Prentsa oharra

2013ko lehen "Arte Ardura Laborategia"

Iskandar Rementeria komisarioaren Izena Gero erakusketa aurkeztuko du Guggenheim Bilbao Museoak, 2013ko lehen “Arte Ardura Laborategia”

Guggenheim Bilbao Museoko 103B aretoan ikusgai izango da maiatzaren 1etik 26ra “Arte Ardura Laborategia” izeneko ekimenaren lehen proiektua. Ekimen horrek BBKren babesa du, eta xede du Euskal Herriko arte-arduradun eta artista gazteei laguntza ematea, 2012an Guggenheim Bilbao Horma proiektuaren bidez egin zen bezalaxe.

Iskandar Rementeria (Bilbo, 1979) da Izena Gero erakusketaren komisarioa. Bertan, lau artista gazteren lanak daude: Lorea Alfarorenak (Lizarra, 1982), David Martínezenak (La Hueria, El Entrego, 1984), Jon Otamendirenak (Getxo, 1978) eta Manu Urangarenak (Zumaia, 1980).

Sortzaile guzti horiek belaunaldi batekoak dira: oinordetzan jaso dute, eta hala onartzen dute, Euskal Herriko arte-testuinguruan artista batetik bestera igarotako arte-jakintza bat. Artista horientzat artearen eginkizun soziala funtsezkoa da, eta, horrenbestez, sorkuntzaren helburua “artearen bizitasun eraldatzailea” dela uste dute. Erakusketan sei artelan daude, hainbat euskarritan eta hainbat baliabidez egindakoak; ardatz dute, baina, artiston konpromisoa, bai artearekiko bai artearen eginkizun sozialarekiko.

Iskandar Rementeria “Arte Ardura Laborategia” proiektuan esku hartzeko aukeratutako lehenengo komisarioa da. Bederatzi hautagaien artetik hiru hautatu zituzten honako hauek, lantaldean: Josu Rekaldek (UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Dekanoak), Alicia Fernándezek (Rekalde Aretoko Zuzendariak); Juan Zapaterrek (Bilbao Arteko Zuzendariak) eta Petra Joosek (Guggenheim Bilbao Museoko Museo Jardueren Zuzendariak). Beste bi komisarioek, Alexandra Baurèsek eta Inés Bermejok, 2013ko irailean eta urrian, hurrenez hurren, aurkeztuko dituzte haien proposamenak.

Bilbon, 2013ko maiatzaren 1ean

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.