Prentsa oharra

The Otolith Group. O Horizontea

  • Datak: 2022ko ekainaren 23etik urriaren 2ra
  • Komisarioa: Manuel Cirauqui
  • Film & Video aretoa (103)

2022ko ekainaren 23tik urriaren 2ra, Guggenheim Bilbao Museoak The Otolith Group: O Horizontea izango du ikusgai, urteko bigarren erakusketa Film & Video aretoan. Museoak bideo-artearen, ikus-entzunezko instalazioaren eta mugimendudun irudiaren funtsezko piezak aurkezten ditu areto horretan.

Oraingo hau anbizio handiko ikus-entzunezko instalazioa da, Anjalika Sagar eta Kodwo Eshun artistena. The Otolith Group osatzen dute biek: antropozenoa, afrofuturismoa, teoria kritikoa eta zientzia fikzioa interpretatzeko duen modu bereziagatik nabarmendu eta arte garaikidean eta saiakera filmikoaren eboluzioan funtsezko erreferentetzat hartzen den taldea. Literaturako Nobel Saridun Rabindranath Tagorek 1921ean Santiniketanen (Mendebaldeko Bengala, India) sortu zuen Visva Bharati eskolan oinarritzen da 2018ko O Horizontea (O Horizon) filma. Obrak naturari eta planeta zaintzearen premia biziari buruz hausnartzera gonbidatzen du. Tagore autore unibertsalista, hezitzailea eta erreformista soziala zen, eta India independentziarantz eta eraldaketa kulturalerantz gidatzeaz gain, gure orainaldi globalizatuaren gakoetako batzuk aurreratu zituen, besteak beste, ingurumenaren zaintza, erradikaltasun nazionalisten mehatxua eta kontserbazioaren aldeko belaunaldi arteko transmisioaren garrantzia.

Erakusketaren muina den O Horizontea piezak Visva Bharati eskolako eguneroko bizitza erakusten digu bertan egiten diren dantza, entsegu eta erritualak, barnealdean eta aire zabalean ematen diren eskolak, kutsu mistikoa duten abestiak, hizketaldi eta jolasak, eta animalien begiradak zein paisaia naturalak biltzen dituen ibilbide erdi dokumental erdi poetiko baten bidez. Errezitazio poetikoa eta performancea floraren behaketarekin, adituen elkarrizketekin eta lekuaren ikuspegi panoramikoekin batzen dira. Xehetasunez behatzen dira Santiniketanen nortasunaren bereizgarri diren muralak eta eskultura publikoak, eta komunitatearen egunerokoan erabat presente dauden gailu digitalak eta haien pantailak ere agertzen dira aldizka.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.