- Datak: 2022ko martxoaren 10etik ekainaren 12ra
- Komisarioa: Manuel Cirauqui
- Film & Video aretoa (103)
2022ko martxoaren 10tik ekainaren 12ra, Guggenheim Bilbao Museoak Monira Al Qadiri. Laurden sakratua izango du ikusgai, 2022ean Film & Video aretoan egingo den lehenengo erakusketa. Areto horretan, hainbat diziplinatako funtsezko piezak jartzen ditu erakusgai Museoak: bideo-artea, ikus-entzunezko instalazioak zein mugimendudun irudia arte-hizkuntza gisa darabilten lanak.
Oraingo honetan Monira Al Qadiri (1983) artistaren bideo- eta eskultura-instalazio bat izango da ikusgai. Al Qadiri kuwaitarra da, Senegalen jaioa eta gaur egun Berlinen bizi dena, eta haren lanak, era askotako euskarrien bidez, historia kolonialaren alderdi ezezagunak, petrolioaren kultura eta identitateen eraikuntza ikertzen ditu Ekialde Ertaineko testuinguruan. Ikerketa hori interes geoestrategikoak bertako energia-baliabideekin estu lotuta dauden eskualde batean kokatzen du, non batera gertatu diren tokiko bizimoduen eraldaketa erradikala eta planetako ekosistemen gainean industria izaten ari den eragin gero eta bizkorragoa. Lurreko tenperaturarik altuenak izan ohi dituzten paisaia hareatsu haietan potentzial narratiboak aurkitzen ditu artistak, historiaurreko iraganera ez ezik, planetaren gehiegizko berotzea eta basamortutzea nagusi izango dituen eta hipotetikoa izatetik gero eta urrunago dagoen etorkizun batera proiektatzen gaituztenak.
Orain dela gutxi sortu duen Laurden sakratua (Holy Quarter, 2020) obrak ibilbide oniriko batera eramaten gaitu enklabe zabal-zabal baten bitartez: Rub al-Khali izeneko basamortua, Saudi Arabia, Oman, Arabiar Emirerri Batuak eta Yemen artean kokatua. Filmean, aireko irudien sakontasuna haren soinu-bandarenarekin baino ezin konpara daiteke; azken hori artistaren ahizpa eta ohiko kolaboratzaile den Fatima Al Qadirik konposatua da.