Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoa Gallery Climate Coalition – GCC erakundeko kide

Museoen sektorean ingurumen-inpaktua murrizteko lanean diharduten artearen arloko erakundeen nazioarteko komunitate horretako Kide Aktibo bihurtu den lehen museoa da espainiar estatuan

Gaurtik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoa GCCko “Kide Aktiboa” da, hau da, museoen sektorean ingurumen-inpaktua murrizteko lanean diharduten erakunde artistikoen nazioarteko komunitatekoa. GCCren helburu nagusia 2030erako CO2 isuriak % 50 murriztea eta zero zaborra sustatzea da. Kide izaera lortuta, Guggenheim Bilbao Museoa espainiar estatuko lehenengo museoa da nazioartean ingurumen-arloan aurreratuen dauden museoak —esaterako MoMA eta TATE— biltzen dituen komunitate horretan parte hartzen duena.

GCCk “Kide Aktibo” izendatuz saritzen ditu ingurumen-jasangarritasunarekin lotutako baldintza jakin batzuk betetzen dituzten erakundeak, eta Guggenheim Bilbao Museoak hiru baldintzak betetzen ditu: 2021eko eta 2022ko karbono-aztarna neurtu du; 2021ean Gu-Zero lantaldea sortu du, erakundeko arlo desberdinetako pertsonek osatua langileak, hornitzaileak eta gizarte-eragileak informatu, sentsibilizatu eta inplikatzeko; eta 2021ean ingurumen-jasangarritasuneko Esparru Estrategiko bat argitaratu du, Nazio Batuen Agenda 2030aren Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatua.

Hala, Guggenheim Bilbao Museoak aurrera egiten jarraitzen du ingurumen-jasangarritasunarekin duen konpromisoan. 2023an jasangarritasuna da bere jardueraren zeharkako ardatza, 2030ean neutraltasun klimatikoa lortzea helburu.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.