USLÉ, PALAZUELO, NAVARRO ETA LONG BEREGANATZEN DITU GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK BEREZKOA DUEN BILDUMAN
Juan Uslé, Pablo Palazuelo, Miquel Navarro eta Richarrd Longenen lanekin areagotuko du Guggenheim Bilbao Museoak bere Berezko Bilduma, gaur arratsaldean bertan izandako bileran, Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L. delakoak, artista hauen lanak erostea onartu eta gero.
Guztira, sei dira Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bilduma ugaltzera datozen lanak: Juan Usléren Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport), (2001-02); Pablo Palazueloren Circino XXXVI (2002), Circino XXXVII (2002), Zeinua I (2002); Harresi-hiria (2000-01), Miquel Navarrorena eta Richard Longen Bilboko Zirkulua (Bilbao Circle) (2000)
Belaunaldi eta joera ezberdinetakoak badira ere, erosi zaizkien obrak, nazioarteko arte esparruan onespen sendokoak diren lau egileek orain dela gutxi sortutako lanak dira kasu guztietan.
Hala da, zalantzarik gabe, nazioarteko arte-panorama garaikidearen baitan pintorerik nabarmenetarikoa izanik, gaurtik aurrera bere lana Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bilduman izango duen Juan Usléren ( Santander, 194) kasuan. Aipaturikoak, abstrakziotik zuzentzen du bere begirada inguruko mundurantz. Artistaren beraren hitzetan: “Baliteke pinturaren praktika justifikatzen duen egiarik ez izatea, baina pinturak bitarteko gisa duen izaera horretatik eratorririko beharrezko zentzu bat badela uste dut nik” Eta hori da sentipenaren eta arrazoiaren arteko elkarrizketa ezkutu hori badela berronesten didana. Nemok zioen: ‘begia burmuina da’. Ba al da oihal baten gainean pintatzea bezain garbia eta gardena, berehalakoa eta sortzetikoa den baliabiderik? Ba al da eskulana eta adimenaren erabakia hain nabarmen uztartzen dituen prozesurik?”.
Juan Uslék, bere ibilbide osoan zehar, paisaiaren, begiaren eta burmuinaren arteko harremanaren esanahiei buruzko galderak egin dizkio bere buruari. Bere artelan guztietan ere, errealitatearen eta pertzepzioaren artean mantentzen denari buruzko itauna egiten du.
Bere obran Ipar Amerikako espresionismo abstraktuari buruzko erreferentziak, Mark Rothko, Jackson Pollock, Willem de Kooning, Franz Kline edo Robert Motherwell gisako pintoreei buruz eginikoak eta Erromantizismoari buruzkoak nahasten dira. Erromantizismoa, zehaztugabea eta aldakorra den zerbaiten bilaketa gisa ulertzen du. 1987. urtean New Yorkera aldatu zenetik, hiri handiko erritmo zorabiagarrian erdizka ikusten diren formen eta ikuspegi horretan urtu egiten den ni-aren arteko etengabeko elkarrizketaren bidez osatzen ditu artelanak.
Aipatzekoa da artistak argazkigintzarekiko duen interesa. Artistak berak adierazten duenez, jatorrizko mailan mantendu nahi du baliabide honen miaketa; bitarteko honek pertzepzio-tresna gisa eta kanpoko munduari buruzko oharrak jasotzeko duen xarma gal ez dezan: “Argazkiak ikerketaren gogortasuna samurtzen du eta kaleko bizitzarekiko igurzketa erraztu egiten dit”.
Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport) 2001-02 artelanak, hamaika pintura indibidualek osaturiko obra-multzoa du jatorri. Artelan hauetan, pintura-elementuak oinarri izanik garatzen dira irudiak; argiaren mende dauden pintzelkada lodiak oinarri izanik. Elementu hauek erabiliz erritmoak eta koloreak ordenatu eta ametsezko paisaia abstraktua sortzen da. Irudiaren lirismo inguratzaile honetan, bere kezkarik nagusienak laburtzea lortzen du Juan Uslék:
- Iraupena, denboraren neurria. Artelanean ahalik eta denborarik gehiena sartzeko eta geldiarazteko saiakera.
