Prentsa oharra

Björken kontzertuaren jarlekuak

Björk-ek kontzertu bat eskainiko du Guggenheim Bilbao Museoan Hamargarren Urteurrena ospatzeko ekitaldien barnean

Abeslari islandiarrak bakarkako seigarren diskoa, Volta, aurkeztuko du Museoaren kanpoaldean Estatuko beste bi hiri bakarrik biltzen dituen kontzertu-itzuli batean

Björk abeslari islandiarrak Guggenheim Bilbao Museoan aurkeztuko du bere seigarren eta azken disko-proiektua, Volta. Munduko kontzertu-itzuliaren barnean, Estatuan eskainiko dituen hiru kontzertuetatik lehena izango da hemengoa datorren uztailaren 13an, Museoaren eta haurren jolaslekuaren artean dagoen espazioan. Kontzertua Hamargarren Urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldien barnean kokatzen da, urteurren hau gizarte osoarekin ospatu nahian antolatu diren ekimen kulturaletako bat izanik.

Ekitaldi berdingabe hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak babestuko dute, BBK eta CF Eventos ekoizpen enpresarekin elkarlanean. Honela, Guggenheim Bilbao Museoak bere hamargarren urteurrena ospatu nahi du Museoaren beraren espiritu berritzaile eta abangoardistarekin bat datorren ikuskizun bakan batekin.

Björk disko bakoitzean bere burua eraldatzen duen artista bat da, musika garaikidearekin, elektronika esperimentalarekin, ahots musika eskandinaviarren tradizioekin eta pop musikaren estetikarekin etengabe jolasean arituz. Bere ibilbidean diziplina artistiko ezberdinak nahasten dira, hala nola, zinema —Michel Gondry edo Lars Von Trier zuzendari eta zinemagileekin lanean aritu da—, diseinua —Innoz eta Vinnodth artista grafikoekin lan egin du (Vespertine-etik Björken sortze-materialaren arduradunak)—, moda edo kontzertuetarako sortzen dituen eszenatoki ikusgarriak.

Bitxikeria bezala, bere web gunean, www.bjork.com, artistak berak bere jarraitzaleak gonbidatzen ditu Volta diskoko Innocence abestiaren bideoa sortzera, bertan eskura jarri dituen melodia eta irudiekin.

Guggenheim Bilbao Museoa munduko kontzertu-itzuliaren barnean Estatuan eskainiko dituen konzertuetatik lehenaren eszenatokia izango da. Honela, Bilbo izango da artistaren kontzertua eskainiko duen iparraldeko hiri bakarra, beranduago Madrid eta Segovian beste bi kontzertu emango dituela baieztatu ondoren.

J arleku kopuru mugatua izango da aire zabalean ospatuko den kontzertuan. Bi alde bereziko dira: jarleku orokorrak eta lehentasunezko jarlekuak. Sarrerak 48 eta 85 eurokoak izango dira hurrenez hurren, BBK-n edo Tick Tack Tickets-en erosi ahal izango dira apirilaren 27tik, ostiraletik, aurrera. Guggenheim Bilbao Museoak Lagunentzako %10eko deskontua duten sarrera kopuru mugatua jarriko du salgai maiatzaren 5etik aurrera Museoko leihatiletan.

Volta, Björken disko berria

Hiru urteko isilune musikalaren ondoren, datorren maiatzaren 7an Björken disko berria, Volta (Editorial Universal), salgai jarriko da Espainian. Lan hau Indonesiara egindako bidaia batean inspiratua dago, bertan tsunamiaren esperientzia jasan zuenean. Erritmoetan aberatsagoa da disko hau, baina ez da Medulla (2004) aurreko diskoa bezain bokala. Hamar abesti berri daude disko honetan eta abeslariak berak ondu eta ekoiztu du.

Ekoizlari bezalako zeregin berri honetan, artistak laguntzaile ugari izan ditu: Anthony Hegarty (Anthony and The Johnsons), Timbaland (Jay Z, Missy Elliot, etab.), Mark Bell (LFO) edo Chris Corsano (Sonic Youth, besteak beste) eta Brian Chippendale (Lightning Bolt) bateriajoleak, Toumani Diabate eta Konono (2006an BBC World Music Award en irabazlea) txalokatutako artista afrikarrak, eta Min Xiao-Fen ospetsua (Chinese Pipa) abesti batean.

Azkenik, Voltan Björkek bere metal talde islandiarra bildu du, emakumeek osatzen dutena, eta hiru abestietan parte hartzen dute.

Bilbo, 2007ko apirilaren 27ª

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.