Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Atrioan izango den proiekzio-ikuskizun batekin gonbidatzen ditu herritarrak bere 25. urteurrena ospatzera

Guggenheim Bilbao Museoak berri ematen du azaroaren 21etik (astelehena) publikoak sarrerak erreserbatu ahal izango dituela Immersions izeneko doako ekitaldirako. Museoaren 25. urteurrenaren ospakizunari amaiera bikaina emateko eskala handiko mapping ikuskizuna da Immersions, argiz eta soinuz osatutako esperientzia murgiltzailea, Atrioan egingo dena abenduaren 3tik 11ra Seguros Bilbaoren babesarekin. Seguros Bilbao Guggenheim Bilbao Museoaren babeslea da 1997an ireki zenetik, eta honen bidez berretsi egiten du Museoaren jarduera modu iraunkor eta jarraituan babesteko egina duen apustu irmoa. Aseguru-etxea Catalana Occidente taldeko kidea da, zeina liderra baita espainiar estatuko aseguruen sektorean, bai eta munduko kreditu-aseguruen sektorean.

Egun horietan, Museoak 18:00etan itxiko ditu ateak, ohi baino ordubete lehenago, eta ikuskizunaz gozatzeko txanda hauek ezarriko dira: 18:30ean, 19:30ean, 20:30ean, 21:30ean eta 22:30ean (20 minutu lehenago sartu behar da). Jaiegun bezpera diren egunetan, hau da, abenduaren 3, 5, 7 eta 10ean, beste emanaldi bat eskainiko da 23:30ean, ahalik eta pertsona gehienek gozatu ahal izan dezaten ikuskizunaz.

Ezinbestekoa da sarrera aldez aurretik erreserbatzea Museoaren webgunearen bidez, https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/jarduerak/immersions. Bertan, azaroaren 21ean, 9:00etan aktibatuko dira erreserbak publiko orokorrarentzat (Museoaren Lagunek azaroaren 17tik aurrera egin ditzakete erreserbak). Beste aukera bat da sarrerak telefonoz erreserbatzea, 94 555 1380 zenbakira deituta, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

Immersions 59 Productions ekoiztetxe britainiarrak 2017an Museoaren 20. urteurrena dela eta Frank Gehryren eraikinaren fatxadarako sortu zuen Reflections izeneko proiekzio zirraragarriaren jarraipena izango da. Orduko hartan, eraikinaren kanpoaldean proiektatu zen hiriaren eta Museoaren kontakizuna; Immersionsekin aldiz, barrualdera sartuko da, Atrioko forma organikoak mihise moduan baliatuta.

“Kurba aleatorioak argia atzitzeko diseinatuta daude”, esan zuen Frank Gehryk Guggenheim Bilbao Museoaren eraikinari buruz hizketan.

Museoaren historian izan diren mugarri garrantzitsuenen ibilbideari jarraituz, eta jatorrizko soinu-bandan inspiratuta, Immersionsek argi eta soinu inguratzailezko proiekzio-ikuskizun berezi baten erdian jarriko du publikoa. Hala, behatzaile huts izateari utzi, eta esperientzia sentsorial eta murgiltzailearen partaide izango dira ikusleak.

Bere 25. urtemuga jendarte zabalarekin ospatzeko nahia betez, Museoak gonbitea luzatzen die herritarrei abendu hasierako hainbat gautan eskainiko duen ikuskizunera bertaratzeko. Aurrerago jakinaraziko da sarrerak doan erreserbatzeko modua zein izango den.

59 Productions

Immersions 59 Productions diseinu estudio britainiarraren azken proiektua da. Estudioak Reflections sortu zuen 2017an, eta sari ugari irabazi ditu munduko leku enblematikoenetako batzuetarako lan ikusgarriak ekoizteagatik, hala nola Londresko Dorrerako, National Theatrerako eta Londresko Royal Opera Houserako, The Metropolitan Operarako eta New Yorkeko Nazio Batuen egoitzarako, Sydneyko Operarako eta Salzburgoko jaialdirako.

Kulturaren arloan garatu dituen proiekturik berrienak hauek dira: ikus-entzunezko diseinua eta erakusketa interaktiboen diseinua Tulsako Bob Dylan Centerren (Oklahoma); Leonardo: Experience a Masterpiece Londresko National Galleryn, margolariaren talentuari eta praktikari buruzko esplorazio murgiltzailea; Barrokoaren historiari buruzko bideo-instalazio bat Londresko Hampton Court Palacen; eta proiekzioko mapping bat Abu Dhabiko Qasr Al Watan jauregian, Kultura eta Turismo Sailak enkargatua.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.