Prentsa oharra

Jacques Lipchitz-en dohaintza

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOARI DOHAINTZAN ESKAINI DIOTE JACQUES LIPCHITZ-EN ESKULTURA BAT

Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa Guggenheim Bilbao Bildumara gehitu zaio, beraz horretan 63 artisten 103 lan daude

Guggenheim Bilbao Museoak bere bilduman sartu du Jacques Lipchitz-en Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa (Working model for Government of the People, 1967), Jacques & Yulla Lipchitz Foundation-en dohaintza eskuzabalari esker. Lan hau Lipchitz-en proiektu publiko adierazgarrienetako baten estudiorik osoena da: Filadelfiako hiriak udaletxeko plazan haren eskultura bat jarri nahi zuen eta 1967an aginduz eskatu zion Herriaren gobernua (Government of the People ) lan monumentala egiteko.

Dohaintza hau BBKren laguntzari esker gauzatu da eta Guggenheim Bilbao Bilduma osatu eta aberasten du. Izan ere, Lipchitz eskultura modernoaren aitzindari izan zen eta diziplina horren bilakaeran nabarmen eragin zuen XX. mendeko bigarren zatiaz geroztik. Hala, jadanik Bilduman diren Chillidaren eta Oteizaren lanei gehitzen zaiela, Bildumaren eskultura-gorputza indartu eta horren testuingurua zabaltzen da.

Lan hau Lipchitzen azkenetako bat da, igeltsuzkoa, artistaren sormen-prozesua ulertzeko oinarrizko materiala. Bada, oraintsu argitaratu den igeltsuzko lanen katalogo arrazoituan agerian utzi du Kosme de Barañano-k, egileak, material horrek zer garrantzia duen: “ Igeltsuak brontzezko lanen moldeak egiteko erabiltzen dira, baina, hain zuzen, igeltsuetan dago artistaren aztarna zuzena, pertsonalena. Alabaina, igeltsuzko 400 lan baino gehiago ekoiztu zituen Lipchitzek.

Esan bezala, lan hau Herriaren gobernua eskultura monumentalerako egin zituen estudioetatik, zazpi guztira, osoena da. Izenburuak iradokitzen duen legez, politika eta gizalege izaera nabaria du: lan egiteak eskatzen duen ahalegina, legea eta ordena, eta moralaren baloreak adierazten ditu. Kosme de Barañanoren hitzak berriro hartuta: Lan honek Lipchitzen zenbait ardura biltzen ditu: lanerako espiritua, legearen hegemonia eta moralaren balioak batu nahi zituen eskultura monumental batean. Totem erraldoi baten gisakoa da, baina arreta handiagoarekin begiratzen badiogu, ohartuko gara pertsona talde bat dela: batak besteari eusten diote eta bikote batek osatzen duen oinarritik gora, giza-gorputzen piramide bat osatzen da, kiribil itxura duena. Horrelako irudiak dituzten lanak, non gorputzak masa bihurtzen diren eta beraz hodei, txori eta abarren itxura hartzen duten, ohikoak dira Lipchitzen ibilbidean eta ez dute irakurketa errazik; buruari eragin behar zaio. Horrez gain, Itun Zaharrari eta greziar mitologiari ere so egiten zien eta horien irudiak, elkartrukeak, bikoizketak erabiltzen zituen”.

Jacques Lipchitz XX. mendeko eskulturaren maisutzat hartzen da. Bere ibilbide emankorrean zehar
bizitza pertsonalaren inguruko sentipenak adierazteaz gain, gertaera historiko erabakitzaileei ere heldu
zien, hala nola, nazien Alemanian Hitlerrek boterea hartzeari, holokaustoari, Espainiako gerra zibilari,
Israelgo Estatua sortzeari, eta abar. 1915 eta 1925 artean sortu zituen lan kubistek eta 1920ko eta 1930eko hamarkadetako “lan garden”ek ezagun egin bazuten ere, amaierako lanek argi uzten dute guztiz askea eta zintzoa zela, ez zitzaiola inolako estiloari lotzen.

Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa 1997az geroztik Guggenheim Bilbao Museoari egin
dioten hamaikagarren dohaintza da. Besteen moduan, Lipchitzen eskultura kalitate eta adierazgarritasun handiko lana da eta Bildumaren ildoei egokitzen zaio. Egun, bada, 63 artisten 103 lan daude.

Lipchitzen eskultura lehenbizi aurkeztuko da otsailaren 16an, Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak erakusketa irekitzen den egunean; izan ere, horretan ikusgai izango da. Erakusketa hori Guggenheim Bilbao Bildumaren lanez besterik ez osatuta dagoen lehena da.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.