Prentsa oharra

Gogoeta Partekatua programak

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK GOGOETA PARTEKATUA PROGRAMA ABIARAZI DU

 Gogoeta partekatua programak Fundación Vizcaína Aguirre eta BBK Fundazioa ditu babesle.

Guggenheim Bilbao Museoak pinakotekako Hezkuntza Arloak sortutako Gogoeta partekatua programa berriari hasiera eman dio. Jarduera pedagogiko hau Fundación Vizcaína Aguirreri eta BBK Fundazioari esker aurrera eraman ahal izango da. Pedro Icazak, Fundación Vizcaína Aguirreren ordezkari gisa, José Ignacio Berroetak, Bilbo Bizkaia Kutxa Fundazioaren lehendakari gisa, eta Josu Bergarak, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioko lehendakariak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean. Hitzarmen horren bidez Museoaren hezkuntza-arloko eskaintza zabaltzen duen ekimen berri hau martxan jarriko da. BBK Fundazioak eta Fundación Vizcaína Aguirrek, gure gizartearen errealitate kulturalean laguntzen ibilbide luzea egin duten bi erakundeek Guggenheim Bilbao Museoarekin hartutako konpromisoa handitu dute hitzarmen honen bidez, kontuan izanik babesle gisa hasieratik lotura izan dutela museo honekin.

Gogoeta partekatua izaera pedagogikoa duen programa bat da, eta bere helburua aldi baterako erakusketei eta bilduma iraunkorrari buruzko informazioa eskaintzea da Ardura eta Hezkuntza Arloetako kideen bitartez. Programa hau hiru jarduerak osatzen dute, batera edo bereizita burutu daitezkeenak: Arduraren ikuspegia, Funtsezko kontzeptuak eta Hitzaldiak diapositibekin. Hiru hezkuntza-jarduera horiek Museoaren Lagunei nahiz publiko orokorrari zuzenduta daude, eta aldi baterako erakusketa berriekin eta bilduma iraunkorraren instalazioekin bat etorriz burutuko dira.

Arduraren ikuspegia

Arduraren ikuspegia jardueran parte hartzen dutenei bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak Museoaren Ardura Arloko kideen eskutik bisitatzeko aukera paregabea eskaintzen zaie. Programa honen bidez, publikoak orokorrean eta Museoaren Lagunek zuzeneko informazioa lortzeko aukera izango dute egunero bertako programazio artistikoan lanean diharduten pertsonengandik.

Bisita hauek ordubete irauten dute gutxi gorabehera eta Museoa zabalik dagoen ordutegiaren barruan izaten dira. Gehienez 20 pertsona onartzen dira talde bakoitzeko.

Horrelako sei bisita eskainiko dira aldi baterako erakusketak edo bilduma iraunkorraren instalazio berriak direla-eta.

Funtsezko kontzeptuak

Horrez gain, bilduma iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei egindako bisita esklusibo horien bidez, eta Museoaren Hezkuntza Arloko kideen eskutik, jarduera honetan parte hartzen duten petsonei ikuspegi pedagogikoagoa eta didaktikoagoa eskaini nahi zaie. Bisitaldia erakusgai dauden obren eta artisten alderdi garrantzitsuenen edo "funtsezko kontzeptuen" azalpenean oinarrituko da, oinarri metodologikoa baitira Guggenheim Bilbao Museoko hezkuntza-programa guztiak garatzeko.

Jarduera honek ordubete irauten du gutxi gorabehera eta Museoa zabalik dagoen ordutegiaren barruan burutzen da. Gehienez 20 pertsona onartzen dira talde bakoitzeko.

Horrelako sei bisita eskainiko dira aldi baterako erakusketak edo bilduma iraunkorraren instalazio berriak direla-eta.

Hitzaldiak diapositibekin

Erakusketa nagusiak direla-eta, berariazko hitzaldiak eskainiko dira erakusketari buruzko diapositibekin, Museoko Hezkuntza Gelan. Hitzaldiak Museoaren Ardura Arloko kideek eskainiko dituzte edota artearen munduko espezialistek.

Hitzaldiek ordubete iraungo dute gutxi gorabehera eta horietara gehienez 30 pertsona joan ahal izango dira saio bakoitzeko.

3 hitzaldi eskainiko dira diapositibekin, aldi baterako erakusketekin edo bilduma iraunkorraren instalazio berriekin bat etorriz.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.