Prentsa oharra

Metahaven: Kaosaren teoria

    • Datak: otsailak 22–ekainak 9, 2024
    • Komisarioa: Manuel Cirauqui
    • Film & Video aretoa (103)

2024ko otsailaren 22tik ekainaren 9ra, Guggenheim Bilbao Museoak Metahaven: Kaosaren teoria hartuko du, aurtengo programazioan Film & Video aretoan estreinatuko den lehen erakusketa. Areto hori bideo-arteari, ikus-entzunezko instalazioari eta mugimendudun irudiari eskainia da, eta 2024 honetan betetzen du bere hamargarren urteurrena.

Oraingoan, Amsterdamen bizi diren Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistek 2007an sortutako Metahaven kolektiboaren film-instalazio berezi bat izango da ikusgai. Egungo diziplinarteko praktiken aitzindaritzat hartzen da Metahaven, izan ere, askotariko baliabideak jorratzen ditu, besteak beste, mugimendudun irudia, diseinu grafikoa, erabiltzaile-interfazeak, ehungintza eta diskurtso teorikoa.

Kaosaren teoria lanean, giza harremanek mundu hiperkonektatu honetan duten konplexutasuna aztertzen du Metahavenek. Izan ere, bizi dugun munduan kalkuluz eta iragarpenez josia dago une bakoitza, baina, hala ere, etengabe agertzen dira ezustekoak eta gauza gertagaitzak, eta horrek egoera berrira egokitzera eta bere burua eraldatzera behartzen du jendea. 25 minutuko filmak haurren ikuspegia erakusten du, eta ‘X’ izeneko neskato baten eta ‘Y/Z’ izeneko emakume baten arteko elkarrizketa- eta bizikidetza-momentuen inguruan garatzen da. Bi pertsonaien arteko senidetasuna ez dago zehaztua; samurtasuna, babesa eta jolasa dira bien arteko lotura. Beren elkarrizketak oihartzun poetikoz eta hitz-joko burutsuz gainezka daude, eta hiri-periferiako eremu irekietan, ikastetxeko atean edo leku intimoagoetan (igogailu batean, gela batean) gertatzen dira. Leku horiei guztiei kutsu alegoriko eta oniriko nabarmena darie, eta horrek film osoa kutsatzen du esna-aldiaren eta loaldiaren arteko halako jarraipen-sentsazio batez. Jolasaren arintasuna denbora existentzialari eta grabitateari buruzko eztabaidekin tartekatuz, Kaosaren teoria piezak kontakizun ez-lineal gisa dihardu, eta zalantzan jartzen ditu ahotsaren eta pentsamenduaren arteko mugak, leku errealen eta alegiazko guneen artekoak.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.