- Bizitako, esperimentaturiko espazio bat adimenekoa, irudikaturiko den beste batekin alderatuz espazio (pantaila) bat artikulatzeko saiakera.
- Eta zatikaturiko Pertseoaren irudiari gehien lotzen zaiona: arintasuna eta pisuaren galera.
Juan Usléren Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport) 2001-02, Miquel Navarroren Harresi-hiria (2000-01), eta Pablo Palazueloren Circino XXXVI (2002), Circino XXXVII (2002), Zeinua I (2002), hiru laneko multzoaren eskuratzeaz, Museoak, bere erosketa programa hasi zuenez geroztik, nazioartean nabarmentasun eta proiekzio handiena lortu duten artista espainiar eta euskaldunenganako izan duen interes berezia sakontzera dator. Izan ere, Museoaren Berezko Bildumak dagoeneko biltzen dituen 44 artistek sortutako 70 lanetatik, 27 arte-lan Museoren Bilduman lana daukaten Estatu esparruko edo Euskal Herrikoak diren 16 sortzaileei dagozkie, besteak beste , Eduardo Chillida, Txomin Badiola, Cristina Iglesias, Javier Pérez, Antoni Tàpies, Juan Muñoz edo Miquel Barcelori hain zuzen, bakar batzuk aipatzearren.
Pablo Palazuelo (Madrid, 1916) bere aldetik, oraingo honetan Museoaren Berezko Bildumaren parte izatera datozen lau artisten artean aspaldikoena da eta abstrakzio geometrikoa lantzen duen pintore espainiarrik nabarmenena da. 1947-48 urteen artean bere lehen marrazki abstraktuak egin zituen. Marrazki hauek konstruktibismoaren premisen baitan kokatu ziren, ondoren abstrakzioan murgiltzeko. Abstrakzio honen muina espazio kosmikoen eta psikikoen legeen ikerketa egitean datza. Bere obraren adierazgarri den lerroen, koloreen eta espazioaren antolamenduak aditzera ematen duen sinpletasun-itxurak, ez dizkigu formari loturiko kezkak igortzen; izpirituari loturikoak baizik.
Palazuelok Arkitekturaren diziplina izan zuen hezibide, hots, bere obran agerian gelditzen den formen eta bolumenen espazio-ordenazioa. Bere pintura- nahiz eskultura-ikerketek geometria dute oinarrizko argudio; zeinu grafikoak musikarekin lotzeko baliagarri izan zaizkion kode geometrikoak. Planteamendu honen baitan, “musika”-koadro mordoa egin du. Berak argitaraturiko grabazio batean, gainera, pintura-zeinuak, zenbakien osaera oinarri izanik, soinudun zeinu bilakatzen dira.
Goiztiarragoak diren bai Palazueloren eta baita Miquel Navarroren , New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazioak dituen bi arte lanek, Bariazioak (Variations), artista madrildarrak 1951-ean sortutakoa eta Zilindroa, 1974-77 (Cylinder), Valentziako sortzailearena, artista bion eginkizunean sakontzeko aukera eskainiko dute.
Miquel Navarro (Mislata, Valentzia, 1945) gaur egungo Espainiako eskulturaren baitako ahotsik pertsonalenetarikotzat hartzen da. Aipaturikoak ibilbide aipagarria izateaz gain, proiekzio nabaria du nazioartean.
