Prentsa oharra

Astelehenean Lagunentzako ateak zabalik jardunaldia ospatuko du Guggenheim Bilbao Museoak

Lagunek, 16.000 pertsona baino gehiagok, eraikinaren zirrikituetarako bisitaldi bereziez, antzerkiaz, gaur egungo dantzaz, musikaz, haurrentzako tailerrez eta argazki proposamenez gozatzeko aukera izango dute

Abenduaren 19an, astelehenarekin, Lagunentzako ateak zabalik jardunaldia ospatuko du Guggenheim Bilbao Museoak 16:30etik 20:30era; hala hasiera emango dio Gabonetako jarduera eta ekitaldi anitzen egitarauari. Erakusketen diseinuaz arduratzen den taldearen lan egiteko modua eta erakusketa baten antolaketaren nondik norakoak jakiten interesa dutenek 17:00etako eta 18:15etako bisitaldietara joateko aukera izango dute. Ordu horietan ere, beste bi bisitaldi izango dira, publikoarentzat itxita egon ohi diren Museoko guneetatik: klimatizazioa, suaren aurkako babes sistema eta argiztapena. Halaber, beste talde batek, hamalau artelan teknologiko aztertzeko aukera izango du; Museoak artelan horien ikertu eta artatuko ditu 2017an, haren XX. Urteurrena dela eta.

Arratsalde horretan Museoak Lagunei omenaldia egingo die, ia hogei urtez oinarrizko babesa eman baitiote; horretarako photocall bat prestatu du Atrioan, nahi duten Lagun guztiek argazki baterako posa dezaten. Irudi horiek horma irudi elektroniko handi baten ipiniko dira, Atrioan bertan.

Lagunek Cervantesen eta Shakespeare-ren heriotzaren laugarren mendeurrenean bi idazleei omen egiten dieten bi proposamenez gozatzeko aukera izango dute: El Vizcaíno fingido eta El retablo de las maravillas Cervantesen entremesak, ironiaz eta ekintzez betetako bi lan, antzeztuko ditu Corrales de Almagro konpainiak XVI. mendeko gaztelanian 18:00etan Entzungelan. Mikro-Shakespeare, aldiz, antzerki-mikroinstalazioak dira, txikiek objektuekin jolastu eta Hamlet, Romeo eta Julieta, Macbeth Ekaitza eta beste lan batzuk antzeztu ahalko dituzte Kataluniako Laitrum konpainiaren eskutik. Atrioan izango da jarduera hori, 17:00etatik 19:00etara.

Museoaren Lagunen seme-alabek, gainera, bi tailer dibertigarri eta goxoez gozatzeko aukera izango dute: Planeta Gominola tailerrean gominolak erabiliz planeta bat sortuko dute, Lurra jan nahi duen munstro baten ipuina oinarri hartuta; Goxoki Herrian gailetak erabiliko dituzte hiri bat egiteko eta tailerraren amaieran jateko hartuko dute. Tailerrak 17:15etik 18:45era izango dira Museoko hezkuntza aretoetan.

Atrioan musika eta dantza ikuskizuna eskainiko du Organik konpainiak, Ahariak eta Irrintzi lanak interpretatuz, 19:00etan eta 19:45ean. Euskal kultura ospatuko dute gaur egungo dantza pieza bi horiek.

Jardunaldia bukatzeko, 20:00etan, Udal Txistu Bandak eta Euskeria Abesbatzak elkarrekin jo eta abestuko dituzte Gabonetako kanta batzuk.

Jardunaldi osoan, Museoaren XX, Urteurrena zoriontzeko aukera izango dute Lagunek. Horretarako informazio-mahaiko Gabon txartelak bete beharko dituzte. 18:30 baino lehen emandako txartel guztien artean, Veneziarako bidaia bat zozketatuko da, Viajes Mundo Amigoren lankidetzari esker. Era berean, arratsalde osoan, edariak eta kafea eskainiko dira Coca-Cola-ri eta illycaffè-ri esker.

Jardueren ordutegiei buruzko argibideak Museoaren webgunean: http://www.guggenheim-bilbao.eus

  • Interesa duten hedabideak 17:00 eta 20:00 artean hurbildu daitezke Museora.

Bilbon, 2016ko abenduaren 15ean

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.