Prentsa oharra

Eskuraketa: Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia eskultura

Guggenheim Bilbao Museoak 3.500.000 eurotan erosi du Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia eskultura

Patronatuaren bilera baino lehen, Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Tenedora batzartu da. Horretan onartu egin da Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree &The Eye, 2009) eskultura erostea.

 Zuhaitz garaia eta begia Museoko urmael batean instalatu zen 2010ean, artista horri eskainitako atzera begirakoa zela eta. Altzairu herdoilgaitzezko 80 esferek osatzen dute; islatzaileak dira esferak, eta ausaz kokatu direla ematen du. Nolanahi ere, ez da hala, eta oreka harrigarria gordetzen dute; hiru ardatzen inguruan kokatu zituen artistak, azalera islatzaileak argi-ilun eta bolumen-espazio jokoak sor ditzan. Joko horien bidez aditzera eman nahi du ikusizko mundua ezegonkorra dela, eta denbora eta espazioa geldi eta alda daitezkeela. Era berean, Museoa (eraikina) eta ondotik igarotzen diren pertsonak artelanean islatzen dira, eta, ondorioz, leundutako forma biribiletatik mugitzen diren irudiak sortzen dituzte; gauzak eta haien itxura aldakorrak direla adierazi zuen modu horretan artistak, nonbait. Artelan handia da, konplexua —horrelako egitura bat sortzeko kalkulu matematikoak korapilatsuak dira— , baita astuna ere; alabaina, arina ematen du.

Altzairu herdoilgaitzezko lan hau 3.500.000 eurotan erosi da. Urmaelean betiko instalatuko da lana, baina horretarako Museoak eskultura urmaeletik kenduko du hurrengo hilabetetan, hari eusten dion oinarria sendotzeko. Halaber, lanak eguratsaren baldintzak behar bezala jasango dituela ziurtatzeko, artistak tratamendu bat emango dio.

Bildumara lan hau txertatzeak Europako eta AEBko artelanez gain beste lurralde batzuetakoak izatea dakar. Gainera, horrela sakondu egingo da egungo eskulturen eta ikuslearen, inguruaren eta kokagunearen artean dagoen erlazioan.


Anish Kapoor

Anish Kapoor (Bombay, 1954) Londresen bizi da eta bertan lan egiten du —han ikasi zuen—. 1980ko hamarkadaren bueltan egin zen ezagun, Ingalaterrako eskultura garaikidea berritzen ari ziren artista-talde baten kide zela. 1990ean Erresuma Batuaren ordezkari izan zen Veneziako Bienalean, eta Duemila saria jaso zuen (artista gazte onena). Hurrengo urtean izen handiko Turner saria eman zioten.

Bere belaunaldiko artista gailenetako bat bihurtu da Anish Kapoor azken 30 urteetan. Materiaren, formaren eta abstrakzioaren inguruko azterketak eta berritasunak uztartzen ditu bere artelanetan, eta formaren, espazioaren, koloreen eta materialen etengabeko ikerketa horiek egungo eskulturaren mugak zabaldu dituzte. Masaren eta hutsaren, sormenaren eta suntsipenaren, mugimenduaren eta ez-egotearen arteko aldeak agerian jartzen dituzte Kapoor-en eskulturek, instalazioek eta gune publikoetarako proiektuek, eta halaxe bihurtzen dira topagune eta ikusizko munduaren ezegonkortasunaren adierazle.

Askotariko materialak lantzen hasi zen Kapoor 1970eko hamarkadan: testura askoko materialak, material islatzaileak, pigmentu hutsa, argizari gorria, beira-zuntza eta, oraintsu, zementua. Gune publikoetan artelanak egitea haren jardunaren alderdi garrantzitsua da; izan ere, publikoak gehien txalotu dituen artelanak dira horiek. Horren adibide dira Chicago-ko Millennium Park-en dagoen Hodeietarako atea (Cloud Gate), New Yorkeko Rockefeller Center-en 2007an ipini zuen Zeruaren ispilua (Sky Mirror) eta Zuhaitz garaia eta begia; horietan hiriko eskultura erraldoiak sortzeko duen interesa nabari da. Oraindik orain, Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetarako eskultura monumental bat egiteko hautatu dute Kapoor.

 

Guggenheim BilbaoMuseoaren inguruko informazio guztia eskuragarri duguwww.guggenheim-bilbao.eus webgunean (prentsa-eremua).

 

 

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.