkeztuko du Museoko Atrioan. Bere oraingo taldearekin arituko da: Clemens Orth pianoan, Stefan Rey kontrabaxuan eta Dominik Raab baterian. Protschkak eragin klasikoetatik eta jazz estatubatuarraren tradiziotik edaten du, baina bere konposizioek badute ukitu pertsonala eta europarra ere. Tronpetista polifazetiko horrek eskari ugari jasotzen ditu musika klasikoa interpretatzeko, dela antzinakoa nahiz gaur egungoagoa, eta talde mitikoak eta konpositore gailenak ditu inspirazio-iturri nagusi, esaterako Kenny Barron, Jow Henderson, Tom Harrel eta Wynton Marsalis.
Zuzeneko musikaz gozatzeaz gain, Jazz Guggenheim Gauak jaialdiko publikoak gaueko ordutegian eta giro lasaian bisitatu ahal izango du Motion. Autos, Art, Architecture erakusketa, Iberdrolak eta Volkswagen Groupek babestua. Bisitari ugari erakartzen ari den erakustaldi horrek automobilaren alde artistikoa laudatzen du, artearen hainbat arlorekin duen lotura agerian jarrita: pintura, eskultura, arkitektura, argazkigintza eta zinema.
Sarreren prezioa: 25 € publiko orokorra / 15 € Museoaren Lagunak, Kide Korporatiboak eta Museoan egunean bertan izandako bisitariak.
PROGRAMA: JAZZ GUGGENHEIM GAUAK
Asteartea, abuztuak 23
ERI YAMAMOTO trio
Eri Yamamoto
Juan Luis Castaño bateria
Masa Kamaguchi kontrabaxua
Asteazkena, abuztuak 24
PEREZ, ARNEDO Y LOS FUMERO 4tet
Lucía Fumero ahotsa eta pianoa
Dani Pérez gitarra
Horacio Fumero kontrabaxua
Guillem Arnedo bateria
Osteguna, abuztuak 25
IÑAKI SALVADOR trio
Iñaki Salvador pianoa
Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxua
Hasier Oleaga bateria
Ostirala, abuztuak 26
PETER PROTSCHKA
Peter Protschka tronpeta
Clemens Orth pianoa
Stefan Rey kontrabaxua
Dominik Raab bateria