Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak eta Jenny Holzerrek Museoaren Bildumari gehituko zaion errealitate areagotuko obra bat ¬aurkezten dute

Guggenheim Bilbao Museoak LIKE BEAUTY IN FLAMES aurkezten du, Jenny Holzer artista estatubatuar ospetsuaren obra berria, errealitate areagotuaren (EA) baliabidera eramaten duena Holzerrek hizkuntzan oinarrituta egiten duen arte berezia. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako propio sortutako artelan paregabea mugikorrerako diseinatutako berariazko aplikazio baten bidez bistaratzen da, eta hiru esperientzia desberdin aurkezten ditu EA teknologia baliatuta: kokapen zehatzeko bi obra, Guggenheim Bilbao Museoaren arkitekturarekin elkarrizketan; eta hirugarren bat, munduko edozein lekutatik aktibatzeko modukoa. LIKE BEAUTY IN FLAMES teknologia berriaz baliatzen da Holzerren praktikarik gailenenari jarraitasuna emateko: hausnarketara eramaten gaituzten testuak espazio publikoan kokatzea, modu demokratiko eta irisgarrian.

Hemendik aurrera, Holzerren errotulu argidunen EA bertsioa ikusiko dugu Museoko Atrio nagusian barrena, kurbatuz eta espiralean biratuz doan zutabe batean Truismoak agertu ahala, ingelesez, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez agertu ere. Museoko hiru solairuetako bakoitzak esperientzia desberdin bat eskaintzen du, LEDak eraikinaren arkitekturarekin duen interakzioa aldatu egiten baita behatzailearen ikuspuntuaren arabera.

Kanpoaldean, Museoaren inguruan kokatutako bost gunetatik datozen EA proiekzioak fatxadaren gainean agertuko dira, Holzerrek bere Zera deskribaezina atzera begirako erakusketarako sortutako For Bilbao (2019) obra monumentalaren oroipen birtuala balira bezala. Artistak EA proiekzioetarako aukeratu dituen testuak beste autore batzuenak dira. Izan ere, obraren titulua, LIKE BEAUTY IN FLAMES, Anna Świrszczyńska idazle poloniarraren “Edertasuna hil egiten da” (ingelesez, “Beauty Dies”) poematik hartua da; Holzerrek ikuskizun immaterial bihurtutako testu ugarietatik bat da hura ere.

Obraren azken osagaiak aukera ematen die erabiltzaileei, dauden tokian daudela, Holzerren Truismoak espazioan nola itxuratzen diren ikusteko. Aukera berri horrek irudikatu egiten du Holzerren praktikak bere ibilbide osoan zehar osatu duen muina: hitza espazio publikoan kokatzea, hausnarketari eta kontenplazioari bide emateko.

Deskargatu PRENTSA-OHARRA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.