Prentsa oharra

Ilustrazioa tailerra Asun Balzola

ILUSTRAZIO TAILERRA ASUN BALZOLAREN OMENEZ GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN

Guggenheim Bilbao Museoak omenaldia egin nahi izan dio Asun Balzola euskal idazle eta ilustratzaileari, joan den ekainean hil zenari. Hartara, tailer bat antolatu du estatuan eta nazioartean bilbotar hau ospetsu egin zuen jarduera, haur eta gazteentzako ilustrazioa alegia,.sei eta hamabi urte bitarteko haurrengana hurbiltzeko.

Larunbata eta igande guztietan, azaroaren 11tik 22ra bitartean, lau orduz, haurrek ilustrazioak egingo dituzte Asun Balzolaren bizitza eta obra oinarri hartuta. Ilustratzaile eta idazle hau estu aritu da elkarlanean Guggenheim Bilbao Museoarekin inauguratu zenetik, eta nabarmentzekoa da Museoaren 2001eko gabonetako txartelerako egin zuen ilustrazioa edo 2003an haurrentzat zuzendu zuen literatura kreatiboko tailerra, Txoriburu bere nobela autobiografikoan oinarrituta.

Manuel Ortega haur eta gazte ilustratzaileak, Asun Balzolaren ibilbide profesionala ondo ezagutu eta miresten duenak, emango du tailerra. Bertan, egile bilbotarraren Muniaren liburu-bilduma irakurriz inspiratuko dira haurrak asmatuko duten istorio bateko binetak egiteko. Eta gauza bera egingo dute ipuin edo kondaira afrikar bat ilustratzean %100 Afrika erakusketan bildutako obren behaketan inspiratuta.

Haurrentzako ilustratzaile bat baino gehiago

Asun Balzolak (Bilbo, 1942), Ilustrazio Sari Nazionalaren irabazleak eta Madrilgo Ilustratzaileen Elkarte Profesionalaren ohorezko lehendakariak, haur eta gazteentzako liburuak ilustratzen jardun zuen batik bat, baina ez dugu ahaztu behar publizitate eta komikietarako diseinatzaile grafiko lanak ere egin izan zituela.

1998an Txoriburu argitaratu zuen, berrogeita hamarreko hamarkadan Bilbon bizi izan zituen urteetako autobiografia , eta egilearen lan gailenetakoa. Haur eta gazteentzako literaturan eta ilustrazioan erakutsi zuen grina handi hori ondo aditzera eman izan zuen halakoak esatean: “Batzuetan zortea da barruan haur bat eramatea”.

Plastika arteei egin zien ekarpenaren erakusgarri ditugu Bratislavako Golden Apple, Ilustrazio Sari Nazionala, Generalitat de Catalunyako Saria edo Euskadi Saria, besteren artean.

ILUSTRAZIO TAILERRAREN PROGRAMA
Azaroak 11 eta 12, 16:30etik 18:30era. 6 eta 7 urteko haurrak.
Azaroak 18 eta 19, 16:30etik 18:30era. 8 eta 9 urteko haurrak.
Azaroak 25 eta 26, 16:30etik 18:30era. 10 eta 12 urte bitarteko haurrak.

Informazio gehiago: 944 35 90 80.

Bilbo, 2006ko azaroak 10

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.