Miquel Navarroren obrak korronte minimalistak eta kontzeptualak gainditzen ditu eta eskultura egiteko modu berria hartzen du bere gain. Valentziako artista honek hirurogeita hamarreko erdialdean eman zion hasiera bere arte-jarduerari pintura eta marrazketa landuz, eta bere instalazioek aditzera ematen dutenez eskulturari buruzko ikuspegi plurala dauka. Eskultura ez dago ikonografiari edo narratibotasunari loturik, ezta eduki formalen miaketa eta ikerketa egiteari bakarrik ere. Hiriko ehunean, hirietan, inspiraturiko eskultura-mota sortu du: bere lehen Hiritik (1973-74) hasi eta gaur egun arte, alda daitezkeen elementu txikien instalazioa eta eraikuntza eginez paisaia eskultorikoak sortu ditu, eta bere eskultura hiriko paisaiaren esperientzia da.
Miquel Navarroren obran, hiriko paisaia gogoetarako leku gisa ulertzen duen kontzeptua lantzen da. Bere obran kaosaren kontrakoa den dardararen, bizitza-taupaden kontzeptua agertzen da eta ikusleak bere konfigurazioan parte hartzen du; bere errealitate propioaren, bere egitura propioaren bidez bidaia egitera kinaturik dagoena. Artistak berak dioenez “nire hirietakoren bat proposatzen dudanean, egia esan, piezak berberak badira ere, inoiz ez dute disposizio energetiko bera izaten. Beti dago giza gorputzarekin erlazionatzen den oinarri bat hiri horietan. Bertikala, esaterako, giza forma gogora ekartzen duena da. Dorreei dagokienez, berriz, ez dut “ni” poetikoa zein den eta gizartearen edo kolektiboaren solaskidea zein den garbi definitzeko interes handirik. Nire bizitzako esperientziak dentsitatea gehitu dio, intuitiboki batzuetan, erreflexiboki edo kulturalki besteetan, “hiriari” buruz egin nuen lehen irakurketari.
Navarroren hiriek ideiak alderatzeko espazioak sortzen dituzte. Bere ibilbide artistikoan, Navarro, espazioari buruzko nozioa, tokien eraikuntzari buruzkoa eta gizatiarra eta hiriko neurri berezia den gorputzari buruzkoa berrikusteko proposamena egiten aritu da.
Harresi-hiria, 2000-01 Miquel Navarroren ibilbide artistikoko artelanik adierazgarrienetarikoa da. Artelan honetan arkitekturaren eta eskulturaren arteko dialektikari buruzko bere diskurtso osoa laburtzen eta islatzen du gaiaren konplexutasun osoa barne hartuz. Gaurtik aurrera Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko bildumakoa den Miquel Navarroren obra honek, zein Richard Longen Bilboko Zirkulua (Bilbao Circle) (2000) lanak , era nabarmenean eta neurriari buruzko erreflexio eskultorikoaren ikuspuntutik , Museoko espazioekin elkarrizketa zoragarria sortarazteko aukera ezin hobea eskainiko dute.
Richard Long, Ingalaterran kokaturiko Bristolen jaio zen 1945. urtean. Gerra ondoko funtsezko artisten artean dagoen Richard Longekin Guggenheim Museoek aipagarria den harremana du. Bere lan ugari daude Panza Bilduman eta 1986a orduko Solomon R. Guggenheim Museoak atzera-begirako erakusketa eskaini zion.
Richard Longek egunak eta asteak eman ohi ditu oinez bere artelanak sortu ahal izateko. Ehunka kilometro egin ohi ditu gustuko dituen pasaia bakarti, ukitu gabe eta atsekabegarrietan barrena: Ingalaterrako landazabaletan, Nepaleko mendietan edo Afrikako lautadetan. Bidaiatzen ari dela, Longek eginkizun jakinak jartzen dizkio bere buruari, bidean zehar bilatzen dituen material xumeekin - harriez, adarrez, buztinaz, pinu-orratzez- eskulturak sortuz, paisaiaren baitan ekintza gauzatzen duelarik artistak. Bere obran funtsezkoa dena ibiltzea bera da, bere bidaiak dokumentatzeko dimentsio handiko argazki, mapa eta termino deskribatzaileen zerrenden bitartez dokumentatzen dituen arren. Aitzitik, Longen ohiko motibo diren zirkuluak edo lerroak egiten ditu, lurraren aurka marruskatuak edota etengabeko oinkaden eraginez belarretan sorturikoak nahiz harriak, egurra edo algak erabiliz eginak izan daitezkeenak, azkenean haizeak, euriak edota mareek desegiten dituztelarik, modu honetan gizakiak naturaren gain duen nagusitasuna ukatuz. Longen argazkiak dira eskultura organiko hauen froga bakarra behin erosioak desegin eta gero.
