Max Beckmann eta Errusia! munduko erakusketa ikusienen artean
2006. urtean Guggenheim Bilbao Museoak antolatu zituen Max Beckmann: akuarelak eta pastelak eta Errusia!, erakusketak munduan bisitari gehien jaso dituzten 20 erakusketen artean daude, urtero Londresko The Art Newspaper aldizkari ezagunak argitara ematen duen rankingaren arabera. Zerrenda horretan nazioartean ikusienak izan diren erakusketak nabarmentzen dira.
Izan ere, Max Beckmann: akuarelak eta pastelak erakusketak 5.278 bisitari jaso zituen egunero eta ranking horretako 10. postua lortu du, Dada mugimenduari Parisko Centre Pompidou-n eta New Yorkeko MoMA-n eskainitako erakusketen eta El Pradok antolatutako Picasso: tradición y vanguardia erakusketaren aurretik. Are gehiago, Inpresionismo eta Arte Modernoaren kategorian Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa laugarren postuan dago.
Bestetik Errusia! erakusketak, Errusiako artearen historiaren bederatzi mende aztertzen zituena, zerrendaren 16. postuan dago, eguneko 4.392 bisitariekin, MoMA-n Espainiako arkitekturari eskainitako erakusketaren edo Londresko Tate Modern museoak Kandinskyren inguruan antolatutako erakusketaren aurretik (azken honek 45. postua du).
Horrez gain, Guggenheim Bilbao Museoak antolatutako ArkiEskultura erakusketak laugarren postua lortu du Arkitektura eta Diseinu kategorian, eguneko 2.290 bisitariekin, eta Eskuak adierazpide. Buhl Bildumako argazkiak erakusketak hirugarren postua Argazkigintza kategorian, 2.115 bisitariekin.
Bilbo, 2007ko otsailaren 16a