Alejandra Bueno, Mikel Escobales, Claudia Lorenzo, Amaia Molinet, Beñat Romera eta Fabro Tranchida (Los Picoletos bikote artistikoko kide) hautatu dituzte artista emergenteentzat Solomon R. Guggenheim Museumen egiten den Basque Artist Program izeneko egonaldi-programaren hurrengo ediziorako. Datorren azaroan, sei artista gazteek, 2020, 2021 eta 2022ko ediziokoek, aukera izango dute beren ibilbide profesionalean aurrera egin, New Yorkeko eszena artistikoa gertutik bizi eta hainbat komisario, artista eta arteari lotutako erakunde ezagutzeko, New Yorkeko Guggenheim Museoko profesionalen eskutik.
Ekimen hau, aurreneko bost edizioetan -2015 eta 2019 bitartean- arrakasta handiz gauzatua eta pandemiagatik azkeneko bi urteetan geroratua, Guggenheim Bilbao Museoak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundationekin sinatutako Kudeaketa Akordioa berritzean eramaten da aurrera. Akordioak bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzen du proiektu berrien bitartez, eta horien artean nabarmentzekoak dira bai artista emergenteei zuzendutako programa hau, bai Euskadiko graduatuentzako New Yorkeko beken programa, Museoak urtero deitua.
Programa honetan parte hartzeak ematen duen aukera paregabearen erakusgarri dugu 2022ko uztailaren 8tik irailaren 6ra Guggenheim Bilbao Museoan izan den erakusketa kolektiboa, museoaren 15 urteurrenaren barruan. Bertan, Basque Artist Programen aurreko edizioetako onuradun guztiek parte hartu dute.
Artisten profil laburtua
Alejandra Bueno de Santiago (Vitoria-Gasteiz, 1987)
Diziplina anitzeko artista honen praktika gizartean aurretik ziurtzat jotzen den guztia jarrera feministetatik zalantzan jartzean oinarritzen da, aktibismoaren, irakaskuntzaren, komisario-lanaren, performancearen edo bideo-artearen bitartez. Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn eta Artean doktorea Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.
Mikel Escobales Castro (Arrasate, 1991)
Eskulturaren arloan egiten duen lana materialekin, beren ezaugarriek sorrarazitako prozesuekin, eta elkarren artean eta hartzen duten espazioarekin izaten dituzten elkarguneekin esperimentatzetik abiatzen da. Arte Ederretan graduatua da Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta MA Arte Garaikidearen Historian eta Kultura Bisualean Unibertsitate Autonomoan, Complutense Unibertsitatean eta Reina Sofía Museoan, Madrilen.
Claudia Lorenzo Sainz (Logroño, 1988)
Bere jardun artistikoa haikuetan eta komunitate jakin batera mugatutako jargoi edo lexikoen eraketa aztertzetik eraikitako paisaian oinarritzen da, eta objektu eskultorikora, pinturara edo marrazkira eramaten ditu dagozkien egiturak. Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn, eta MA azterlan independenteen programan (PEI) MACBAn, eta artearen arloko ikerketan eta sorkuntzan UPV/EHUn.
Amaia Molinet Dondra (Lodosa, 1988)
Lurraldearen eta identitatearen arteko lotura aztertuz garatzen du bere jardun artistikoa. Paisaiaren ezaugarri sinbolikoak jartzen ditu balioan, eraikuntza kultural, politiko eta baita sozial gisa ere hartuta, eta ekintza performatiboaz eta argazki eta bideoetan jasotako dokumentazioaz baliatzen da haiek euskarri fisiko batera eramateko. Arte Ederretan lizentziatua da eta MA arte garaikide, teknologiko eta performatiboan, UPV/EHUn.
Beñat Romera del Cerro (Bilbo, 1990)
Performancea esperimentazio-prozesu gisa hartuta, inprobisazioan oinarritzen da, bai artean, bai ahozkotasunean, baita dagokion teknikan ere, eta espazio performatibo eraikiaren inpaktua eta artista, performer eta publikoarekiko erlazioan izaten duen metamorfosia nabarmentzen ditu, sorkuntza-prozesuaren aldaketen eragile gisa hartuta. Arte Ederretan lizentziatua eta aparteko saria jasoa, MA pinturan eta doktoregaia arte garaikidean, UPV/EHUn.
FabricioTranchida (Los Picoletos) (Buenos Aires, 1987)
Los Picoletos bikote artistikoko kide, bere jardun artistikoan oraingo eta iraganeko underground gazte disidenteen mugimenduak ikertzen ditu, argazkilaritzaren, ilustrazioaren, performancearen eta instalazioaren bitartez, eta mugimendu horien eboluzioa eta kontraesanak aztertuta. Artearen eta kulturaren kudeaketan lizentziatua da Tres de Febrer