Longek paisaian bizitako bere esperientzia pertsonalak kokapen jakineko barrualdeetarako eskultura eta buztinezko horma-iruditara ere badaramatza. Eskultura hauek bere bidaietan harturiko bideen metafora bihurtzen dira: espiralak, zirkuluak eta lerroak, erakusketako espaziotik harantzago zabaltzen direnak, artistak oinez eginiko distantzia errealen adierazgarri izango lirateke. Eskultura hauek ez dira, hortaz, naturaren beraren irudikapenak, Longek paisaiarekin duen konpromisoaren dokumentu estetikoak eta lurraren handitasunari buruzko oroipen poetikoak baizik. “Artelanaren helburua ez da edertasuna irudiztatzea... ibilbidearen ideia, ahalik eta modurik gardenean, ematea baizik”.
XX. Mendeko Eskultore Haundiak izenburupean 104 zenbakidun aretoan dagoen erakusketan une honetan ikusgai dagoen Bilboko Zirkulua (Bilbao Circle, 2000), Richard Long izenburupean bere lan bi aurkeztu zituen Bilduma Iraunkorraren Richard Long izeneko Bilduma Iraunkorraren aurkezpenerako sortu zuen artistak obra hau, lanaren izenak berak agerian uzten duenez, Bilboko Zirkulua (Bilbao Circle, 2000) lanak azpimarratu egiten ditu Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura bereziak erakusten dituen forma eta material organikoak. Honela bisitariak lurretik, zein gainetik ikusi ahala eskultura eta museoaren arteko arkitekturaren arteko neurri eta perspektibaren inguruan sortzen den elkarrizketa nabarmendu dezake. Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bildumarako bereziki sortutako Richard Serraren Sugea edota Jenny Holzerrren Bilborako Instlakuntza lanak bezalaxe Zirkulua (Bilbao Circle, 2000), Museoan irakurketa berezi eta errepika ezina eskaintzen du .
Lana, 1.300 cmko diametroa neurtzen duen zirkulua, Cornwall-eko Delabole-en dagoen Ingalaterrako arbel-harrobirik zaharrenetik jasotako arbel-harriez osotuta dago. Eskultura inguratuz, ikusleak artistak eginiko pausuak ekar ditzake gogora partzialki. Goitik ikusita, artelanek galsoroetako marrazki misteriotsuak edota Stonehenge gisako historiaurreko harrizko formazioak ekartzen dituzte gogora, beste munduko esku-hartzearen adierazgarri diruditenak. Longen artelan guztiek gizakiaren eta paisaiaren arteko harreman espiritualagoa mantentzen duen garaia oroitarazten dute. Bilboko Zirkulua eta bestelako artelanetako harrien antolamenduak —zorizkoa eta arretatsua dena era berean— eta instalazio bakoitzean zertxobait aldatzen denak (hirurogeita hamarreko hamarkadan Long ziurtagiri edo argibideak idazten hasi zen beste pertsonek jarri ahal izan zitzaten),eredu dinamikoa sortzen du eta William Morris-en diseinuak oroitarazten ditu. William Morris naturaren eta landatar bizitzaren edertasunari buruz ziharduten artelanak egiten zituen artista ingelesa zen. Aipaturikoak industria-produkzioko baliabideak erabiltzen zituen sarritan horretarako.