Prentsa oharra

Eskuraketa: Aletz Katz artistaren Irribarreak saileko 11 lan

Museoak Aletz Katz artista estatubatuarraren Irribarreak (Smiles) saileko 11 lan eskuratu ditu

Patronatuaren bilera baina lehen, Sociedad Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.-k onetsi egin zuen Alex Katz artista estatubatuarraren 11 pinturako sailaren eskuraketa, Irribarreak (Smiles) izenekoa eta 1993–94 artean egindakoa.

Sail hori 1.700.000 dolarean eskuratu da, eta emakumeen 11 erretratu dira. Hondo oso ilun bat dute, eta emakumeek irribarre egiten dute. Modeloetako batzuk Katz-en inguru hurbilekoak dira, hala nola, artistaren, emaztea eta lagunak; horiek erraz ezagut daitezke, pertsonaia ospetsuak baitira, eta, horrenbestez, ohituta daude ikusle liluratuen begiradari —horren adibide dugu Lauren Hutton—. Beste batzuk, aldiz, ez dira “ezagunak”, baina Katzen pintzelkadak nabari egiten du haien xarma. Pintura-multzoak hainbat atalez osatutako iragarki-panel bat ematen du ia. Ikusgai dagoen espazioan gailentzen da, frisoa eraikin klasiko batean gailentzen den moduan; eta, ondo eramaten du kalean ausaz aurkitutako zerbaiten plazera museo baten barrura. Hartara, Katzek erakusten eta ziurtatzen digu badagoela pintura figuratibo erraldoiak egiterik funtsezkotik arreta galarazten duten heroismo erretorikorik gabe.

 

Alex Katz

Errusiar immigranteen seme Alex Katz Brooklyn-en, New York-en jaio zen 1927an, eta haren belaunaldiko artista esanguratsuenetako bat da. Cooper Union School of Art (1946–1949) arte-eskolan eta Skowhegan School for Painting and Sculpture (1949–1950) eskultura- eta pintura-eskolan trebatu zen. 27 urte zituela, 1954an, egin zuen lehen bakarkako erakusketa New Yorkeko Roko Gallery galerian, eta bertan estilo “zuzen”eko lanak, txikiak eta pintzelkada askez egindakoak aurkeztu zituen; lanok haren ibilbidearen ildo nagusi bat aurreratu zuten: erretratua. Hamarkada horretan, 1950ekoan, hain zuzen, bilakatu zen haren pintura: teknika eta irudiak gehiago zehaztu zituen, eta, izan ere, horrexek dira haren bereizgarri nagusiak.

Tamaina handiko eta estilo “lau”ko lanak egiten hasi zen 1960ko hamarkadan; horietan irudiak paisaia abstraktuen eta hondo monokromoen aurrean jartzen zituen: estilo lau hori egun harengan ohikoa da. Mihiseen tamaina handitu neurrian handitu zen konposizioen konplexutasuna, eta, antzerki munduan murgildu zenean gainera, eskalarekin eta konposizioarekin esperimentatzeko bestelako aukerak izan zituen; izan ere, esperimentazio horiek gero haren pinturetan txertatu zituen.

Formatu handiak ikertzen segitu zuen 1970eko hamarkadan; izan ere, haren lanik handienetako batzuk orduantxe sortu zituen. Era berean, agindu bereziak jaso zituen, hala nola, Times Square gurutze-bidean kanpoaldeko horma-irudi bat sortzea. 1980ko hamarkadan estiloa aldatu zuen berriro ere, eta itxura sintetikoko paisaia zabal-zabalak egiten hasi zen. Azken hamarkadako lanek ezaugarri abstraktuagoak dituzte, eta figurazioa azalera osoaren leku txiki bat baino ez du hartzen.

Figurazioa ulertzeko eta jorratzeko modu berezia dela eta, Katz gai izan zen irudikatze eremuan “errealismoa”ren inguruko interes berriari aitzina hartzeko, Espresionismo Abstraktua nagusi zen garaian eta Pop Artea loratu baino lehen.

Sail hori Guggenheim Bildumara gehitzean aberastu egiten dira 1950etik pinturak hartutako bide anitzak agertzen dituzten funtsak. Halaber, 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadaren hasieran lanean hasi ziren AEBko artisten aukeraketa esanguratsua ere osatzen da; esaterako, Robert Rauschenberg, Andy Warhol eta James Rosenquist. Gainera, Guggenheim Instituzioen funtsetara gehitu zaion artista horren lehen lana da.

Bilbon, 2011ko abenduaren 20an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.