Prentsa oharra

Art After Dark berriz hasten da Guggenheim Bilbao Museoan The Hacker, Undo eta DJV Sound-ekin

Datorren irailaren 22an, ostiralarekin, berriro ere musika elektronikoko saioak hasiko dira Museoko
Atrioan. Saio hauek 2008. urtean abiarazi zituen Museoak eta ordutik gero artea eta musika maite
dutenen artean izan duten arrakasta dela-eta urtero antolatu dira. Oraingoan bertaratzen direnek
Frantzian jarraitzaile ugari dituen The Hacker DJ-arekin, Bartzelonatik datorren Undo eta Bilboko
DJ aitzindarietako bat den DJV Sound-ekin dantza egin ahal izango dute.
“The Hacker” goitizenaz ezaguna den Michel Amato produktoreak 1990eko hamarkadatik
jarraitzaile asko ditu laurogeiko hamarkadako doinuen eragina duen musika elektronikoari esker:
Depeche Mode, New Order, Giorgio Moroder, Cabaret Voltaire, Front 242 edo Kraftwerk ditu
inspirazio-iturri. Abangoardiako tekno zalea dugu DJ aitzindari hau, haren influentziak soinu
paregabean eho ditu. Hamaika single argitaratu zituen Sativae, White Noise, Tsuba, Infiné,
Correspondant eta Tigersushi bezalako disko etxeetan 2011. urtean ZONE etxe propioa fundatu
zuen arte. 2014. urtean Love/Kraft albuma argitaratu zuen eta 2015ean demo galduen EP berria
atera zuen Miss Kittin-ekin batera AEBko Dark Entries etxearekin. 2016 urte emankorra izan zen
oso: maxi-single bat kaleratu zuen Cititrax-ekin eta beste bi Dark Entries-ekin; hainbat remix
argitaratu ditu eta lankidetzan aritu da Luke Eargoggle eta DJ Overdosekin. Oraingo zuzeneko
proiektuan haren sustraietara bueltatzen da %100 analogikoa den set batean, non bere bi joera
kuttunenak bikltzen dituen: new wave iluna eta tekno indartsua.
Undo (Gabriel Berlanga) milurteko berriarekin hasi zen DJ lanetan eta ordutik Bartzelonako joera
elektronikoa eta artista kataluniar honen ibilbidea bat dira. Haren arrakasta berak duela 15 urte
sortutako Factor City disko etxearen estudioan, pistan eta indarrean datza. Horri esker kaleratu zuen
hirugarren LPa, Disconnect, haren lan handinahienetakoa eta 2016. urte amaieran urteko album
onenen zerrendetan sailkatu zutena. The Loft (Razzmatazz) aretoan egoiliar moduan egin duen
ibilaldia luzea, egonkorra eta energiaz beterikoa izan da. Bestetik, haren setak antolatzerakoan
erabiltzen dituen estilo eta genero anitzak oso egokiak dira Moog aretoan bi hilabetean behin egiten
dituen saioetarako, beat exijenteena garatzen duen horietarako. Europa osoko jaialdi eta clubetara
egin dituen bidaiekin handitu du haren esperientzia, musika elektronikoak munduan duen
gorakadaren erdian. Undoren track eta remixak Correspondant, My Favorite Robot, Beachcoma
edo Areal Records diska etxeetan ere aurki daitezke. Undoren proposamen sendo eta ezohikoak
genero eta hamarkada anitzetako onena arakatzen du. Haren errepertorioak pop-aren influentziak,
musikaren ezagutza sakona, acid edo elektro bezalako estilo ezberdinak bat egiteko gaitasuna eta
teknoak moldatutako gustua uztartzen ditu eta aurrera egiteko prest dago pista klasikoetatik
berrikuntzaz betetako orainaldira.
Denboraldi berriari hasiera emateko Bilboko musika elektronikoaren giroko aitzindaria igoko da
eszenatokira: José Vicente López, “DJV Sound”, goitizen horrekin 1978tik diharduen DJ eta
eragilea. Haren ibilbidearen hasieran José Luis Rebollorekin batera (Madelman) urtetan partekatu

zuen kabina Palladium-en, non hiriko lehenengo zuzeneko saio elektronikoak egin ziren. 1998. urtean
Javi Francorekin batera NoDaTa taldea sortu zuen, Bilbon aurrekaririk ez zuen kolektiboa, bertako
aretoetan musikarekin eta artearekin zerikusia zuten saioak antolatzeko xedearekin. NoDaTari esker
artista ezagunen saioak —John Acquaviva, Ian Pooley, Märtini Brös, Tiefschwarz, Chris Duckenfield
edo Sideral— entzun ziren Bilbon. DJV Soundek arrakasta handiz itxi zuen 2001eko Sónar jaialdia
eta ordutik hainbat jaialditan pintxatzen ibilia da: Sun Dance Festival 2002 (Tallin, Estonia), FIB
Benicàssim 2003 eta Electrogaia 2001 eta 2003 (Donostia). 2005etik Fever clubaren buru da Bilbon
eta handik hiriko bizitza soziokulturala astintzen du. Horrez gain, Europa eta mundu zabalean
pintxatzen du: Der Machine (Lovaina), Razzmatazz (Bartzelona), GOA (Madril), Barraca
(Valentzia), Electromind Festival (Montpellier), Catwalk (Róterdam), Weekend (Berlín), Rote
Sonne y Palais (Munich), Lazarus (Brusela), Flex eta Pratersauna (Viena) eta Docs DF (Mexiko).

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.