Prentsa oharra

Artea ikasbide

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK ARTEA IKASBIDE PROGRAMAREN ERAKUSKETA INAUGURATUKO DU

Datorren asteartean, ekainaren 13an, Guggenheim Bilbao Museoak komunikabideei aurkeztuko die Artea ikasbide egitarauari bukaera ematen dion urteroko erakusketa, hain zuzen ere 2005–06 ikasturteari dagokiona. BBK-k babesturiko erakusketa honek, sei eta hamabi urte bitarteko 203 artistaren obrak aurkeztuko ditu.

Hezkuntza programa hau 1970ean sortu zen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en. Bertan, artistek eta hezitzaileek haurrekin lan egiten dute, eta eskola-curriculumeko gaiak lantzen dituzte adierazpen plastikoa euskarri desberdinetara eramanez.

Guggenheim Bilbao Museoa 1998an hasi zen Artea ikasbide egitaraua garatzen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren lankidetzarekin. Urte honetara arte, 1310 ikaslek eta 86 irakaslek hartu dute parte, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hiru hizkuntza ereduetatik datozen Lehen Hezkuntzako ziklo guztietakoak.

Prentsaurrekoa ekainaren 13an izango da Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan, goizeko 11:00etan. Bertan izango dira, Juan Ignacio Vidarte Museoaren Zuzendari Nagusiaz gain, Andoni Anasagasti Bizkaiko Hezkuntza Saileko Ordezkaria, Jon Mancisidor, BBK-ko Zuzendariorde Nagusia, eta Jorge Rubio, programan parte hartu duen artista.

Prentsaurrekoaren eta erakusketara egindako bisitaldiaren ondoren, BBK-k Guggenheim Bilbao Museoko Babesle Estrategiko eta hezkuntza egitarauen babesle bezala eskaintzen duen lankidetza berriztatzea sinatuko du, 13:00etan, Museoko Atrioan. Hitzarmen hau Xabier Irala BBK-ko presidenteak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak sinatuko dute.

Bilbon, 2006ko ekainaren 9an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.